Albistea entzun

Mendiko lasterketak

Irigoienek eta Bellidok irabazi dute Zegama-Aizkorri IX. Kilometro Bertikala

Naiara Irigoien burlatarrak (Nafarroa) eta Jose Antonio Bellido madrildarrak (Espainia) irabazi dute gaur arratsaldean 2023ko Zegamako asteburuko lehen proba, Kilometro Bertikala, 33:10 eta 38:42 denborarekin, hurrenez hurren. Eguraldiaren eraginez, ibilbidea aldatu egin behar izan dute.

Naiara Irigoien, gaurko kilometro bertikalean.
Naiara Irigoien, gaurko kilometro bertikalean. Toño Miranda Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko maiatzak 12 20:17

Zegama dardarka hasi da gaur arratsaldean, Zegama-Aizkorri kilometro bertikalaren bederatzigarren edizioaren aurreneko lasterketa zela eta. Proba kronometratuak aldaketak izan ditu ibilbidean, lurra lokaztu duten euri-baldintza zorrotzengatik. Jose Antonio Bellidok eta Naiara Irigoienek 33:10 eta 38:42-ko denbora egin dute, hurrenez hurren, eta Oriol Cardonaren eta Emelie Forsbergen lekukoa hartu dute probaren palmaresean.

Guztira 235 parte-hartzailek egin dituzte 4,2 kilometroak, 756 metroko desnibelarekin. Azken igoera oso pikoa izan dute baso baten gainean. Lasterketa osoa kronometratua izan da Zegamako plazatik atera eta Itzubiagaraino, bertan amaitu baita Kilometro Bertikala. Zegaman duela egun batzuk egiten ari den euriak kilometro bertikaleko jokalekua lokatzadi irristakor bihurtu du, eta parte-hartzaileek nola edo hala moldatu behar izan dute, bereziki lasterketaren azken zatian, han metatzen baitzen desnibelik handiena (500 metro positibo ibilbidearen azken kilometro eta erdian). Hala eta guztiz ere, ikus-entzuleek gogotik babestu dituzte korrikalariak eta giro bikaina sortu dute helmugan.

Naiara Irigoien pozik zen garaipenarekin: «Iaz asko gustatu zitzaidan eta espero ez nuen bigarren postua lortu nuen Emelie Forsbergen ondoren. Aurten, ibilbidearen aldaketa zela eta, uste nuen kalte egingo zidala, niri gehien gustatzen zitzaidana azken zatia baitzen, harkaitzak, eta aurten, lasterkariagoa izanik, gehiago kostatuko zitzaidala uste nuen. Emozio eta presio handia izan da gora iristea, aurkariak ondoan nituelako, baina orain oso pozik nago eta igandean pentsatzen ari naiz. Maratoia ez da nire distantzia, baina esperientzia bizitzeko eta publikoaren animoak sentitzeko gogo handia dut».

Emakumezkoetan, Malen Osa oñatiar gaztea izan da bigarren eta Silvia Lara hirugarren.

Jose Antonio Bellidok, berriz, hasieran «suziri» bat bezala atera dela adierazi du, hor jo duela enbidoa. «Horri esker, lasterketako azken 15 edo 20 minutuak bakarrik egin ditut eta agian atzetik zetozenak baino lokatz gutxiago izan dut. Ibilbide aldaketak mesede egin didala uste dut, azken zatian nik denbora pixka bat galtzen baitut beti, eta aurten, korrika egiteko tarte gehiago zegoenez, denbora pixka bat atera ahal izan dut eta tarte gogorrenean mantendu. Nire bizitzako lasterketa izan da oraingoz. Zegama Zegama da eta hemen egotea izugarria da. Hodei batean nago»-

Gizonezkoetan, Ïu Net eta Jan Castillo kataluniarrak izan dira bigarren eta hirugarren, igandean Txindokiko kilometro bertikalean nagusitu ziren bi gaztetxoak.

Igandean, Zegama-Aizkorriren 22. edizioaren emanaldi osoa

Igandean, Zegama-Aizkorri lasterketaren 22. edizioaren txanda izango da. Mendi maratoi nagusia lau hizkuntzatan jarraitu ahal izango da zuzenean: Euskal Irrati Telebistan (EITB), Teledeporten, TV3-Esports3 katean, ingelesez eskainiko duen Golden Trail World Serieen youtubeko kanalean eta Zegamako Youtube kanalean.

IX. ZEGAMA-AIZKORRI KILOMETRO BERTIKALEKO PODIUMA

Emakumezkoak
1.- Naiara Irigoyen 38:42
2.- Malen Osa Ansa 39:05
3.- Silvia Lara 39:10

Gizonezkoak
1.- José Antonio Bellido 33:10
2.- Ïu Net 33:14
3.- Jan Castillo 33:54

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. ©XABIER ORMAZABALEN BILDUMA

Oroimenean daukate

Ramon Olasagasti

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...