KANPO MERKATARITZA

Esportazioak %15,4 ugaritu dira martxora bitarte Hego Euskal Herrian

Inportazioak ere igo egin dira, %10. Esportazioen eta inportazioen arteko arrakalak %39,5 egin du gora.

Bilboko portuaren artxiboko irudi bat, 2020an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 18a
11:35
Entzun

2023ko lehen hiruhilekoan 11.622,8 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek: joan den urteko epe berean baino %15,4 gehiago. Inportazioek ere gora egin dute, baina erritmo apalagoan: %10. Hala, 2022an baino 805,5 milioi euro gehiagoren inportazioak egin dira (8.981 milioi euro aurten). Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak emandako datuak dira.

Hala, Hego Euskal Herriak esportatzaile izaten jarraitzen du, esportazioak inportazioak baino 2.641,8 milioi euro gehiago izan baitira guztira. Iazko lehen hiruhilekoan 1.894,3 milioi euro gehiago esportatu ziren; hau da, esportazioen eta inportazioen arteko aldeak %39,5 egin du gora.

Lau lurraldeetatik Araban egin dute gora gehien esportazioek: %31,3. Gipuzkoan %23,5 hazi da esportazioen balioa, eta Bizkaian, %11,4. Nafarroan izan da apalena, soilik %0,4 egin baitute gora esportazioek.

Inportazioei dagokienez, Gipuzkoa da behera egin duten lurralde bakarra (-%1,6). Nafarroan %7,8 ugaritu dira; Araban, %12,1; eta Bizkaian, %14,4.

Bizkaia, lurralde inportatzaileena

Ohikoa den moduan, Bizkaia da inportazioek pisu handiena duten lurraldea. Inportazioek 4.151,3 milioi euroko balioa izan dute, Hego Euskal Herriko baturaren %46,2. Hala, inportazioek esportazioek baino balio handiagoa duten lurralde bakarra da: 747,3 milioi euro gehiago balio dute.

Izan ere, gas natural eta petrolio asko jasotzen du Bizkaiak, ondoren ontzietatik deskargatutako GLN gas natural likidotua Bahia de Bizkaian birgasifikatzeko eta petrolioa Petronorren plantetan fintzeko. Bestalde, Hego Euskal Herriko portu nagusia dago bertan, eta ontzi bidez iristen diren ondasun horiek ere inportazioen pisua handitzea dakarte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.