Etxe merkatua
%13 hipoteka mailegu gutxiago sinatu ziren martxoan
Iazko hilabete berean baino 387 mailegu gutxiago sinatu ziren Hego Euskal Herrian, baina aurtengo otsailean baino %8 gehiago. Maileguen batezbestekoa 155.000 eurokoa izan zen.

Martxoan 2.806 hipoteka mailegu sinatu ziren Hego Euskal Herrian. Otsailean sinaturikoak baino %8 gehiago dira, baina iazko martxoan sinaturikoak baino %14 gutxiago. Interes motaren datuei dagokienez, Euskal Herriko galbahea ez dago egina, baina Espainiako datuak deigarriak dira: maileguen %61,5ek interes tipo finkoa zuten. Datuak Espainiako Estatistika Institutuarenak dira.
Martxotik otsailerako bilakaera gorakoa izan zen, baina kontuan hartu behar da hilabeteak hiru egun gehiago dituela, eta zenbaketa kuantitatiboa egitean xehetasun nabarmena da. Dena den, badirudi etxeen merkatua apurka suspertzen ari dela, baina koska bat falta zaio oraindik iazko datuetara gerturatzeko. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Nafarroako datuak izan zuen bilakaera: otsailean 427 mailegu sinatu ziren, eta martxoan 511, alegia, %19,7 gehiago.
Utzitako diru kopuruaren bilakaera antzekoa izan zen. Martxoan, bankuek 375,6 milioi euro mailegatu zituzten Hego Euskal Herrian —155.306 euro hipoteka maileguko, batez beste—; otsailean baino %11,9 gehiago, baina iazko martxoan baino %11,8 gutxiago –151.940 euro maileguko--.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.