TXIRRINDULARITZA

Nico Denzek irabazi du Giroko hamabigarren etapa

Alemaniarra eguneko ihesaldian sartu da; bi ziklistarekin iritsi da azkeneko esprintera, eta azkarrena izan da. Ez da aldaketarik egon sailkapen nagusiko lehen postuetan

Nico Denz, garaipena ospatzen. GIRO DE ITALIA
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 18a
17:15
Entzun

Nico Denz alemaniarra (Bora) nagusitu da gaur Italiako Giroko hamabigarren etapan. Haren ibilbideko garaipenik handiena da. Denzek Toms Skujinsi (Trek) eta Sebastian Berwicki (Israel) hartu die aurre azken esprintean. Hirurek aurrera egin dute 30 txirrindulariz osatutako ihesalditik. Tartean zegoen Jonathan Lastra (Cofidis), Giroan lehian geratzen den euskal ziklista bakarra. Tropela, berriz, zortzi minutu pasatxora iritsi da.

Ez da zorigaiztoko gertaerarik izan: ez ezusteko gaixotasunik, ezta erorikorik ere. Hala, sailkapen nagusiak bere horretan jarraituko du: Gerraint Thomas (Ineos) da liderra; bi segundora dago Primoz Roglic (Jumbo), eta 22ra Joao Almeida (UAE).

Baina baliteke sailkapen nagusiak astindua jasotzea bihar. Alpeetako lehen etapa jokatuko dute, Borgofranco d’Ivrea eta Crans Montana eski estazioaren artean: 208 kilometro. Elurragatik antolatzaileek etapa apur bat arindu duten arren, oso gogorra da: lehen mailako hiru mendate igoko dituzte, eta goian amaituko dute.

Bestalde, World Tourreko Burgosko Itzulian, Lorena Wiebes herbeheretarrak (SD Worx) irabazi du gaur lehen etapa, esprintean, eta lider jarri da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.