Zirkua

Argako erregina betierekoa

Estefania de Paz aktoreak liburu batean jaso du Remigia Etxarren funanbulista iruindarrari buruz idatzitako antzezlana. Ahanzturari egin behar izan dio aurre De Pazek, lehen mailako artista horren bidea ezezaguna baita iruindar gehienentzat. Aktoreak Etxarren oroitu eta «imajinatu» nahi izan du.

jarraia228543.jpg
edurne elizondo
2023ko maiatzaren 26a
10:51
Entzun

Remigia Etxarren jaio eta hil zen Iruñeko Alde Zaharrean, garai batean, teilatuz teilatu ibiltzen ziren katu guztiek Remigia izena zuten. Funanbulista oroitzeko eta omentzeko modu bat zen; Remigia Etxarren lehen mailako zirku artista bat izan zen, emakumeentzat etxetik kanpoko mundua debekatua zegoen garai batean. 1853an sortu zen, eta 1921ean hil.

Etxarrenen heriotzaren mendeurrena baliatu zuen Estefania de Paz aktoreak, 2021ean, orekaria ahanzturatik atera eta «merezi» duen tokian jartzeko: antzezlan bat eta erakusketa bat prestatu zituen funanbulistari buruz. Azken bi urteotan, obra berrehun aldiz aurkeztu du Nafarroan eta hemendik kanpo, eta hamaika pertsona batu ditu bere proiektura. Remigia Etxarreni aitortza egin nahi izan dio, eta betiereko bilakatu du Argako erregina. Orain, Reikiavik argitaletxeak plazaratutako liburu batean jaso du azken bi urteotan egindako lan hori guztia: La reina del Arga (Argako erregina).

Ezizen hori jarri zioten Etxarreni, 1883. urteko sanferminetan Arga ibaia hamar metro gorago jarritako hari batetik zeharkatu eta gero. Agustini andereñoa zen funanbulista harira igotzen zenean. «Hurrengora arte» erranez agurtu zituen bere azken saioko ikusleak, eta hitza bete du, Estefania de Pazi esker: itzuli da, eta luzaroan gelditzeko asmoz.

De Pazek garbi erran du Etxarren oroitzeko lana ez dela amaituko orain kaleratutako liburuarekin. Azken orrian, hain zuzen, mezu elektronikoak jasotzeko helbide bat argitaratu du —[email protected]—, funanbulistari buruzko daturen bat duen edonork informazio hori bidal diezaion. De Pazek Etxarrenen argazki baten bila segitzen du, orain arte orekariaren kartel bateko marrazkia baino ez baitu aurkitu. «Sarasateren eta Gaiarreren garaikoa izan zen Remigia Etxarren; musikarion hamaika argazki daude, baina Remigiaren irudi bakar bat ere ez; emakumea zelako gelditu zen bazter», erran du.

Lorena Arangoa, euskaraz

Sortutako antzezlanaren bidez, Estefania de Pazek gorpuztu du Etxarren; Lorena Arangoak ere bai, hark egin baititu euskarazko emanaldiak. Irurtzungoa da Arangoa, eta herri bereko Nerea Balda idazleak egindako itzulpena izan du lanerako tresna. «Estefaniak [De Paz] obra egiteko aukera proposatu zidanean, bi astez egon nintzen urduritasuna ezin bazter utzi». Clowna da Arangoa, eta ia testurik gabeko ikuskizunak egiten ditu. De Pazek, halere, garbi izan zuen hasieratik Arangoak egin behar zuela. «Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Lagunak gara, eta badugu konfiantza. Niretzat luxu bat izan da obra hau egitea», aitortu du Arangoak.

Bi aktoreak dira Remigia, baina Remigia gehiago badaude. Garazi Pascual zirku artista ere bada Argako erregina. Liburua aurkezteko ekitaldian —maiatzaren 18n egin zuten, Iruñeko Kondestablearen jauregian—, burdin harira igo da, eta De Pazen antzezlanerako Gorka Pastorrek idatzitako musikak ezarritako erritmoari jarraitu dio bere dantza ariketekin eta akrobaziekin. «Saio berezia izan da, ohore handia baita niretzat Remigia Etxarrenen rola betetzea», kontatu du Pascualek, lurretik bi metrora jarritako burdin haritik jaitsi eta gero.

Pascual 18 urterekin hasi zen zirkuan, Iruñeko Oreka eskolan. Estefania de Pazek Argako erreginari buruzko ikuskizuna egin arte, ordea, ez zuen Etxarrenen inongo berririk. «Europan lehen mailako artista izan zen; ez ziren hainbeste, eta, hala ere, haren berririk ez zaigu iritsi. Pena da, emakumea zelako ahaztu egin baitugu». Ahanzturaren aurka, irudimena aldarrikatu du.

