Albistea entzun

TXIRRINDULARITZA

Berpiztu egin da Roglic, eta itzali Almeida

Esloveniarra bere onera itzuli da Giroko hemezortzigarren etapan, eta bigarren jarri da nagusian, Almeidari aurrea hartuta. Estu ibili da portugaldarra, eta 21 segundo galdu ditu. Garaipena Zanarentzat izan da, ihesean

Primoz Roglic eta Joao Almeida, helmugara iristen.
Primoz Roglic eta Joao Almeida, helmugara iristen. Luca Zennaro / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko maiatzak 25 18:45

Ahulaldia izan zuen Primoz Roglicek (Jumbo) asteartean, Bondonen gora. Joka hasi zitzaion alarma, eta zarata handitu egin da gaur, etapako lehen igoeran atzera eginda ibili denean. Mendiko beste saio gogor bat zuen Giroak, eta esloveniarra zalantzak hauspotzen ari zen. Haizatu egin ditu gero, ordea: erasora jo du amaieran, eta Giroa irabazteko beste bi hautagai handien pare dagoela erakutsi. Geraint Thomasek (Ineos) tinko eutsi dio Roglicen astinduari, eta, ondorioz, lasterketako lidergoari. Joao Almeida (UAE), aldiz, ez da Bondonen etapa irabazi zuen berbera izan, eta larri ibili da. 21 segundoko atzerapena izan du helmugan bi aurkariekin, eta hala, nagusiko bigarren postua kendu dio Roglicek. Jumbokoak 29 segundora du Thomas, eta 39ra Almeidak.

Oilarrak helmugaratu aurretik, iheslari saiatu batek altxatu ditu besoak Val di Zoldon: Flippo Zanak (Jayco). Lehia estua izan du Thibaut Pinotekin (Groupama), eta esprintean menperatu du frantziarra. Berriz ere kale egin du Pinotek; hori bai, bere egin du mendiko maillota, eta jauzi handia egin sailkapenean: zazpigarren jarri da.  

Mendi sorta ederra zuen etapak: bost igoera gainditu behar izan zituzten, azken hirurak oso segidan. Nolanahi ere, ordekarik ere bazegoen 161 kilometroko ibilbidean. Esaterako, lauak ziren aurreneko 30 kilometroak, lehen mailako Passo della Crosetta igotzen hasi aurretik. Asko izan dira malden zain egon gabe aurrera egiten saiatu direnak. Erasoari erasoa lotu diote iheslari-gaiek, eta elkar deuseztatu dute. Aldapan gora, baina, bost txirrindulari ipurtarin aitzineratu dira: Thibaut Pinot (Groupama), Aurelien Paret-Peintre (Ag2r), Derek Gee eta Marco Frigo (Israel), eta Filippo Zana (Jayco).

Gain-gainean zuten tropela gailurrean, Ineosek erritmo bizia ipini duelako. Baretu egin dira gero Thomasen zaindariak, eta bidea egiten utzi diote aurreko boskoteari. Zazpikote bihurtu da berandu gabe: atzetik aurrera egin dute Warren Barguilek (Arkea) eta Vadim Pronskiyk (Astana). Pinotek 6.48ko atzerapena zuen sailkapen nagusian, baina faboritoek ez dute mehatxutzat jo. Bidea eginez joan da ihesaldia, eta sei minutuko errentarekin iritsi da Forcella Cibianako igoerara, helmugarako 35 kilometroren faltan.

UAEko ziklistek saialdi herabea egin dute abiada bizitzeko. Azkenean, Ineosek egin du estutua, mendateko zatirik gogorrenean. Xehatua hartu du multzoak. Coi zen hurrengo mendatea, eta han egin du eztanda lasterketak, azken hamar kilometroetan sartuta. Ihesaldian, aurkari guztiak lehertu dituzte Pinotek eta Zanak; eta onenen artean, erasora jo du Jumbo Visma taldeak. Kussek soka tenkatu ahala, atzera egin du Almeidak. Distantziari ondo eutsi dio, Vineren laguntzaz.

Guztiz berpiztuta zegoen Roglic. Eraso egin du, baina ezin izan du Thomas gurpiletik askatu. Almeidak hamar segundo inguru zituen galduak mendate gainean. Ordea, bakarrik gelditu da azken igoeran, indarrez hustu delako Vine, eta tartea apur bat handitu dute Roglicek eta Thomasek. Dena den, alde txikiak izan dira berriro hautagai handien artean. Etapa garaipenaren lehia ere oso parekatua izan da: Pinotek ahaleginak eta bi egin ditu Zana atzean uzteko, baina oso sendo jardun du italiarrak, eta azkarragoa izan da azken ahaleginean.  

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Eizagirre, Anoetan, 2024ra arte berritu duela dioen elastikoarekin. ©Reala

Nerea Eizagirrek beste urtebeterako berritu du Realarekin

Julen Etxeberria

Erdilari tolosarrak zortzigarren denboraldia egingo du txuri-urdinen lehen taldean. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea», esan du kapitainak

 ©JON URBE / FOKU

«Pena daukat Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz»

Julen Etxeberria

Julen Aginagaldek bihar jokatuko du azken partida erretiroa hartu aurretik, 40 urterekin, eta punta-puntan 24 urtez aritu eta gero. Kirol ibilbide luze eta oparoa egin du; irabaz daitekeen ia dena irabazi du: «harro» dago egindakoaz.
Orioko arraunlariak iazko Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondorengo ospakizunean. ©JON URBE / FOKU

Lehen helburuak jokoan

Beñat Mujika Telleria

Neguko sufrimenduak ahaztu, eta igandean hasiko dituzte arraunlariek traineruen urteko lehen txapelketa ofizialak. Zarautzen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa. Iazko garaipenak errepikatzen saiatuko dira Orio eta Hondarribia.

Jokin Altuna, pilota batekin jolasean, Aitor Elordi aukeraketa hastear zegoen unean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Xehetasun txikietan dago txapela

Imanol Magro Eizmendi

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak hautatu dituzte finalerako. Jaurlaritzak dopin kontrola egin die finalistei. 215 sarrera gelditzen dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.