Albistea entzun

Gipuzkoa

EH Bilduk aginte makila asko lor ditzake aliantzen bidez: Arrasate, Pasaia, Andoain, Deba...

Koalizioaren hazkunde handiak 462 (+42) zinegotzi emango dizkio, eta udal gobernu garrantzitsuak, Elkarrekin Podemos-IUren babesa izanez gero. EAJk 259 zinegotzi aterako ditu (-31), eta udalerri jendetsu batzuk galduko ditu, esaterako, Tolosa, Arrasate eta Pasaia. Hondarribian ere aginte makilarik gabe gera daitezke jeltzaleak. Hortaz, beren lorpenik handiena Donostiari eustea izango litzateke. Batzar Nagusietan EH Bildu da lehen indarra, 22 eserleku lortuta. EAJk hamazazpi eskuratu ditu. Foru gobernuari eusteko, PPren babesa ere beharko luke EAJk.

Otegi eta Iriarte gaur goizeko bileran, Donostian.
Otegi eta Iriarte gaur goizeko bileran, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko maiatzak 28 07:58

Maiatzaren 28ak Gipuzkoan utzitako emaitzek nabarmen aldatuko dute lurraldeko mapa instituzionala udalerriei dagokionez. EH Bilduk botoen %37 lortu ditu, 462 zinegotzi (+42). Guztira, 123.008 boto lortu ditu, duela lau urte baino 2.000 gehiago, eta horrek ahalbidetuko dio EAJren esku zeuden zenbait udalerri jendetsuren aginte makila eskuratzea. Elkarrekin Podemosen babesarekin edo bere kabuz, koalizioa abertzaleak gobernatuko du Tolosan, Arrasaten, Andoainen, Pasaian eta Deban. Hondarribian ere kolokan da EAJren alkatetza Abotsanitz plataformarekin batera udal gobernua osa dezakeelako EH Bilduk. Azkoitian ere, EAJk ez luke lortuko aginte makila, baldin eta EH Bilduren eta Azkoitia Bai Elkarrekin plataformaren aliantza aktibatuko balitz. Horrez gain, EH Bilduk gobernatu dituen udalerri gehienetan lehen indarra izateko aldea handitu du, eta horietan alkatea izango du: Hernanin, Azpeitian, Oñatin, Aretxabaletan, Bergaran, Zumaian, Oiartzunen, Usurbilen, Ordizian....

EAJk galera handia izan du botoetan; izan ere, 27.000 boto galdu ditu 2019ko bozen aldean. Guztira, 94.603 boto lortu ditu (%28,5), eta emaitza horren lorpenik garrantzitsuena Donostiako Udalari eustea izango da, Eneko Goia alkategaiaren garaipenari esker. Bederatzi zinegotzi atera ditu Goiak, eta zenbaketaren azken apurretaraino ez zion atzo bat gehiago atera EH Bilduko Juan Karlos Izagirreri (8). Bederatzi udalerritan izan da lehen indarra EAJ: esaterako, Zarautzen, Urnietan, Elgoibarren, Urretxun, Azkoitian, Beasainen eta Aian. Azkoitian, ordea, aukera handiak daude alkatetza galtzeko EH Bilduren aldean.

PSE-EEk ere galera izan du botoetan eta zinegotzietan, baina ez EAJk bezainbeste. 98 (-5) zinegotzi emango dizkio botoen %16,7k. 55.377 boto jaso dituzte PSEren hautagaiek Gipuzkoan, duela lau urte baino 8.000 gutxiago. Dena den, lehen indar izateari eutsi dio udalerri jendetsu batzuetan, hasteko Irunen. Jose Antonio Santanok garaipena lortu du berriro, zinegotzi bakarra galdu gabe, baina EAJren babesa beharko du gobernua eratzeko. Soilik Elkarrekin Podemosekin egindako aliantzak ez dio ematen udal gobernua eratzeko. Eibarren ere PSEk irabazi du, eta aginte makila hartzeko moduan da EAJren babesari esker. Zumarragan eta Lasarte-Orian, halaber, PSE-EEko alkateak egongo dira, baina Andoain galdu egingo du EH Bilduren emaitzen aldean.

