Elbarriek «eskubide osoen» jabe izan nahi dute

Elbarrien «diskriminaziorik eza» bermatzeko eskatu diete maiatzaren 28ko bozetara aurkezten diren alderdiei. Dokumentu bat ondu dute legea betetzeko eskatzeko.

Gasteizen egin dute agerraldia gaur elbarritasunak dituzten hainbat lagunek. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 24a
14:05
Entzun

Elbarritasun mota ezberdinak dituzte, baina denek nozitzen dituzte euren bizitza proiektuak garatzeko «eragozpen sistematikoak». Salatu dute alderdi eta instituzioek ez dituztela beti betetzen aukera berdintasuna bermatzeko legeak, eta, horrek, praktikan, «bigarren mailako herritarrak» izatera bultzatzen dituela. «Eskubide osoen» jabe izan nahi dutela aldarrikatu dute, eta, horretarako, legea betetzeko eskatu diete maiatzaren 28ko hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei. Ohartarazi dute legea betetzea aski dela desgaitasunen bat dutenen «aukera berdintasuna», «diskriminaziorik eza» eta «irisgarritasun unibertsala» bermatzeko, eta, beraz, araudia praktikara eramateko deia egin diete hautetsiei. Ez hori bakarrik: galdegin diete azaldu dezaten zergatik ez den betetzen legedia. Dokumentu batean jaso dituzte alderdiei egindako eskariak.

Hamaika horma eraitsi behar dituzte egunero desgaitasunen bat dutenek, eta, gaur, komunikabideen aurrean aurkeztu duten agiri batean jaso dituzte horietako batzuk. Karmele Antxustegik, Arantxa Basagoitik eta Pedro Garcia del Pozok hitz egin dute dokumentua sinatu duten guztien izenean. Azaldu dutenez, agiriak elbarrien «begirada askotarikoak» islatzen ditu: «Batu gara esateko gutako denok ditugula hutsuneak, eta legeak ez betetzearen ondorioak guk eta gure sendiek pairatzen ditugula». Esplikatu dute beren burua baino ez dutela ordezkatzen, ez dutela hitz egiten elkarte baten izenean, eta ez doazela «inoren aurka», baizik «aukera berdintasunaren alde». «Pertsona itsuak gara, gorrak, mugikortasun murriztudunak, atzerapen kognitibodun edo autismodunak, eta maila guztietako laguntzaren beharra dugunak». Aniztasun horren barruan denek topatzen dituzte eguneroko bizitza garatzeko «zailtasunak».

Hezkuntza sistemak, adibidez, ez die laguntzaile bat jartzen ziklo guztietako ikasleei, eta maiz «eragotzi» egiten diete keinu interprete bat behar duten ikasleei. Osasun arloan ere traba ugari aurkitzen dituzte. Mediku kontsultetan eta osasun zentroetan irisgarritasun neurririk ez da ezartzen, eta askotan osasun arretarik gabe geratzen direla salatu dute. Are, ohartarazi dute gaixotasun kronikoak eta ezgaitasun handiak dituztenak tratamendurik gabe geratzen direla .

Salatu dute, halaber, «ikusezina» dela andre elbarriek jasaten duten indarkeria matxista, eta «intimitaterik eza», gorputzei eta gorputz funtzioei buruzko «etengabeko iruzkinak» eta «gizatasunik gabeko» tratua pairatzen dituztela.

Era berean, salatu dute ez dela betetzen irisgarritasunari lotutako araudia. Azaldu dute «debekatua» dutela eraikinetara eta dendetara sartzea, «mugatua» dutela kaleko garapen «autonomoa» eta garraio publikorako sarbidea, eta adimen desgaitasunen bat dutenei «ulertezin» egiten zaizkiela ingurune anitz. Behar handiak dituzten seme-alabei arreta emateko orduan, berriz, laguntza urria duten gurasoen egoera kezkagarriaren berri eman dute: «Batez ere amek prekaritate ekonomiko handia dute, eta, praktikan, soilik zaintzara emanak daude». Etxetik kanpo bizitza proiektu bat abiatu nahi dutenentzat, bestalde, zahar etxeak dira aukera bakarra, salatu dutenez.

Dokumentuan, azpimarratu dute elbarrien eguneroko errealitate hori kudeatzea dagokiela alderdi politikoei: «Arreta ematea ez da aukera bat, baizik gure bizitza konplexuek dituzten erronkez arduratzeko aukera bakarra». Alderdiei eskatu diete «aitzakiarik» ez bilatzeko, eta euren «lehentasunen» artean ezartzeko desgaitasunen bat dutenen eskubideak bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.