Ezbeharra

Hil egin da Madrilgo jatetxe bateko sutearen ondorioz larri zen emakumea

Hiru aste zeramatzan Maria Montes getxotarrak erietxean; apirilaren 21ean izan zen sutea. Ezbeharrean bertan hil zen Alexandra Velasco, getxotarra bera ere.

Madrilgo Burro Canaglia jatetxearen ataria, sutearen ostean. VICTOR LERENA / EFE
2023ko maiatzaren 13a
10:48
Entzun

Beste biktima bat eragin du joan den apirilaren 21ean Madrilgo Burro Canaglia jatetxean piztu zen suteak. Maria Montes getxotarra herenegun hil zen, 41 urterekin; hiru aste zeramatzan Madrilgo La Paz erietxeko ZIUn, larri. Erredurak zituen gorputzaren %25ean, baita barne zauri larriak ere.

Ezbeharraren egunean bertan, Alexandra Velasco Montesen laguna zendu zen, 43 urterekin, getxotarra bera ere. Zorrotzaurreko IMQ klinika pribatuan egiten zuen lan; minutu bateko isilunea egin zuten klinikako langileek, Velascoren omenez. Sutean Madrilgo jatetxeko sukaldarietako bat ere hil zen, 25 urtekoa.

Getxoko sei adiskideek juntadizoa egin zuten Madrilen, tarteka egiten zuten bezala; hiru Bizkaian bizi ziren; bi, Madrilen; eta bat, Bartzelonan. Bizkaiko herriko ingeles eskolan ikasitakoak ziren guztiak. Su istripuaren egunean, gainontzeko lau lagunak minik hartu gabe ateratzea lortu zuten lokaletik, irteerako atetik hurbiltago baitzeuden.

Madrilgo erdiguneko Salamanca auzoan dago jatetxea. Suhiltzaileen egoitza bat dago handik gertu, baina sua oso azkar zabaldu zen. Izan ere, plastikozko apaingarriak zituen lokalak, barrualdea oihana zela irudikatzeko. Lekukoek adierazi zutenez, pizza flanbeatu batek eragin zuen sutea. Zerbitzariek su ematen diete pizzaren gaineko osagaiei. Sutearen ostean, zuzendaritzak debekatu egin zuen pizza hari su ematea.

Kateak badu jatetxe bat Bilbon, Guggenheimetik gertu. Bertan ere plastikozko landareek apaintzen zuten lokala. Dena dela, apaingarri horiek kendu egin zituzten Madrilgo istripua gertatu eta gero. Bilboko Udalak baieztatu zuen jatetxeak beharrezko baimenak eta instalazioak dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.