Mendi ibilaldiak

Mendi martxak bete-betean

Iraupen luzeko mendi martxen egutegia unerik gorenean da. Asteburuero bada bat edo bi. Asteburu honetan, adibidez, Karrantza Harana 18. mendi ibilaldia, Gasteiz Mendi taldearen 41. iraupen-ibilaldia eta Urretxu-Zumarragako 25. Iñaki Beitia mendi martxa egingo dira.

Besteak beste, Izazpi tontorretik igaroko da Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa igande honetan. MIKEL ARRIZABALAGA
ramon olasagasti
2023ko maiatzaren 17a
12:40
Entzun

Larunbatean, maiatzak 20, Karrantza Harana 18. mendi ibilaldia egingo da, Euskal Mendizale Federazioaren iraupen luzeko zirkuituko mendi martxen artean. Hiru ibilbide izango dira aukeran: luzeak 40 km eta 2.580 metroko goranzko desnibela izango ditu, eta irteera eta helmuga Concha auzoan izango dira. Martxa 07:30ean hasiko da, eta kontroleko txartelak 06:30ean jaso ahal izango dira. Partaideek gehienez ere 10 ordu izango dituzte ibilaldia osatzeko.

Ibilaldi ertainak 27 km eta 1.750 metroko goranzko desnibela izango ditu. Irteera 08:30ean izango da Concha auzotik bertatik, eta txartelak 07:30etik aurrera jaso ahal izango dira. Azkenik, ibilaldi motzak 15 kilometro eta 700 metroko goranzko desnibela izango ditu. Ibilbide laburrekoak 09:30ean abiatuko dira.

Izen emateak zirkuituaren webgunearen bidez egin behar dira, eta ibilaldiaren egunean ere izena emateko aukera izango da, abiapuntuan bertan. Aldez aurretiko izen ematea: federatuak 13 €, federatu gabeak 15€ eta ibilaldiaren egunean bertan: 20 €. Izena ematen duten lehen 400 mendizaleek probaren oroigarria jasoko dute.

Antolatzaileek, Karrantza Harana Mendi Taldeko kideek, nabarmendu dute martxa hau «aukera paregabea» dela Bizkaiko ibar zabalenean barneratzeko. «Era askotako paisaiak, bidezidorrak, gailurrak eta ikuspegiak eskaintzen ditu Karrantzak, eta txango luzeak horiez guztiez gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du».

Igandean, maiatzak 21, berriz, Gasteiz Mendi taldearen 41. iraupen ibilaldia egingo da. Gesaltza Añana herritik (560 m) abiatuko da martxa, eta bertan bukatuko. Kasu honetan ere hiru ibilaldi izango dira aukeran. Luzea (47,20 km eta 2.032 metroko goranzko desnibela), goizeko 7:00etan abiatuko da Udaletxeko plazatik. Ibilbidea, hauxe: Gesaltza Añana (560 m), Tuesta, Villamaderne, Peña Mocha (932 m), Ginea (710 m), Montemayor (1104 m), Ormijana (620 m), Arbigano (600 m), Paul, Somo (902 m), Caicedo de Yuso aintzira (660 m), Gesaltza Añana (560 m). Gehienezko denbora: 11 ordu, eta gutxieneko denbora: 7 ordu

Martxa laburra (26,80 km eta 1.286 m+) goizeko o8:00etan abiatuko da. Ibilbidea: Gesaltza Añana (560 m), Basquiñuelas, Cantoblanco (1006 m), Arbigano (600 m), Paul, Somo (902 m), Caicedo de Yuso aintzira (660 m), Gesaltza Añana (560 m). Partaideek gehienez 5 eta 7 ordu artean osatu beharko dute ibilbidea.

Azkenik, martxa txikia (10 km), haur eta mendizale guztientzat egokia, 09:00etan abiatuko da.

Gasteizko martxan ezingo da izenik eman ibilaldiaren egun berean. Dortsalak Gasteiz Mendi Elkartean jaso beharko dira (Pintoreria 74 behea) edo bestela igandean bertan, abiatu baino ordu erdi lehenago.

Iñaki Beitiaren omenezko 25. mendi martxa Urretxu-Zumarragan

Igandean bertan, Iñaki Beitiaren omenenezko iraupen luzeko mendi martxaren 25. edizioa egingo da Urretxu-Zumarragan. Ohi bezala, hitzordua Areizaga-Kalebarren Plazan izango da, 07:00etan. Aurtengo edizioan 32 km izango ditu martxak eta 1.700 metroko goranzko desnibela. Izen emateak (8,00 €) Zumarragako Ispilla Kiroldegian, Urretxuko Aldiri Kiroldegian eta Ostadar Mendi Taldearen egoitzan egin daitezke, eta martxaren egun berean ere izango da horretarako aukera, abiapuntuan bertan, 10 € ordainduta. Aurten, gazte talde bat prest agertu da antolakuntza lanak bere gain hartzeko, eta, beraz, ondo bidean, Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxak badu etorkizuna. Informazio guztia, martxaren webgunean.

Datorren asteburuan Bastidan, Tolosan eta Baztanen

Hurrengo asteburuan, berriz, ez bat eta ez bi, hiru ibilaldi izango dira. Larunbatean, XXX. Kantabria Mendilerroa Zeharkaldia egingo da, Bastidatik Lantziegora (Araba). Ibilaldi luzeak 41 km eta 2.675 metroko desnibel metatua izango ditu. Irteera: 07:00etan Lantziegoko frontoi berritik. Informazioa eta izen emateak zirkuituaren webgunean.

Larunbatean bertan, maiatzak 27, Araxesko XIV. Itzulia egingo da Tolosako Amarotz auzoan. Amarotz auzoaren 50. urteurrena dela eta, mendi martxa berreskuratzea erabaki du Amarozko Mendi Elkarteak, eta Euskal Mendizale Federazioak iraupen luzeko ibilbideen zirkuituan sartu du. Itzuli luzeak (42 km eta 1.600 m+) ohiko ibilbidea izango du: Amarotz, Altzo, Otsabio, Añi, Zarateko lepoa, Azkarate, Arribe, Santa Barbara, Gorriti, Ulizar, Uli, Gaztelu, Leaburu, Amarotz. Irteera goizeko 07:00etan izango da Amarozko estalpe berritik.

Ibilbide laburrak (26 km, 1.000 m+) Amarotz, Altzo, Otsabio, Añi, Altzo, Amarotz ibilbidea osatuko du.

Izen emateak (13 € luzea eta 10 € laburra) zirkuituaren webgunean egin ahal izango dira, baita irteera egunean bertan ere, abiatu baino ordu erdi lehenago, 2 euro gehiago ordainduta. Zeharkaldia bukatzean, parte hartzaileek otordu goxoa izango dute, bertako sagardoarekin.

Igandean, maiatzaren 28an, azkenik, XXVIII. Baztango Mendi Itzulia izango da Baztango Mendigoizaleak taldeak antolatuta. Ibilbide luzeak 30 km eta 2.000 metroko goranzko desnibela izango ditu. Ibilbidea, hauxe: Irurita, Ariztegi, Urkizte (690m), Bailei, Dendaiteko borda (945), Astabizkar (1128), Meaka (636m), Atremin, Kalañen borda, Irurita. Ibilbide laburrak, berriz, 21 km eta 1.300 metroko goranzko desnibela izango ditu. Ibilbide luzekoak 07:00etan abiatuko dira, eta laburrekoak ordu erdi geroago.

Izen emateak zirkuituaren webgunean egin daitezke, eta egunean berean, goizeko 06:15etik goiti Iruritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.