Albistea entzun

Kirol eskalada

Oraina eta geroa: Linazisoro eta Uson garaile Espainiako blokeko 2. proban

Madrilgo azken probaren faltan, bi eskalatzaileak aukera handiarekin dira Kopa eskuratzeko, maila nagusian Linazisoro eta 14 urtez azpikoetan Uson. Elur Arteaga bigarren izan zen 18 urtez azpikoetan.

Mikel Linazisoro, blokeetako batean goia jo ondoren.
Mikel Linazisoro, blokeetako batean goia jo ondoren. EMF Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko maiatzak 25 12:37

Blokeko Espainiako Kopako bigarren proba jokatu zen aurreko asteburuan Cuencan (Espainia), eta euskal selekzioko ordezkaritza zabala bertaratu zen. Emaitzak bikainak izan ziren: lau podium, eta horietatik bi koskarik gorenean. Kirol honek Euskal Herrian duen indarraren eta eskaladaren orainaren eta geroaren erakusle izan zen Cuencako Bosque de Aceroko boulderra. Maila nagusian, Mikel Linazisoro bergararra (Gipuzkoa) nagusitu zen, eta 14 urtez azpikoetan, Eñaut Uson tolosarra (Gipuzkoa). Bat hemen da, bestea badator. Linazisorok bide luzea du oraindik egiteko; Usonek zer esanik ez. Oraina eta geroa, biak izan ziren garaile Espainiako Kopako bigarren proban, eta okerrik ezean, hirugarrenaren faltan, Kopa eskuratzeko aukera handiekin dira.

Kale edo bale, horixe zen Cuencako probaren araua: irabazleek bloke guztiak gainditu behar zituzten garaipena eskuratzeko, gainerakoan aukerarik gabe geratuko baitziren. Mutiletan, lehia estua izan zuten Linazisorok, Guillermo Peinado madrildarrak (Espainia) eta Eneko Carretero zumaiarrak (Gipuzkoa). Sailkapeneko blokeetan lehen hiru postuak eskuratu zituzten, eta finalean ere lau blokeetan jo zuten goia. Linazisorok, ordea, bi lehiakideek baino eraginkortasun handiagoz jardun zuen, eta saialdi bakarra huts egin zuen finaleko blokeetan. Peinado izan zen bigarren, eta Eneko Carretero hirugarren. Andoni Esparta bilbotarra ere bikain aritu zen; bosgarren azkenean. Joanes Esparta anaia 12. izan zen.

Garaipen honi esker eta Oviedon jokatutako lehen probako laugarren postuari esker, Espainiako Kopako liderra da Linazisoro. Alejandro Crespo Oviedoko garailea ez zen Cuencan lehiatu, eta, beraz, azken garaipena eskura du eskalatzaile bergararrak. Hurrengo asteburuan jokatuko da hirugarren eta azken proba Madrilen.

Nesken maila nagusian, Aida Torres kataluniarra izan zen finaleko lau blokeak gainditu zituen bakarra. Haren atzetik, Rebeca Perez aragoiarra izan zen bigarren eta Lucia Sempere valentziarra (Herrialde Katalanak) hirugarren. Euskal ordezkariei dagokienez, Ainhize Belar atxondarra (Bizkaia) zortzigarren izan zen, Irati Zabala oiartzuarra (Gipuzkoa) hamabosgarren, Maria Feo Miguela leitzarra (Nafarroa) hamazazpigarren eta Oihane Ruiz de Argandoña iruindarra (Nafarroa) hogeigarren.

Gaztetxoen artean, Eñaut Uson tolosarra nagusitu zen 14 urtez azpikoetan, eta Kopako sailkapen orokorrean ere lider jarri da. Oviedon bigarren izan zen Uson eta Cuencan irabazle. Madrilgo azken proban berretsi beharko du Usonek Kopako garaipena, eta lehia horretan Carlos Ferreira estremadurarra izango du aurkari nagusi. Lier Perez hamargarren izan zen maila honetan. Nesketan, 14 urtez azpiko kategoria honetan, Euskal Herriko hainbat ordezkari aritu ziren: Elene Otermin (11), Araceli de Bilbao (20), Laia Beltran (21), Iraia Urtiaga (24) eta Aiora Perez (26).

Elur Arteaga bigarren 18 urtez azpikoetan

Elur Arteaga tolosarra (Gipuzkoa) ere dotore aritu zen 18 urtez azpikoetan, eta podiumaren bigarren koskara igo zen azkenean. Denbora gutxi darama Arteagak goi-mailan lehiatzen, eta ikusgarria izaten ari da haren goranzko ibilbidea. Intza Elizalde, beste tolosar bat, podiumaren atarian geratu zen; laugarren izan zen azkenean. Oviedoko lehen proban garaile izan zen Elizalde, eta beraz, titulua lortzeko hautagaietako bat da. Ainhoa Uskola hamargarren izan zen 18 urtez azpikoetan.

Nesketan, 16 urtez azpikoetan, podiumetik gertu ibili ziren Maddi Agirre eta Ines Allende, bosgarren eta seigarren azkenean, hurrenez hurren. Gorantz datoz biak ala biak, nahiz eta Allende maila berrira egokitzen ari den oraindik. Udane Mujika elduaindarra (Gipuzkoa) 13. izan zen eta Naroa Aierdi nafarra hamabosgarren. Hamasei urtez azpiko maila honetan, mutiletan, Gari Markuerkiaga 18. izan zen, eta Aratz Sanzol nafarra 29.

Ekainaren 2tik 4ra jokatuko da Madrilen 2023ko Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba.

Espainiako Kopako Cuencako probaren sailkapen guztiak Espainiako Mendi Federazioaren webgunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. ©XABIER ORMAZABALEN BILDUMA

Oroimenean daukate

Ramon Olasagasti

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.