Albistea entzun

PSE-EE

Sanchez: «Eskuinak ETAren mamua erabiltzen du ez duelako zer eskaini»

Espainiako gobernuburua Gasteizen izan da, Arabako hautagaiak babesten. Maider Etxebarria alkategaiak «aldaketa lasaia» agindu du.

Gonzalez, Sanchez, Etxebarria eta Andueza, atzo, Gasteizen.
Gonzalez, Sanchez, Etxebarria eta Andueza, atzo, Gasteizen. Jaizki Fontaneda / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko maiatzak 15

Gasteizen egon da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Maider Etxebarria eta Cristina Gonzalez PSE-EEko hautagaiei babesa emateko. Sozialistek Lakua auzoko pilotalekua aukeratu dute ekitaldia egiteko, eta militanteek lepo bete dute aretoa. «Haizea kontra izanda ere» sozialistek erdietsitako lorpen sozialak gogoratu ditu Sanchezek, eta ziurtzat jo du alderdi sozialista «indartu» egingo dela maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean. «Ziur naiz lehen indarra izango garela, sozialistei botoa ematea ongizatea babestea baita», aldarrikatu du.

Hitza hartu eta berehala, Sanchezek geratu egin behar izan du, hainbat pertsona oihuka hasi baitzaizkio: Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen inguruan hartutako jarrera salatu dute, eta «traidore» zioten afixak erakutsi. Segurtasun zaindariek atera egin dituzte, eta Sanchezek hitzaldiarekin jarraitu du ondoren, gertatutakoa aipatu gabe.

Sanchezek PPren aurka egiteko baliatu du hitzaldiaren zatirik handiena, eta eskuineko alderdiari aurpegiratu dio ETA erabiltzea Espainiako Gobernuaren lorpenak «estaltzeko»: «Eskuinak ETAren mamua erabiltzen du hauteskundeak galdutzat jotzen dituelako eta ez duelako zer eskaini. Baina badut berri txar bat haientzat: Espainiako demokraziak ETA garaitu zuen duela hamabi urte. Eta gobernu sozialista batek garaitu zuen ETA. Horixe da jasan ezin dutena».

Azpimarratu du PPk iragarritako «apokalipsia» ez dela inoiz iristen, besteak beste Espainiako ekonomia Europako batezbestekoaren gainetik hazten ari delako. Sozialistek irainen ordez «aurrerapen sozialak» eskaintzen dituztela azpimarratu ondotik, bi iragarpen egin ditu. Batetik, ahanztura onkologikoarekin lotuta iragarri zuen gaixotasuna gainditu dutenek ez dutela gidatzeko baimena hiru urtean behin berritu beharko. Bestetik, %45eko desgaitasuna edo handiagoa dutenek bost urte kotizatu beharko dute —eta ez hamabost– pentsioak aurrez eskuratzeko. Bi neurriok asteon hartuko ditu gobernuak.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere parte hartu du mitinean, eta hark ziurtzat jo du PSE-EEk udal eta foru hauteskundeak irabaziko dituela, eta «giltza» izango direla. Anduezaren hitzetan, sozialistei esker lortu dira Osakidetza, eskola publikoa, diru sarrerak bermatzeko errenta eta Bilboko metroa martxan jartzea, besteak beste, eta horrek erakusten du «herritarren interesak» PSEk baino ez dituela defendatzen.

«Aldaketa lasaia»

Maider Etxebarria Gasteizko alkategaiaren ustetan, berriz, PSE-EEk «gurutzaldi abiadura» du, eta «geldiezina» izango da bozetan. Bere burua «aldaketa lasaiaren» ikurtzat jo du, eta, hitzaldi guztia gazteleraz egin ondotik, euskaraz esan ditu hitz hauek: «Aldaketa lasaia, inklusiboa eta erradikaltasunik gabea behar du Gasteizek. Nik hiri guztiaren alkate izan nahi dut. Hiriaren aniztasuna aintzat hartu nahi dut alkate gisa».
PSE kudeaketa onaren isla dela nabarmendu du Etxebarriak: «Soluzioak ematen dituen alderdia gara, EAJ, EH Bildu eta PP ez bezala. Herritarrek fronteen eta zubien artean aukeratu beharko dute. EH Bilduk eta PPk muturreko politikak dituzte, eta PSE da hori gelditzeko aukera bakarra».

Cristina Gonzalez ahaldungai nagusiak, bestalde, esan du sozialistek politika «eraginkorra» eta «erabilgarria» egiten dutela, eta boto emaile sozialistak mobilizatzera deitu zituen, orain arte lortutako «eskubideak» aurrerantzean ere defendatzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.