Reala

Realak Txapeldunen Ligan jokatuko du datorren sasoian

Atletico Madrilen aurka galdu badu ere, Rayo Vallecanoren garaipenarekin helburua lortu dute txuri-urdinek.

jarraia228638.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 28a
21:22
Entzun

Porrot gozoa izan du Realak Atletico Madrilen aurka. Txuri-urdinak Txapeldunen Ligan arituko dira datorren denboraldian. Gertu zeukaten helburua, eta, 2-1 galdu duten arren, Rayo Vallecanoren garaipenak Izarren ligan aritzea bermatu die. Laugarren urtez jarraian jokatuko du Imanol Alguacilen taldeak Europan, baina, oraingoan, goia jotzea lortu du Orioko entrenatzaileak. Hamar urteren ondoren itzuliko da Reala Txapeldunen Ligara, eta festa handia espero da datorren igandean Anoetan. Helburua lortuta, Asier Illarramendik lasai esango dio agur Realari. Sevillaren aurkakoa izango da kapitainaren azken partida elastiko txuri-urdinarekin.

Partidari dagokionez, ondo ekin dio Realak, ohi duen bezala: baloiaren jabetza bereganatuz, eta defentsan presio oldarkorra eginez. Hala, seigarren minuturako iritsi da Realaren lehen gol aukera. Mikel Merinok ederki ikusi du Alexander Sorloth lerro artean, eta, jokalari bati izkin egin ostean, Ivan Grbicen atera joan da zuzenean. Tokirik gabe egin du errematea, eta kanpora joan da Norvegiakoaren jaurtiketa. Jokaldi horretan soilik topatu du zirrikitua Realak etxekoen defentsan. Madrildarrek bost atzelari zelairatu dituzte, eta sendo aritu dira atzean. Gainera, pixkanaka-pixkanaka baloia bereganatu du Atletico Madrilek, eta aurrerapausoa eman du.

Simeoneren taldeak lortu du Alex Remiroren atera hurbiltzea; aukera argirik sortu gabe hasieran, baina lehen zati osoan egin duen erremate bakarrean sartu du gola. Griezmannek sartu du, Zubietako harribitxiak. Frantziaren jaurtiketa ez zen bereziki arriskutsua, baina txuri-urdinen atzelarien artean igaro da baloia, eta Remirok ez du ikusi ere egin: 1-0, 37. minutuan.

Bigarren zatian ere gehiago izan da etxeko taldea. Griezmannek min handia egin du area ertzean, eta Realak ez du hura gelditzeko modurik aurkitu. Hala ere, arratsaldeko albistea berehala iritsi zaie txuri-urdiei. Metropolitanotik ez oso urruti, Vallecasen, lehen gola sartu du Rayok. Berehala iritsi da Atletico Madrilen bigarrena, baina Rayok ere bigarrena sartu du berehala.
Hala ere, Reala ahalegindu da berea egiten, eta partidaren hondarrean gola sartzea lortu du. Sorlothek bidali du baloia sarera. Partida amaitu eta berehala hasi zen txuri-urdinen festa Metropolitanoko berdegunean. Ez da gutxiagorako. Europako talde onenen artean egongo da Reala datorren sasoian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.