Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak EH Bilduren zerrendak aztertuko ditu

Dignidad y Justiciak eskatu dio fiskaltzari ikertzeko ea Auzitegi Nazionalak zigortutako hautagaiek inhabilitazio zigorrak bete dituzten. 

Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
2023ko maiatzaren 12a
17:40
Entzun

EH Bilduren zerrenden auzian urrats bat gehiago egin nahi du Dignidad y Justicia elkarteak, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari aurkeztu dio kasua. Hura afera ikertzen ari da, helegite bat aurkezteko aukerarik baden zehazteko, nahiz eta zerrendek tokian-tokiko hauteskunde batzordeen onespena izan.

Covite biktimen elkarteak adierazi zuen ETArekin lotuta espetxeratutako 44 herritar daudela EH Bilduren udal zerrendetan, eta afera hizketagai bilakatu da hauteskunde kanpainan. Horien artean daude «odol delituengatik» espetxeratutako zazpi lagun, elkartearen arabera, baina baita, haien aurkako ebazpen irmorik gabeko zenbait lagun; tartean, Sortuko idazkari nagusi ohi Hasier Arraiz.

Horiek hala, Dignidad y Justiciak auzitegietara eraman du afera, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aztertzeko ea Hauteskunde Lege Orokorra baliatu daitekeen horiek jokoz kanpo uzteko. Zehazki 6.2 artikuluari egin diote erreferentzia. Artikulu haren arabera, ebazpen irmo batekin espetxeratuta dauden herritarrak eta, besteak beste, «terrorismo» delituengatik zigortutakoak ─nahiz eta ebazpena irmoa ez izan─ ezin dira zerrendetan egon. Azken horien kasuan, espetxealditik haratago, debekua balizko inhabilitazio zigorrari lotuta ageri da.

Dignidad y Justiciaren arabera, aurrez ere eman dira inhabilitazio zigorra bete gabe hauteskundeetara aurkeztu diren ordezkari politikoen kasuak, eta halakorik eman ez dela ziurtatzeko eskatu dio fiskaltzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.