Mitxel Elortza

«Urgentziazkoa da ETBn euskarazko ikus-entzunezkoei tokia egitea»

(H)Itzartu EITB taldeak elkarretaratzea egingo du larunbatean EITBren Bilboko egoitzaren aurrean, 'Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz' lelopean.

Mitxel Elortza. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 15a
12:02
Entzun

Irakaslea eta euskaltzalea da Mitxel Elortza (Gasteiz, 1988). (H)Itzartu EITB mugimenduko bozeramaile gisa lehen elkarrizketa du.

Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean antolatu duzue elkarretaratzea hilaren 20rako. Zergatik?

Urteak dira ETBk betoa jarri ziola nazioarteko edukiak euskaraz eskaintzeari; urteak euskarazko bikoizketa helduen programaziotik baztertu zuela; Bikiak telesaila izan da salbuespena azken urteetan. (H)itzartu EITB egitasmoko kideontzat, ez da onargarria euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea ikusle datuak hobetzeko. Zenbait adibideren bidez argiago uler daiteke errealitate gordina: 2021etik, ETBk 504 film erosi ditu: 458 gaztelaniaz, 28 gaztelaniaz eta euskaraz, eta beste 20 gaztelaniara bikoiztu ditu. Bakar bat ere ez euskaraz. Telesailei dagokienez, 48 erosi dira; horietatik 17 euskarara bikoiztu dira, 11 gaztelaniara, eta 20k gaztelaniako audioa zuten. ETB2k 2022ko maiatzetik irailera 130 film eman zituen gaztelaniaz. ETB1ek, ordea, bakar bat ere ez. Horrez gain, azken sei urteetan bikoizleei ia %40 jaitsi diete soldata. 2022an, ETBrako 100 ordu zeuden esleituta euskaraz bikoizteko. Duela 10 urte, 400 ziren, eta ordurako beherakada oso nabarmena zen jada: 1991n, 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu; eta 2013an, 132 ordu. Bikoizleen lan soldata duinak aldarrikatzea gustatuko litzaiguke, eta, horrekin batera, bertako produkzioa sustatu eta nazioarteko filmak euskaraz ikusteko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Streaming plataforma batzuk horretan ari badira, nola ez du ba ETBk egingo?

ETBk ETB2n eta gaztelaniaz ematen ditu atzerriko film eta telesail guztiak. Zer proposatzen duzue zuek?

Erakundeei egungo ikus-entzunezkoen politikak berriro pentsatzeko eskatzen diegu, indarrean daudenek herritarren eskubide urraketa dakartelako eta kaltea eragiten diotelako hizkuntzari. Urgentziazkoa da ETBn euskarazko ikus-entzunezkoei tokia egitea; euskarazko ekoizpenez gain, nazioarteko puntako edukiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita estreinatzea. Horretarako, euskararentzat kuotak ezarri behar direla deritzogu. Urtez urte horiek handitzea nahiko genuke.

Zer mezu helarazi nahi diozue ETBri?

Hitz politetatik haratago konpromiso eta erabaki zehatzak behar ditugula. Datuek argi erakusten dute egungo ETBk ez duela euskararen eta euskarazko edukien aldeko apustu sendorik egiten . Badirudi ETBko agintariei ahaztu egin zaiela zein helbururekin sortu zen Euskal Telebista: euskararen normalizaziorako tresna nagusi bilakatzeko helburuarekin, alegia. Utz ditzatela beraz audientziak alde batera, eta pentsa dezatela apur bat gehiago nola birplanteatu daitekeen ETBko programazioa, euskara berriro ere ardatz nagusi bilakatu dadin.

Nolako mugimendua da (H)itzartu EITB? Nortzuk osatzen duzue?

Egitasmoa 2021eko abenduan sortu zen, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko mugimendutik, eta euskarazko ikus-entzunekoen alde abian dauden gainerako egitasmoetako eta euskalgintzako eragileekin elkarlanean. Dozena erdi kidek osatzen dugu talde eragilea, eta euskararen alde hainbat arlotan lanean ari garen kidez osatutako talde konprometitua osatzen dugu.

Salatu duzue ez dela onargarria euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea ikusle datuak hobetzeko. Zertan ikusten da hori ETBn?