Horixe egin du, hain justu, De Pazek. «Imajinatu» duen Remigia Etxarren eraman du herriz herri eta oholtzaz oholtza; eta oholtza horietatik guztietatik ikusleak ere deitu ditu funanbulista «imajinatzera».

Reikiavik argitaletxeak kaleratutako liburua hiru zatitan banatu dute, eta haietako bat da, hain zuzen, «imajinatutakoa». Atal horretan, De Pazek hauek jaso ditu, bertzeak bertze: funanbulistaren omenez idatzitako antzezlana —euskaraz eta gaztelaniaz—, antolatutako erakusketako piezen argazkiak —Kiko Ortega Lafuentek eginak—, bai eta De Pazek egindako collageak ere.

Aurkitutakoari buruzkoa da lehendabiziko atala, eta hor Etxarreni buruz topatu duenaren berri eman du aktoreak: Etxarrenen gutun bat, 500 pezetako faktura bat, eta orekariaren heriotzaren berri ematen zuen eskela, bertzeak bertze. De Pazek, gainera, Etxarrenen idazkera aztertzeko eskatu dio Jose Antonio Leon adituari, eta liburuan jaso du azterketa horren emaitza. Aditu horren lanaren arabera, «idazteko ohitura» zuen Etxarrenek, eta «pertsona nahiko jantzia» zen. Europan hamaika bira egin zituen, eta, hariaren gainean, beti bilatu zuen lanik ikusgarriena eskaintzea.

Istripu baten ondorioz utzi behar izan zuen hari gaineko bere lana. Hamabost metrotik erori zen 1892. urtean, Ondarroan (Bizkaia). Sorterrira itzuli, eta loteria saltzen aritu zen, 1921ean hil zen arte.

Pasabideak eta mural bat

Lortutakoari buruz egin du Estefania de Pazek liburuko azken atala. Liburu osoa jo du aktoreak funanbulistari egindako omenalditzat, baina nabarmendu nahi izan ditu 2021ean Etxarreni buruzko proiektua abiatu zuenetik lortu dituen bertze bi kontu: batetik, Argako pasabideak Mademoiselle Agustiniren pasabideak direla orain, Iruñeko Udalak izena aldatzea aho batez erabaki eta gero; eta, bertzetik, Iruñeko Lezkairuko Aitzindarien parkean ere badela zirku artista oroitzeko irudi bat. Miriam Cameros ilustratzaileak ere marraztu du funanbulista, eta bere egin du Remigia Etxarrenen figura.

Paco Rodak eta Ana Diez de Urek Remigia Etxarrenen garaiari eta ezagutu zuen Iruñeari buruz idatzitako testua, antzezlana ikusi duten hainbat pertsonaren iritziak eta German Castañedak obrari buruz idatzitako kritika ere jaso ditu liburuak.

«Estefaniaren [De Paz] izena agertzen da azalean, baina jende anitz dago proiektuaren atzean», zehaztu du Reikiavik argitaletxeko editore Iruña Iriartek. Iruñeko Gaiarre antzokiko zuzendari Gregoria Navarrok eman zion aktorea Remigia Etxarrenen inguruan egiten ari zen lanaren berri, eta, ezagutu bezain laster, garbi ikusi zuen liburua egin behar zutela.

Estefania de Paz Asin, Remigia Etxarren omentzeko prestatzen ari den erakusketako objektuekin. IÑIGO URIZ / FOKU

Ekainean, Bilbon

Argako erreginari buruzko antzezlanaren berrehun saio baino gehiago egin eta gero, antzezlanaren bidea amaitzear dela aipatu du Estefania de Pazek. Igandean Nafarroako Antzerki Eskolan aurkeztu zuen La reina del Arga; eta datorren ekainaren 21ean, berriz, Bilbon emanen du. De Pazek eginen du gaztelaniazko saioa, eta Lorena Arangoak euskarazkoa.

Remigia Etxarreni buruzko proiektua ez da antzezlanarekin amaituko. «Bizirik jarrai dezala nahi dugu», nabarmendu du Iruña Iriartek. Estefania de Pazek berpiztu du Iruñeko Alde Zaharreko funanbulista, baina aktorea gai izan da, gainera, hiri osoa inplikatzeko orekariari aitortza egiteko bere asmoan. Etxarrenen argazki baten bila segituko duela berretsi du, eta gauza bat eskatu die herritarrei: «Argako pasabideak zeharkatzen dituzuenean, zerura begiratu, eta oroitu Agustini andereño ausartarekin». De Pazek ezin izanen du inoiz ahaztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.