Albistea entzun

Italiako Giroa

Einer Rubio garaile Giroko hamahirugarren etapan

Pinotekin eta Cepedarekin lehiatu da garaipena lortzeko, ihesean egon eta gero. Laburtu egin dute ibilbidea: 75 kilometro soilik izan ditu. Zeresan gutxi eman du faboritoen jardunak.

LUCA ZENNARO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko maiatzak 19

Txirrindulariak hotzez dira aurtengo Giroan. Eguraldi petrala ari dira izaten egunik gehienetan, eta planto egin dute atzoko etaparen bezperan. 199 kilometroko saio menditsua zuten aurretik, eta laburtzeko eskaera egin diote antolakuntzari. Bada, 75 kilometro eskaseko jarduna izan dute azkenean, eta ibilbide motzean hotz utzi dituzte zaleak. Izan ere, hautagai nagusiak tropelaren abaroan gelditu dira berriz ere. Mendate handietan oraindik ez da onenen arteko lehiarik ikusi. Bere txarrean, borroka bizia izan dute iheslariek. Katua eta sagua bezala aritu dira azken igoeran Thibaut Pinot (Groupama) eta Jefferson Cepeda (Education First), baina gertutik zaindu ditu Einer Rubiok (Movistar), eta azken metroetan gainditu.

Faborito nagusiak elkarrekin iritsi dira, eta maglia arrosari eutsi dio Geraint Thomasek (Ineos). Espero baino askoz ere mami gutxiago izan du etapak. Hasierako plana 207 kilometroko ibilbidea egitea zen, baina apur bat laburtu dute duela egun batzuk, San Bernardo ezin zelako goraino igo. Erreparorik gabe sartu diote guraizea. Ziklistek Croix de Coeur saihestu nahi zuten, eguneko bigarren mendatea, jaitsiera arriskutsuegia izan zitekeelakoan. Antolatzaileek, ordea, eutsi egin nahi zioten igoera horri, eta eskaintza batekin erantzun dute: prest zeuden lehen 125 kilometroak kentzeko, San Bernardo barne, beti ere ziklistek Croix de Coeur igotzen bazuten. Ados jarri dira bi aldeak. Hala, autobusean sartu, eta Suitzarantz jo dute taldeek.

Arratsaldeko hiruetan abiatu da etapa, Croix de Coeurren magalean. Mendate horri aurre egin, jaitsiera eta ordeka igaro, eta Crans Montana igo behar zuten. Hots, esfortzu labur baina bortitza egitea zegokion tropelari. Oso gogorra zen lehen igoera (15,4 kilometro eta %8,8ko pendiza), eta erritmo bizia izan da hasierako aldapetan. Askok sartu nahi zuten ihesaldian, eta multzo jendetsua osatu da berehala, Ben Healyren (Education First) gidaritzapean. Ineosek ez dio traza onik hartu, eta berehala utzi du ezerezean. Alabaina, oniritzia eman dio hurrengo saiakerari; hartara, bidea egin dute Rubiok, Cepedak, Pinotek eta Bruno Armirailek (Groupama), Derek Gee eta Matthew Riccitellok (Israel), eta Valentin Paret-Peintrek (Ag2r).

Pinot izan da etapako animatzaile nagusia. Garaipena lehiatu eta mendiko puntuak batzeaz landa, sailkapen nagusian aurrerako urratsa egin nahi zuen. Verbierreko herritik igaro ostean egin du lehen erritmo aldaketa, eta Geek, Rubiok eta Cepedak eutsi diote bakarrik. Laukoteak bizi igo ditu mendatearen bukaerako aldapa estu eta tenteak, eta bi minutuko aldearekin igaro du gaineko pankarta. Pinotek bildu du puntu gehien. Oilarrak, aldiz, bil-bil eginda aritu dira. Zirkinik ere egin gabe gainditu dute igoera.

Bizkor, hankaz eta buruz
Euria hasi du amaierako maldetan, eta jaitsiera bustian hasi dute. Arriskuari ondo hartu diote neurria, eta tentuz jokatu dute. Paret-Peintrek bat egin du lasterketa burukoekin, eta erasoa jo die. Berandu gabe harrapatu dute, baina, gero, ez dira gauza izan elkarlanean aritzeko. Ernegatu egin da Pinot: erreleboetan zeken aritzea leporatu die iheskideei. Cepedarekin haserretu zen gehienbat. Eta frantziarraren kasketa are handiagoa izan da amaieran. Bere legea ezarri nahi zuen Crans Montanan (13,1 kilometro eta %7,2ko pendiza), baina itzala bezala itsatsi zaio Cepeda. Hamaika aldiz egin dio eraso ekuadortarrari, baina alferrik. Anartean, ez da itsutu Rubio. Begi-bistan izan ditu uneoro.

Hirurak batera iritsi dira azken kilometrora, eta esprintean, Rubio izan da azkarrena. Bigarren Pinot izan da, eta hirugarren Cepeda. 1.35era iritsi dira faboritoak, azken estutuan nagiak ateraz. Bihar indarrak gordetzen jarraituko dute, etapa laua izango baita oro har. Hasieran lehen mailako mendate bat dago, ordea, eta horrek zapuztu egin ditzake esprinter askoren planak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mikel Merino Realeko jokalaria, baloia astintzear, Inter Milaneko bi jokalariren artean, atzo, Txapeldunen Ligako lehen partidan, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Sufritzeko unean kale egin du

Mikel O. Iribar

Realari eskuetatik ihes egin dio Txapeldunen Ligako lehen garaipenak, Inter Milanekin berdindu eta gero. Brais Mendezek egin du etxekoen gola, eta Lautaro Martinezek banakoa, azken hatsean

 ©AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA

«Ez dut ikusten nola hobetu daitekeen aurtengo denboraldia»

Pettan Uralde

Iker Zabala oso harro dago Urdaibaik egin duen denboraldiaz. Harrobiaren inguruko auziaz, berriz, esan du «hausnarketa sakona» egin behar dela. Gazteak erakarri behar direla azpimarratu du.
Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek joan den igandean Durangon jokatutako Euskal Kopako partida. IDK-k irabazi zuen txapelketa. ©LOINTEK GERNIKA BIZKAIA

IDK, Gernika eta Araski, beste behin, onenen artean

Mikel Reina

IDK-k, Gernikak eta Araskik larunbatean ekingo diote denboraldiari. Etxean ariko dira hirurak lehen jardunaldian. Bakoitza bere modura, prest daude lehiari ekiteko.

 ©MANIX DIAZ DE RADA / BERRIA

«Behin harmailetatik sentitu nuena zelaian bizi nahi dut orain»

Beñat Mujika Telleria

Denboraldiaurreko lehenengo partidan min hartu zuen atzelariak, eta zelaira itzuli ezinda dabil oraindik. Realak gaur egingo du debuta Txapeldunen Ligan, Inter Milanen aurka, baina hark ez du jokatuko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...