Iruñean lehenbiziko indarra da UPN, eta bederatzi zinegotzi ditu botoen %30,30 eskuratuta. EH Bildu atzetik du, zortzi zinegotzirekin, botoen %27,40 bilduta. PSNk bost zinegotzi lortu ditu oraingoz, Geroa Baik eta PPk, bi; eta Zurekin Nafarroak bat. Eskuineko alderdiek bi zinegotzi gutxiago izanen dituzte, eta EH Bilduk 2019ko emaitzak hobetu ditu, orduan 26.691 boto eskuratu baitzituen; dagoeneko 27.752 boto ditu. PSNren eskutan izanen da alkatea nor izanen den erabakitzea.
Joseba Asiron EH Bilduko alkategaia oso kontent agertu da emaitzak jakin ondoren, UPNri «aurrez aurre begiratu» diolako bere koalizioak. Argi esan du haiei dagokiela alkatetza: «Iruñeak argi eta garbi hitz egin du, eta bi gauza esan ditu: Lehenbizikoa, ez duela eskuina berriro alkatetzan egotea nahi; badago gehiengo aurrerakoi oso handia. Bigarrena, iragarri genuen bezala, Iruñean udal aurrerakoia EH Bilduk gidatzea».
Cristina Ibarrolak onartu du «ez dagoela erabat kontent: «Gehiagoren gogoz gelditu naiz». EH Bildu handitzen jarraitzea «oso albiste txarra» dela gaineratu du, baina, hala ere, iruindarrek bera alkate izatea nahi dutela esan du: «Iruñeak esan du ez dela ez abertzalea ezta independentista ere. Gehiengo konstituzionalista zabala dugu». Elma Saizi esan dio «emandako hitza bete» dezan eta Asironen alde ez dezan egin.
Nafarroan ere UPN da lehenbiziko indarra botoen %97,40 kontatuta: hamabost parlamentari ditu, eta botoen %27,97. Atzetik ditu PSN eta EH Bildu, hamaika eta bederatzi parlamentarirekin, hurrenez hurren. Geroa Baik zazpi ditu; PP eta Zurekin Nafarroak, hiruna; eta Vox lehenbiziko aldiz sartu da, bi parlamentarirekin. Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak deia egin du berriro ere gobernu «aurrerakoia» eratzeko , baina «PSNren pisu handiagoarekin». Udaletan ere datuak aztertu beharko dituztela esan du: «Gobernu aurrerakoiak babestea eta zuzentzea da gure helburua».
Tuteran, gehiengo osoa lortu du UPNk, 11 hautetsi lortu baititu, eta Zurekin Nafarroak, sei. PSNk, berriz, hiru zinegotzi ditu, eta PPk, bat. EH Bilduk eta Geroa Baik ez dute ordezkaritzarik. Barañainen ere UPN da lehenbiziko indarra, sei zinegotzi eskuratuta. Atzetik ditu EH Bildu eta PSN launa zinegotzirekin, eta Zurekin Nafarroak, Geroa Baik eta PPk zinegotzi bana lortu dute.
Eguesibarren, sei zinegotzirekin irabazi du UPNk, eta atzetik gelditu da EH Bildu lau zinegotzirekin. Egues Bizik eta PSNk hiru zinegotzi lortu ditu; Geroa Baik, bi; eta VXVk, bat.
Burlatan, EH Bildu da garaile sei zinegotzirekin. Atzetik du UPN, bost zinegotzirekin. CCAZk lau ditu, PSNk, hiru; PPk, bi; eta Geroa Baik, zinegotzi bat. Atarrabian EH Bildu da irabazlea, bederatzi zinegotzirekin, aurrekoetan baino bi gehiago. Geroa Baik hiru ditu, UPNk bi, eta PPk, Zurekin Nafarroak eta PSNk, bana.
Berriozarren, EH Bilduk gehiengo osoa lortu du bederatzi zinegotzirekin. PSNk hiru zinegotzi ditu; UPNk eta PPk, bina; eta Zurekin Nafarroak, bat. Tafallan ere EH Bildu da garaile, 2019an baino zinegotzi bat gehiagorekin: sei. UPNk eta PSNk lau lortu dituzte, eta Inportek, Zurekin Nafarroak eta Geroa Baik, bana.
Lizarran, UPN litzateke lehen indarra, zazpi hautetsirekin (2019an bezain beste). EH Bilduk bost hautetsi lituzke; PSNk, bi; Geroa Baik, Zurekin Nafarroak eta PPk, bana.
Altsasun eta Zizur Nagusian, Geroa Baik irabazi ditu hauteskundeak. Lehenbiziko herrian bederatzi zinegotzi lortu ditu, eta EH Bildu oposizioan izanen da, lau zinegotzirekin. Zizur Nagusian sei zinegotzi lortu ditu Geroa Baik, 2019an baino bi gehiago, UPNk eta EH Bilduk lau dituzte, eta PSNk, PPk eta AS Zizurrek, bana.
Baztanen, EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, sei zinegotzi eskuratuta. Zurekin Nafarroak hiru lortu ditu, eta Baztango Independenteek, bi. UPNk eta Geroa Baik zinegotzi bana izanen dute. Beran eta Lesakan EH Bilduk gehiengo osoa lortu du.
Parte hartzea
Nafarroan 519.262 nafarrek zuten botoa emateko aukera, eta haietarik %67,72 joan dira bozkatzera, 2019an baino %4,46 gutxiago. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak esan du «normaltasunez» egin dela hauteskunde eguna, «gorabehera nabarmenik gabe», baina gaineratu du azken orduetako euriak eta ekaitzek normaltasun hori «apurtu» dutela zenbait lekutan, Estellerrian batez ere.