Iruñean zinegotzi kopuru bera lortuko lukete UPNk eta EH Bilduk, EITB Focusen inkestaren arabera

Gasteizen lehia estua aurreikusten du EAJ eta EH Bilduren artean, eta Bilbon eta Donostian aise irabaziko luke EAJk.

Joseba Asiron Iruñeko alkate makilarekin. JAGOBA MANTERA / FOKU
2023ko maiatzaren 19a
10:05
Entzun

Gizakerrek EITBrentzat egindako udal eta foru hauteskundeetarako bigarren makroinkesta argitaratu dute. Galdeketak apirilaren 26tik maiatzaren 12ra egin dira EAEn, eta maiatzaren 3tik 11ra Nafarroan. Ia 8.000 pertsonari egindako galdeketaren emaitza da. Geroztik, kanpainak izan ditu gorabeherak, baina, egun haietan jendeak erantzundakoaren arabera, Iruñean zinegotzi kopuru bera lortuko lukete UPNk eta EH Bilduk: zazpina. UPNk boto gehiago lortuko lituzke: %27,6. EH Bilduk %24,8. PSNk bi edo hiru zinegotzi irabaziko lituzke, eta, hala, lau edo bost lortu; Geroak Baik, bi edo hiru; PPk, bi edo hiru; eta Zurekin ezkerreko koalizioak, berriz, bat edo bi. PSNk izango luke giltza, beraz, alkatetza nori eman erabakitzeko.

Gasteizen ere lehia estua espero da, inkestaren arabera. EAJ izango litzateke boto gehien lortuko lituzkeena, baina ozta-ozta. Puntu batera egongo litzateke EH Bildu, eta zazpi zinegotzi izango lituzke. Hirugarren indarra PSE izango litzateke, bost edo sei lortuta, eta PPk ere beste horrenbeste eskuratuko lituzke; azkenik, Elkarrekin-Podemosek bi eskuratuko lituzke.

Donostian Eneko Goiak lortuko luke berriz boto gehien. Inkestaren arabera, hamar zinegotzi eskuratuko lituzke, baina hiru puntu gutxiago izango lituzke botoei dagokienez –%35,8tik %32,9ra–. EH Bilduk, berriz, boto emaileen %25,2ren babesa lortuko luke, lau puntu igota aurreko emaitzen aldean; zinegotzi bat gehiago eskuratuko luke, zazpi guztira. Hirugarren lekuan PSE-EE legoke, botoen %17,7 eta bost zinegotzi lortuta. PPk hiru eskuratuko lituzke, eta Elkarrekin taldeak bi.

Bilbon gehiengo osotik gertu legoke Juan Mari Aburto. Boz emaileen %45,2k egingo lukete haren alde, eta bi puntu igoko litzateke. Zinegotzi kopuru bera izango luke: hamalau. Bigarren indarra, baina koska bat beherago, EH Bildu izango litzateke, PSE-EEri aurrea hartuta. Bost zinegotzi eta botoen %17,7 eskuratuko lituzke, inkestaren arabera. Zinegotzi bat gehiago, eta 2,2 puntu gehiago. PSE-EEk ere bost zinegotzi izango lituzke, baina 0,6 puntu galdu. PPk eutsi egingo lieke hiru zinegotziei, eta Elkarrekin-ek bat galduko luke, eta bi zinegotzirekin geratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.