Futbola

Nekane Diez: «Pribilegiatu bat izan naiz familia honen parte izateagatik»

Athleticeko jokalariak hunkituta eta negarrari eutsi ezinda esan dio agur futbolari. Hamasei urte egin ditu talde zuri-gorrian. «Nire familiak eta nik txikitatik genuen ametsa bete dut».

Nekane Diez, negarrez, agur prentaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 26a
17:29
Entzun

«Urte hauetan, denboraldia amaitzen zen aldiro, taldekide asko ikusi ditut erretiroa hartzen. Gaur niri tokatu zait. Bidaia hau ahaztezina izan da, zoragarria. Pribilegiatu bat izan naiz. Harro esan dezaket klub eta familia zuri-gorriaren parte izan naizela, eta nire familiarekin batera txikitatik nuen ametsa bete ahal izan dudala». Hunkituta eta malkoei eutsi ezinik. Halaxe esan dio agur futbolari Nekane Diezek, Athleticeko jokalariak. Hamasei denboraldi, 381 partida eta 162 gol. Denak Athleticekin. Elastiko zuri-gorriarekin debuta egiten inoizko jokalari gazteena ere bada, 15 urte, 11 hilabete eta 27 egunekin. Zelaian eta aldagelan arrastoa utzita doa.

Diezek duela astebete jakinarazi zuen erretiroa hartuko zuela, eta behin talde zuri-gorriak denboraldia amaituta, gaur agerraldia egin du San Mamesen. Harekin batera izan dira, besteak beste, taldekideak, Iraia Iturregi entrenatzailea, Jon Uriarte presidentea eta Xabi Arrieta eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Atzera eginda hasi du agerraldia. Lezamara iritsi zen eguna izan du akorduan. «Ez dut sekula ahaztuko, 2007ko maiatzeko egun hartan, gurasoek Iñigo Juaristiren deia jaso zuten unea. Beren bizitzako erabaki garrantzitsuenetako eta zailenetako bat hartu behar izan zuten: 15 urteko alabari etxetik joaten uztea. Iltzatuta geratu zait nola igo nituen Mañarikuako egoitzako eskailerak. Atzera begiratu, eta ama erdi negarrez zegoen. Oso ausartak izan ziren ni joaten utzita».

Lezamara iritsi zenetik «jokalari, baina, batez ere pertsona paregabeekin» topo egin duela nabarmendu du. «Denak aipatuko nituzke. Baina batez ere eskerrak eman nahi dizkiet Arrate Oruetari eta Txibiri [Aitziber Juaristi]. Aldagela hura zapaldu nuen lehen egunetik lagundu, zaindu eta babestu egin nauzue». Izan ere, gogorarazi du bidea ez dela erraza izan. «Tituluak galdu ditut modu krudelean, Athleticekin garaikur bat irabazteko ametsa ezingo nuela bete pentsatzeraino». Baina 2015-2016 denboraldia iritsi zen, bere kirol ibilbidean arrastorik handiena utzi duen sasoia. «Batetik, guztiok hainbeste desio genuen liga irabazi genuen. Baina, bestetik, futbolariok izan nahi ez dugun lesioa izan nuen: belauneko lotailu gurutzatua apurtu nuen. Bizitza eta futbola, ordea, hori dira, gorabeherak izatea, eta horiei aurre egitea. Denetatik ikasten da. Denek laguntzen zaituzte zaren pertsona izaten».

Asteazkenean jokatu zuen azken partida. Real Madrilen aurka, Espainiako Kopako finalerdietan. «Poza eta tristura» sentitu zituen neurketa amaieran. «Lasai eta asebeteta» doa. «Zaila da agur esatea. Baina nire onena eman dut, eta bete-betean bizi izan dut une bakoitza. Elastiko hau jantzi duen edozein jokalarik bizi eta sentitu nahiko lukeen guztia bizitu eta sentitu dut 16 urtez. Ezin dut gehiago eskatu. Oso-oso zoriontsu noa». Ez luke jakingo une bat aukeratzen. «Ziurrenik aldagelan bizitako momentuekin geratzen naiz, eta jendearekin». Arantza bat geratzekotan, Kopa ez irabaztea izan da. «Gertu izan dugu, ia eskura. Baina ziur nago klubak, multzoak, borrokan jarraituko duela, eta noizbait lortuko dugula irabaztea».

Uzteko erabakia ez du egun batetik bestera hartu. «Aspalditik neraman horren inguruan hitz egiten, batez ere etxekoekin eta taldeko psikologoarekin» . Arrazoia? «Azken denboraldietan ez dut nahi beste jokatu, eta nahiz eta modu batera edo bestera nire ekarpena egin, sentitzen nuen zelaian ez nintzela berdina. Uzteko garaia zela sentitu dut». Eskerrak eman dizkie entrenatzaileei, mediku taldeari, zuzendaritza batzordeei eta kirol zuzendariei. «Denboraldiro-denboraldiro amets hau bizitzen jarraitzeko aukera eman didazue». Bestetik, Lezamako langileak ere gogoan izan ditu. «Denak izan zarete bide polit honen parte». Zaleei ere egin die aipamena. «Beti sentitu izan zaituztet gertu. Funtseko pieza bat zarete familia honetan».

Taldekideei mezua
Baina, zalantzarik gabe, hitz hunkigarrienak taldekideentzat izan ditu. «Ondo dakizue azken urte hauek ez direla errazak izan. Ziurrenik hanka sartuko nuen noiz edo noiz. Baina hitzematen dizuet partida eta entrenamendu bakoitzean nire onena eman dudala. Baina batez ere zelaitik kanpo eman dut nire onena. Esan nizuen moduan asko gozatu eta ikasi dut. Etorkizun oparoa duzue aurretik. Gozatu, denbora bizkor doa, eta une honetan zuek zarete amets hau bizitzeko aukera duzuenak». Egunerokoan haien hutsunea «izugarri» antzemango duela uste du. «Hori izango da gogorrena, zailena. Atzo, pentsatzen, Whatsapp taldetik ere atera beharko dut. Neronek sortu nuen talde hori 2014an. Baina alde batera egiten ere jakin behar da. Hori bai, argi eduki dezatela edozertarako hemen naukatela».

Eta, noski, ez ditu lagunak eta familia ahaztu. «Guzti honen zutarria zarete. Ederra litzateke amets hau sekula ez amaitzea. Baina bide berri bat hasiko dut, eta orain arte bezala elkarrekin gozatuko eta partekatuko dugu». Baina horri ekin aurretik, agurraz gozatu nahi du. «Hori nuen buruan eta lortzen ari naiz. Ekainaren 30 arte futbolaria naiz». Eta gero? «Ondo dakizue futbola nire pasioa dela, eta horri lotuta segitzeko formatzen ari naizela. Baina egongo da denbora horretaz pentsatzeko eta erabakiak hartzeko. Ilusio handiz nago bizitzako bide berriari ekiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.