Geroa Bai

Barkos: «Azken lau urteetan gure autogobernuaren alde borrokatzeko ausardia falta izan da»

Geroa Baik kanpainako ekitaldi nagusia egin du Baluarte jauregian. «Eskuinaren alternatiba» izango diren akordioen aldeko apostua berretsi dute.

Koldo Martinez eta Uxue Barkos gaurko ekitaldian, Baluarte jauregian (Iruñea). IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 21a
14:06
Entzun

«Egin genuen, eta berriz egingo dugu». Mezu hori zabaldu du gaur Geroa Baik, Iruñeko Baluarte jauregian egin duen kanpainako ekitaldi nagusian. Uxue Barkos Nafarroako lehendakarigaiak esan du instituzioetan «aldaketaren arnasa» berreskuratu nahi dutela: «Ez dugu nahi harroputzen, purtzilarien eta tutoretzapekoen gobernurik».

Kritika egin dio egungo gobernuari; adierazi du autogobernuaren eta ongizate estatuaren alde borroka egiteko «ausardia» falta izan zaiola Maria Txibite lehendakariari azken lau urteetan. Horregatik, maiatzaren 28an «irabaztera» aterako direla azpimarratu du.

Akordioen inguruan ere jardun du Barkosek: «Geroa Bai gehiengo progresistaren buru den lekuetan, akordioak izango dira udaletan eta gobernuan».

Koldo Martinez Iruñeko alkategaiak ere akordioen aldeko jarrera erakutsi du, «Iruñeak gobernu serio eta egonkorrak behar dituelako»: «Geroa Baik ez du liskarretan denbora galdu nahi; Iruñeak ez du liskarrik nahi», gehitu du.

Akordioak, alderdikeriaz

Bi hautagaien aurretik, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak eta Jose Mari Aierdi gobernuko kontseilariak hitz egin dute. Hualdek azpimarratu du Geroa Bai gakoa dela «alternatiba pluralak» osatzeko: «Beharrezkoak izan gara UPNk eta Navarra Sumak dakarten eredu baztertzaile horri aurre egiteko, eta alternatiba aurrerakoia eraikitzeko».

Akordioak egitean PSNk duen jarrera gaitzetsi du: «Guk eskuinaren alternatiba diren akordioen alde egin dugu beti; PSNk, ordea, alderdikeriaz soilik egin du gobernu aurrerakoien alde, komeni izan zaion lekuetan», adierazi du.

Aierdik, berriz, klima larrialdiaren eta etxebizitzaren auzietan Geroa Baik egin duen lana nabarmendu du. Besteak beste, esan du zortzi urte daramatzatela etxebizitza eredua berritzen, eta orain «beste batzuek» hauteskundeetan baliatu egin nahi dutela hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.