Italiako Giroa

Baisen balentria eta faboritoen epelkeria Giroko zazpigarren etapan

Hautagai nagusiak elkarri begira gelditu dira Giroko lehen bukaera malkartsuan. Davide Baisek aukera baliatu du, ihesean.

Davide Bais Giroan lortutako garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko maiatzaren 12a
19:20
Entzun

Gazte apal bat enperadore bihurtu da gaur Campo Imperatoreko helmugan: Davide Bais (Eolo-Kometa). Ihesean egin da handi, bere ibilbideko lehen garaipena lortuta; non, eta aurtengo Giroko mendiko lehen etapa garrantzitsuan. Xumean ameslari, ia ezinezkoa izan arren borrokalari aritu da Bais, Simone Petilli (Intermarche) eta Karel Vacek (Corratec) lagun izanik. Indarrez hustuta iritsi dira Gran Sassoko azken maldetara, eta oinazean gozamena aurkitu du Baisek.

Tropelak onespen osoa eman die iheslariei. Mendietako lehen azterketa zuten faboritoek, eta ez dira aurkeztu ere egin. Bukaeran bi mendate zeuden elkarren segidan, Calascio (13,5 kilometro eta %6ko pendiza) eta Gran Sasso (26,4 kilometro eta %3,4). Hala, azken 45 kilometroak maldan gora egin behar zituzten. Alferrik izan da, ordea. Ia eskutik helduta iritsi dira izen handi guztiak, eta maglia arrosari aparteko arazorik gabe eutsi dio Andreas Leknessundek (DSM).

Egun aproposa zen maila oneko ihesaldi jendetsua osa zedin. Ordea, lau ziklista ausartu dira bakarrik tropelaren gerizpetik ateratzen: Bais, Petilli, Vacek eta Henok Mulubrhan (Bardiani). Goian behean ari zuen euria, eta saldoan jarraitzea hobetsi dute ziklista gehienek. Eguraldiak atertzera egin du, eta aldi berean, handituz joan da iheslarien errenta. Roccaraso zen eguneko lehendabiziko mendatea, eta gailurrera 11 minututik gorako abantailarekin iritsi dira Petilli, Bais eta Vacek. 100 kilometro inguru gelditzen ziren helmugarako, eta behin-behineko liderra zen Petilli [7.49ra zegoen sailkapenean]. Mulubrhan, berriz, bidean gelditu da.

Atzean, DSM taldea ari zen gurditik tira egiten. Banako ilaran jarrita, jo handirik gabe gidatu dute Leknessunden taldekideek multzo nagusia. Apur bat hurbildu zaizkie hiru iheslariei, ia inertzia hutsez bada ere. Amaierako igoera ia amaiezina gelditzen zitzaien. Edozer gauza gerta zitekeen. Haatik, aldea hamar minuturen jirakoa zen. Egoerari bira eman behar zioten tropelean, baldin eta etapa lehiatu nahi bazuten.Bada, lehia pizteko imintziorik txikiena ere ez da izan onenen artean. Erritmo gogaikarria jarri dute, ziklista astun askok jarraitzeko modukoa. Zabal-zabal eginda igo dituzte aldapak. Oso ikuskizun apala izan da parajeen edertasunaren aldean. Hori horrela, geroz eta garbiago zegoen garaipena aurreko hiruen kontua zela.

Petillik bi ahalegin egin ditu helmugarantz bakarrik abiatzeko, bata sei kilometroren faltan, eta bestea 3,5 kilometrora. Vacek estu eta larri ibili da, baina eutsi dio, eta eraso egiten ere ausartu da. Gordean zegoen Bais. Argi jokatu du, eta esprintean indartsuena dela erakutsi. Hiru minutura heldu dira faboritoak, denak elkarrekin, eta Remco Evenepoel (Soudal) buru. Giroko zortzigarren etapa jokatuko da bihar, Terni eta Frossombrone artean. 207 kilometro ditu, eta bukaera hautsia du, hainbat mendate eta muinorekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.