Faboritoa zen Altuna: Ezkurdia baino askoz hobeto ari zen, eta irabazi egin zion elkarren aurka buruz buru jokatutako hiru partidetan. Hala ere, lehia estua espero zen. Baina ez da halakorik izan. Amezketarra hasi eta buka nagusitu da, eta espero baino errazago irabazi du. Beti joan da aurretik, dezenteko aldearekin: 4-0, 10-2, 17-7, 19-8 eta 21-10.
Ez da partida ona izan. Altuna ez da beste batzuetan bezain distiratsu aritu, baina ez du horren beharrik izan, Ezkurdia gaizki aritu baita, haren mailatik oso urrun. Makina bat huts egin ditu (hamabi guztira), eta horrela, ezinezkoa da Altunari irabaztea.
Garaipena lortuta, Altuna buruz buruko finalera itzuliko da bi urteren ostean. Txapeldun izan zen orduko hartan, Beñat Rezustari nagusitasunez irabazita: 22-5. Urtebete lehenago, ordea, galdu egin zuen Erik Jakaren aurka: 22-20. 2018an jokatu zuen lehena, eta 22-14 hartu zuen mendean Aimar Olaizola.
Amezketakoak bihar jakingo du noren aurka ariko den finalean. Dario Gomezek eta Aitor Elordik jokatuko dute Gasteizen, Ogetan. Ez batak ez besteak ez du inoiz jokatu Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketako finala. Bitan jokatu dute elkarren aurka buruz buru, eta bietan nagusitu da Dario.