Elkarrekin Podemosek ez du lortuko alkatetzarik, baina zenbait udalerritan giltza izango du gobernu bat edo beste eratzeko. Bere 19 zinegotziak (+1) gai izango dira Arrasaten, Pasaian, Andoainen eta Deban ezkerreko gobernuak eratzeko, eta udalerri horietan EH Bilduren gobernuak leudeke ezkerreko bi indarren aliantza martxan jartzen bada.

Batzar nagusiak

Batzar Nagusiei dagokienez, EH Bildu da lehen indarra, 22 eserlekurekin, gorakada oso handia eduki ondoren (+5). EAJk hamazazpi dauzka (-3); PSE-EE,k zazpi; (-2) PPk, hiru (+2); eta Elkarrekin Podemos-IUk, bi (-2). Maddalen Iriartek, EH Bilduko ahaldungai nagusiak, esan du «Gipuzkoak erabaki» duela «gobernu aurrerakoi bat» edukitzea, eta Iriarte bera arituko dela «lider» gobernua eratzeko negoziazioan. Iriarte «prest» dago «gaurtik aurrera» beste ahaldungai nagusiekin hitz egiten hasteko. Gaur goizean EH Bilduren mahai politikoa bilera batean egon da Donostian, emaitzak xehetasunez aztertzeko.

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek esan du EAJk ez duela «zerbait» ondo egin, eta Gipuzkoan irabazi duena «abstentzioa» izan dela. Gizarteak eman duen «mezua» behar bezala «irakurriko» dutela helarazi du, baina gogoratu du Donostiako Udalean Eneko Goiak eskuratuko duela aginte makila, «eta ez nagusitasuna nahi zuten batzuek». Egibarrek garbi ohartarazi du Eider Mendozak bere hautagaitza aurkeztuko duela ahaldun nagusi izateko, «egin behar diren akordioak» tarteko. EAJren lehen hitz horiek islatzen dute ez diola uko egin Gipuzkoako foru gobernuari, baita horretarako PPren babesa behar badu ere.

Izan ere, EAJren eta PSE-EEren aliantza posiblea 24 eserlekura iristen da; hauteskundeetako irabazle EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk batuta lortu duten kopuru bera da hori. Beraz, PPk izango luke giltza, lortu dituen hiru eserlekuei esker. Gipuzkoan Mikel Lezama hautagaiak ordezkatzen duen alderdiak hazkunde oso handia izan du Espainian, eta Vox eskuin muturreko indar faxistarekin batera gobernatuko du erkidego eta udal askotan.

Donostia, Goiarentzat

Donostiari dagokionez, Eneko Goiak (EAJ) irabazi ditu udal hauteskundeak, bederatzigarren zinegotzia zenbaketaren azken apurrean lortuta. Juan Karlos Izagirrerekin (EH Bildu) lehia estua izan du; hark zortzi eserleku lortu ditu; PSEk, bost zinegotzi; PPk, hiru; eta Elkarrekin Podemos-IUk, bi.

Abstentzioak gora egin du nabarmen, eta parte hartzea %59,93koa izan da. Hau da, %6,72 txikitu da 2019ko bozen aldean. 556.201 boto emaile zeuden deituak udalerrietako eta lurraldeetako zinegotzi eta batzarkideak aukeratzera; bada, 333.123k eman dute botoa Batzar Nagusietarako. Guztira, 986 eserleku erabaki dira Gipuzkoako udalerrietan, eta 51 batzar nagusietan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Angel Berrueta oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / Foku

Angel Berrueta biktima gisa aitortzeko tramitazioa hasi dute

Iosu Alberdi

Nafarroako eskuin muturraren eta estatuaren biktimak aitortzeko batzordeak 35 eskaera jaso ditu. Batzordea aurreko astean elkartu zen Berrueta-Mañas familiarekin.

Asier Ezeiza, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ©ZIPI / EFE

Asier Ezeizari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote

Berria

ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen eginiko bi atentaturengatik zigortu dute.

Frederique Espagnac eta Max Brisson —ezkerrean— artxiboko argazki batean. ©BOB EDME

Espagnac, Brisson eta Saint Pe izanen dira Frantziako Senatuan ordezkari

Ekhi Erremundegi Beloki

Igandean iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Aurkeztu diren bederatzi zerrenden artean, orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin dute hautetsiek
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin batean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistak, estreinakoz Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide bat izango da Frantziako goi ganberako senatarien artean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...