LANALDI MURRIZKETA

Hego Euskal Herriko zazpi enpresa soilik aurkeztu dira lanaldia murrizteko entsegura

Espainiako Industria Ministerioak ordainduko ditu probak, eta enpresek gutxienez bi urtez murriztu beharko dute langileen lanaldia.

Atxiboko irudi batean, kontserben fabrika bateko emakume bat lanean. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 18a
12:26
Entzun

Amaitu berri da Espainiako Industria Ministerioak apirilean zabaldutako dirulaguntzak eskatzeko epea, lanaldiaren murrizketaren entseguak egiteko. Guztira Hego Euskal Herriko zazpi enpresa soilik aurkeztu dira entsegura, eta ministerioak bost hilabeteko denbora tartean ikertuko ditu enpresek aurkeztutako proiektuak, eta epe hori amaitzean baiezkoa edo ezezkoa emango die enpresei.

Ikusi gehiago:Alex Garate enpresa txiki baten jabea da, eta aurten hasi da lanaldiaren murrizketa probatzen, inongo laguntzarik gabe: «Zerbait aldatzeko modua probatzea da»

9,6 milioi euroko aurrekontua zuen hasieran ministerioaren deialdiak, baina aurkeztutako proiektu guztiek (41) eskatuko luketen diru laguntzen batura 2,8 milioi eurokoa da soilik. Izan ere, ezin izan da edozein enpresa aurkeztu deialdira. Gehienez 250 langileko enpresak aurkeztu zitezkeen, eta industria arlokoak. Horrez gain, enpresek aurkeztutako proiektuek gutxieneko baldintza batzuk bete behar zituzten: lehenik eta behin, lanaldiaren murrizketak gutxienez %10ekoa izan behar du, soldata gutxitu gabe aplikatu behar dute; bestalde, murrizketa hori gutxienez bi urtez aplikatzeko konpromisoa izan behar dute enpresek.

Ikusi gehiago:Lan astearen murrizketa, proban

Apirilean Jon Bernatek adierazi zuen Espainiako Industria Ministerioak egingo duen proba pilotuak lanaldi murrizketarekin harremana duten gastuak lehen urtean estaliko zituela soilik, ez bi urteetan; hala ere, enpresek lanaldia bi urtez murrizteko konpromisoa hartu behar dute. Lanaldiaren murrizketa kontratu mugagabea duten eta lanaldi osoan jarduten duten langileei aplikatuko zaie soilik. Enpresa bakoitzak 200.000 euroko laguntza jasoko du gehienez.

Ikusi gehiago:Charlotte Lockhart 4 Day Week Global elkartearen sortzaileari elkarrizketa: «Enpresen %91k lanaldi murriztuari eutsi diote»

Lanaldiaren murrizketaren ondorioz sortutako gastuen %90 estaliko dute gehienez diru laguntzek. Hamar langile edo gutxiagoko enpresei gastu horren %90 ordainduko zaie; 11 eta 52 langile arteko enpresei gastu horren %80 ordainduko diete, eta 53 eta 249 langile artean dituztenei, berriz, %75.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.