Datuek errealitate gordina islatzen dute. Duela gutxi, gainera, baieztapen hori berretsi egin zuen ETB2ko La noche de... saio arrakastatsuko Felix Linares aurkezleak: euskara eta euskarazko fikzioa baztertzeko arrazoiak ikusle datuak dira. Telebista publikoak itsu-itsuan ikusle datuei soilik egin behar al die jaramon? Gure ustez, inola ere ez. Ikusle datuei jaramon egin beharko zaie, baina norabide estrategikoa aldatu gabe, helburu estrategikoak baztertu gabe. Telebista publikoa helburu batzuekin sortu zen, eta helburu horiek indarrean daude gaur egun. Eta helburu horiek adierazi behar digute bidea. Gure iritziz, euskara, kultura, kalitatea, doakotasuna, zerbitzu publikoa, bide horren marra gorriak dira, gaindiezinezkoak. Onargarria litzateke telebista publikoak telezaborra eskaintzea? Onargarria litzateke telebista publikoa doakoa ez izatea? Bada, euskararekin eta euskal kulturarekin berdin. Eta urteak dira ETBk kultura eta euskararen marra gorriak zeharkatu zituela. Guk dioguna zera da: egin dezagun helburu estrategikoek markatutako bide hori, eta hobetu ditzagun ikusle datuak, bide horretatik atera gabe.

Erakundeei eskatu diezue egungo ikus-entzunezkoen politikak birpentsatzeko. Nolako politikak izan beharko lukete horiek?

Urgentziazkoa da EITBk, bere euskarri eta leiho guztietarako, euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabal eta erakargarria osatzeko lanei ekitea, jakitun baikaude ikus-entzunezkoen eskaintzak berebiziko garrantzia dutela hizkuntza biziberritzeko eta hizkuntza estandar informala eraikitzeko. Beraz, ezinegon sakona eragiten digu ETBren egungo programazioa aztertu eta ikusteak euskarazko fikzioaren eskaintzarik ez dagoela. Politiken sakoneko aldaketa bat eskatzen diogu ETBri. Eta aldaketa, besteak beste, bikoizketatik etorriko da. Bikoizketa ez da aldaketaren adierazle bakarra izango, baina bai esanguratsuenetakoa. ETB, garai batean bezala, euskarara bikoiztutako edukien eskaintza zabal bat eskaintzen hasten denean, orduan esan ahalko dugu ETBren politikak aldatzen hasi direla. Horretan indarra egiteko antolatu dugu larunbateko elkarretaratzea.

EITBko zuzendaritzarekin hitz egiteko prest zaudete?

Noski, elkarrizketa eta lankidetza da bidea.

Zer espero duzue irailean martxan jarriko den Primeran plataformaz?

Hasierako itxaropena denbora tarte laburrean zapuztu zen; beraz, ezer gutxi. Primeran-en ez da euskarara bikoiztutako edukien alde egingo, eta horrela nekez osa dezakegu euskarazko eskaintza zabal eta erakargarria. Bestalde, hasieran uste genuen eduki guztiek euskarazko azpitituluak izango zituztela, eta badirudi ez dela hala izango. Ipar Europako 450 orduko fikzio bat jarriko dute jatorrizko bertsioan, euskarazko azpidatziekin. Datua oso eskasa da, eta ez da inondik inora espero genuena.

Naziotasunari begira, Nafarroako eta Iparraldeko errealitateak ondo jasotzen al ditu ETBk?

Zoritxarrez, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria erabat ahaztuak ditu ETBk. Albistegiak edo eztabaida saio nagusiak ikusi besterik ez dago: Madrilgo edota Albaceteko [Espainia] albisteen berri izaten dugu askotan, eta ez dakigu zer gertatzen ari den Iruñean edo Baionan. Euskal Telebistak nazio ikuspegia erabat alboratu du azken urteotan, eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko euskaldunak erabat baztertu ditu.

Nola irudikatzen duzue etorkizuneko ETB?

Euskara berriro ere erdigunean jarriko duen ETB irudikatzen dugu. Horretarako, sakoneko eraldatzea proposatzen dugu, EITB izan dadin herri kohesioaren, euskararen biziberritzearen eta euskal kulturaren sustapenaren zerbitzura sendo eta uste osoz jardungo duen erreferentziazko eta prestigiozko hedabide publikoa. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektorea berpiztu, egituratu eta indartuko duen ETB irudikatzen dugu.

Nolako ekarpena egin dezakezue (H)Itzartu EITB mugimendukoek?

Ekarpen zintzo eta eraikitzailea. Euskararen eta Euskal Telebistaren egoerarekin kezkatuta dauden euskaltzaleak gara. Denon esku dago gizartea kontzientziatu eta gure hizkuntzaren aldeko dinamikak piztea. EITB berregituratzea funtsezkoa da, eta horretan ahal dugun guztian laguntzeko prest gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.