Eduki babestua

Ez da jausiko zubixe

'Eskutik hartu eta ez da jausiko zubixe/ Geu ga eusten daben herrixe!' Horixe aurtengo Ibilaldiko abestiaren errepika, elkar lagunduz bere nortasunari eusten dion herri baten adierazle garbia.

Kalejiran Ondarroan, Ibilaldiaren XE leloarekin. LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
2023ko maiatzaren 15a
14:28
Entzun

Hain zuzen, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolari egokitu zaio 2023ko Ibilaldiaren antolaketa. Datorren maiatzaren 21ean, hirugarren aldiz ospatuko da kostaldeko herrian, aurretik 1993an eta 2011n ere egin zen eta. Ibilaldiaren jatorrizko arrazoiei eutsita ekingo zaio aurtengo hitzorduari ere, hots: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutaraztea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. «Zorionez, euskararen ezagutza maila gero eta handiagoa da, baina zenbait esparrutan, adibidez aisialdian, erabilera sustatzea oso garrantzitsua da, eta, horretarako, ikastolen jaiak oso aproposak dira», adierazi du Josune Bañales Regulez Ibilaldia Elkarteko lehendakariak.

Estreinako, Zubi Zahar ikastola bakarrik ari da lanean —aurrekoetan Lekeitioko Azkue ikastola izan zuen bidelagun —, Ibilaldia bera zein orain arteko ekimen guztiak antolatzeko. XE aukeratu dute lelotzat ondarroarrek, hitz egiteko modu bat ez ezik, euskara berea duen herri bat ere irudikatu nahirik, eta dendan hainbat material eskura jarri harekin.

Lau gune

Guneen izendapenean ere antzeman zaie ondarroarrei berba eta bustidurekin jolasteko gogoa. Hain zuzen, lau gune izango ditu ibilbideak: Zubixe (ikastolan), Herrixe (Zeledonion), Mazixe (Anexuan) eta Talaxe (Itsasaurren). Bide batez, izenen aukeraketa ez da azalekoa izan: Zubixe esanda ikastolaren transmisore papera aditzera eman nahi dute, euskararena eta euskal kulturarena; Herrixe-rekin, sustraia, eta, era berean, Itsasora begira bizi den herria izateari atxikitutako ezaugarriak, Ondarroa herri Iraixe, herri argixe dela aditzera emateko intentzioz; Mazixe-k ere arrantzaleen lexikoa dakar gogora, kasu horretan jaia ordezkatzeko; eta Talaxe-k abangoardia esan nahiko luke, hau da, aurrera begira egotea; ikastolei egozten zaien bereizgarria, antolatzaileen esanetan.

Ibilaldiak esangura guztiei bultzada emango die, eta jendea lan egiteko gogotsu egongo dela ziur egonik, batean edo bestean txanda hartzera gonbidatu dute.

Horrela harildu ditu Eider Galarraga Egunsentia kooperatibako lehendakariak ikastolen iragana, oraina eta geroa: «Zubi Zahar Herri Ikastola duela bost hamarkada baino gehiago herritik sortutako proiektua da, herriarena. Ikastolak hasiera-hasieratik aldarrikatu du Euskal Herri osorako hezkuntza sistema euskalduna, euskara eta lurraldetasuna ardatz zentralak izanik, eta helburu horiek bere horretan jarraitzen dute. Gure izaera mantentzen dugu, eta orduan modura orain ere, bazkideen partaidetzarekin, elkarlanarekin eta auzolanarekin aurrera egiten dugu. Gure ikastola bizirik egoteak Iparraldeko haurrek eta Nafarroako haurrek euskaraz ikasteko aukera edukitzea ahalbidetzen du. Horrela, guztion elkartasunarekin, alde batetik, ikastola berriak sortuz doaz, eta, bestetik, sortuta daudenak sostengatzen dira».

Aurtengo helburuei erreparatuta, hauek zerrendatu dituzte: «Euskara eta euskal kultura ardatz dituen gure ikastola herrira zabaltzea; herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea; ikastolaren hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea; ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea, guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik; eta arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea».

Bidokliparen grabazioa. 11BARRI

Ikaslea erdigunean

Azken horri lotuta, Ane Martinez eta Esti Urizar ikastolako zuzendariek helburua arrazoitu dute: «Zubi Zahar Herri ikastolan, ikaslea ardatzean eta erdigunean jarrita, lanerako espazio erakargarriak sortzen ari gara, espazio zabalak eta argiak. Ikasleek, norbere gelaz gain, gela anitz ere erabilgarri eduki behar dituzte beraien arteko sozializazioa ziurtatzeko. Ikaslea bera da bere ikaskuntza prozesuaren jabe, irakaslea gidari duelarik, eta taldekako eta bakarkako ebazteko inguru egokiak eskaini behar zaizkio. Atseginak, erakargarriak eta lasaiak izan behar dira espazioak».

Azken batean, espazioen antolaketa lan egiteko modu baten erakusle da Martinezek eta Urizarrek diotenez, eta ikastolaren proiektuak aurrera ateratzea ahalbidetzen dute.

Hortaz, Bizkaiko ikastolen jaiarekin beste urrats bat egingo da helburuak lortzeko bidean. Eta oraindik zalantzan dagoena abestia entzun eta han esaten denaz jabetzera animatzen dute; errepikari bere esanahi osoa emanez, elkarri eskutik helduta bidean ibili eta euskara ibili darabilen herri baten parte izatera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.