Akordioa urrun, Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek «borrokan» jarraituko dute

Gaur amaitu dute ELAk deitutako aste osoko greba. Ekainaren 1ean dute negoziazio mahaia, eta horren ostean erabakiko dute zer egin.

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileak, gaurko mobilizazioan, Donostian. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 26a
13:31
Entzun

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek bosgarren greba eguna izan dute gaur; astelehenetik daude greban, hitzarmena berritzeko negoziazioa desblokeatzeko. ELAk, sektorean gehiengo absolutua duen sindikatuak —ordezkaritzaren %55 du—, gogorarazi du 2018tik hitzarmena berritu gabe dagoela, eta patronalaren proposamena «guztiz atzerakoia» dela iritzi du Ane Alberdik, ELAren Gipuzkoako garbikuntzako arduradunak. Ekainaren lehenean dute hurrengo negoziazio bilera, eta, Alberdiren arabera, bilera horren ostean erabakiko dute zer egin. Patronalaren eta sindikatuaren proposamenen artean alde handia dago oraindik, baina azken bileran proposamen berria egiteko eskatu zioten patronalari, eta horiek erantzun zioten beste zerbait eramango zutela hurrengo bilerara. Hogei bilera baino gehiago egin dituzte 2018tik hona.

Negoziazioa blokeatuta dagoela dio Alberdik, patronalaren proposamenak ez dituelako soldaten igoerak KPIarekin lotzen. Horrez gain, adierazi du aurreko hitzarmena okertzen duela proposamenak; horregatik erabaki zuten, hain zuzen ere, grebara deitzea. ELAren eskakizun nagusiak hiru dira: «Lehenik eta behin, 2018tik hona galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, eta datozen urteetan KPIaren araberako soldata igoerak izatea. Bigarrenik, partzialtasuna amaitzeko neurriak behar dira, sektorean 5.000 langiletik %80 baino gehiago lanaldi partzialean daudelako kontratatuta. Azkenik, lan kargen erregulazioa eskatzen dugu, garbikuntzaren sektorean lan kargak izugarriak direlako».

Alberdiren esanetan, azken urteetan lanaldiak gero eta gehiago ari dira murrizten, baina lan bera dago; beraz, langileek duten lan karga lehen baino handiagoa da. Lanaldien murrizketa horiek enpresek eta bezeroek egiten dituztela dio. Hainbat bezero mota dituzte garbikuntza enpresa horiek, baina azpimarragarrienak dira erakunde publikoetako eta administrazioko egoitzak —udaletxeak, foru aldundia eta abar—, bulegoak, fabrikak eta merkataritza dendak, baita etxeetako atariak eta eskailerak garbitzen dituztenak ere.

Hitzarmen berriaren negoziazioen blokeoaz gain, sektoreak berak dituen hainbat arazoz jardun da Alberdi. Dio langileak «oso atomizatuta» daudela, askok bakarka egiten baitute lan, edo oso langile gutxirekin dutelako harremana. Bestalde, langileen gehiengoa lanaldi partzialetan dabil lanean, eta gehienak emakumeak dira. Soldata arrakala ere arazo handia dela salatu dute.

Aspel patronala

Espainiako Aspel patronalarekin ari dira negoziatzen hitzarmen berria. Alberdik adierazi du Madrilen dagoen patronal hori Gipuzkoako errealitatetik oso urrun dagoela, eta ez dituela sektoreko langileak ordezkatzen. Gainera, Espainian nagusi diren enpresa handiek, Eulen eta Clece esaterako, Gipuzkoan langile gutxi dituztela nabarmendu du: «Aspelen barruan ez dauden enpresak dira Gipuzkoan langile gehienak dituztenak. Beraz, gure ustez, egoera honen erantzuleak, Aspelez gain, Aspelen ez dauden enpresak ere badira, prekaritate egoera horrekin jarraitzen dutelako».

Gipuzkoako eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten 5.000 langile horietako askok administrazio publikoaren eraikinak garbitzen dituzte, eta «ezkerreko, zentroko zein eskuineko» alderdi politikoen jarrera salatu du ELAk. Hauteskunde kanpainan prekaritatearen aurkako jarrera adierazten dutela dio sindikatuak, baina nabarmendu du gero haien udaletxe eta eraikinetan langileak baldintza prekarioetan azpikontratatzen dituztela.

Negoziazio mahaian dauden gainontzeko sindikatuak ere kritikatu ditu ELAk. Diote blokeo egoera horren aurrean sindikatuen arteko mahai bat deitu zutela, greba deialdia egiteko, baina nabarmendu du ez dutela babestu. ELAk duen erresistentzia kutxa nazionala grebak egin ahal izateko «ezinbesteko tresna» dela dio sindikatuak. Hala ere, gainontzeko sindikatuek ere ez dute patronalaren proposamena eta jarrera onartzen.

Lan sektore feminizatua

Emakumeak gehiengoak dira eraikinen eta lokalen garbiketan, eta Alberdik adierazi du ez dela kasualitatea feminizatutako sektore horretan partzialtasuna %80 baino handiagoa izatea. Horrez gain, sektorean soldata arrakala salatu dutela nabarmendu du. Izan ere, kale garbikuntzan erratza pasatzen aritzen den langile baten oinarrizko soldata eraikin eta lokaletako garbitzaileen oinarrizko soldata baino %40 handiagoa da.

Maricruz Elkoro ELAko zerbitzu pribatuen federazioko arduradunak adierazi du erresidentzietako langileek lortu duten akordioa «historikoa» izan dela, eta gehitu du Gipuzkoako garbitzaileek haien testigua hartu dutela orain: «Egoera guztiz aldatu nahi dugu, eta hitzarmen on bat lortu nahi dugu. Aste osoa greban eman dugu, hori delako uzten diguten bide bakarra. Eta ez badigute beste biderik uzten, greban jarraituko dugu, baita mobilizazioak egiten ere. Hori ziur izan, gure erresidentzietako lagunek egin duten moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.