Lan gatazkak

ELA: «Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitu behar dute ea mutualitateen akordioa onartuko duten»

Sindikatu abertzaleak gogor kritikatu du Espainiako Elkarrizketa Sozialeko akordioa, eta bake soziala «gomendio batzuen truke» saldu izana egotzi die UGTri eta CCOOri.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko maiatzaren 16a
14:03
Entzun

ELA sindikatuak kritika oso gogorra egin dio iragan astean Espainiako Elkarrizketa Sozialean sinaturiko akordioari. CCOOri eta UGTri egotzi die bake soziala «gomendio batzuen truke» saldu dutela, eta langileen pobretzea ontzat eman dutela. Dena den, sindikatuak ohartarazi du oso zaila izango dela Euskal Herrian aplikatzea, indar sindikalen botere banaketa ezberdina delako. Hori bai, zehaztu du Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokiela argitzea ea mutualitateen boterea handitzen duen akordioko puntua aplikatuko den ala ez.

«Akordio hau da patronalak nahi zuena. Ez dago kontrapisu sindikalik, UGTk eta CCOOk uko egin diotelako. Sindikatu batzuk instituzionalizaten direnean, hau da gerta daiteke; hemen hasten da sinesgarritasun falta». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak horrela deskribatu du CCOOk, UGTk eta Espainiako patronalak iragan astean sinaturiko negoziazio kolektiborako akordioa. Gogor kritikatu du, eta hiru arrazoi eman ditu: «Uko egiten dio 2021eko eta 2022ko KPI osoa berreskuratzeari; prekarizazioa handitzeko prest daude, bereziki sektore feminizatuetan; eta mutualitateei irabazi handiagoa ematen diete».

Pello Igeregi sindikatuko negoziazio kolektiboko buruak lehen eta hirugarren arrazoietan sakondu du. Soldatei dagokienez, haren iritziz, «sindikatuek galdutzat eman dute erosahalmena». Atzera begira jarrita, zehaztu du akordioan ez dela agertzen 2021. eta 2022. urteetako KPI osoa berreskuratzeko eskaera. Etorkizunera begira, berriz, hiru urterako %10 eta %13 arteko soldata igoerak aurreikusten dituela argitu du, baina horrek ez duela bermatzen KPIaren araberako igoera osoa.

Igeregik gehiago sakondu du akordioak mutualitateei emango liekeen eginkizunaren inguruan. Nabarmendu du osasun zerbitzuak pribatizatzeko prozesu bat ezkutatzen duela. «Momentuz, traumatologiako osasun arazoetara mugatzen da, baita lan eremutik kanpo eginikoetara ere. Halakoetan, mutualitateei boterea ematen zaie langilearen diagnosia, jarraipena eta tratamendua kudeatzeko”, salatu du. Era berean, hausnarketa bat gehitu du: «Osasun pribatuak baliabideak sobran baditu, publifikatu ditzaketela, eta ez alderantziz».

Iragan astean, Cebekek eta Confebaskek eginiko agerraldian onartu zuten begi onez ikusiko luketela mutualiatek ahalmen hori hartzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Argudiatu zuten Osakidetzako itxaron zerrenden eraginez asko atzeratu daitekeela alta hartzeko prozesua. Baina nori dagokio aplikatuko den hala ez argitzea? «Eusko jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari», erantzun du Igeregik.

Mutualitaten rola akordioaren 18. orrialdean agertzen da, eta honela dio: «Hau betetze aldera, agiria sinatu dugun elkarteek osasun arloan eskuduntza duten erakundeei eskatzen diegu mutualitate horiekin hitzarmenak garatu ditzatela». Gero zehazten du arazo traumatologikoetara mugatzen dela. Bere garaian, LAB sindikatuak jakinarazi zuen Nafarroako Gobernua aplikazioaren aurka dagoela; Jaurlaritzak, berriz, ez du argitu zer jarrera duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.