FUTBOLA

Osasunak bere esku du Europa; Athletici ia ezinezkoa jarri zaio

Gorritxoek galdu egin dute Getafen (2-1), eta zuri-gorriek ere bai, etxean, Elxen aurka (1-2). Nafarrak Konferentzia ligarako sailkatuko dira azken partidan Gironari irabazten badiote, Sadarren. Bizkaitarrek Real Madrilen zelaian irabazi behar dute, eta ezinbestekoa zaio gorritxoek ez irabaztea.

Manu Sanchez, lehian, gaur, Getafen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 28a
21:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athletic eta Osasuna Konferentzia ligarako sailkatzeko aukera dutela iritsiko dira azkeneko jardunaldira. Hala ere, aldea dago baten eta bestearen egoeraren artean. Talde gorritxoak bere esku du berriz ere Europako kluben arteko lehiaketa bat jokatzea, hamasei urteren ostean. Helburua beteko du datorren igandean Sadarren Gironari irabazten badio. «Ez dugu inoren mende egon nahi», esan zuen Jagoba Arrasatek atzo Getafen (Espainia) jokatu bezperan. Esan eta lortu.

Osasunak 2-1 galdu du gaur Getafen (Espainia). Gorritxoek bikain ekin diote partidari, Chimy Avilak gola sartu baitu bigarren minutuan. Baina ez dira gai izan aldeari eusteko. Latasak banakoa egin du lehen zatia amaitu aurretik. Osasunak ontzat eman du berdinketa, eta puntuari eustera mugatu da. Ez du lortu, eta Matak 1-2koa sartu du neurketa amaitzear zela.

Gorritxoen zorionerako, ez Athleticek, ez Gironak ez dute aprobetxatu haren hutsa. Biek galdu dute, biek etxean, eta biek azken unean: bizkaitarrek, San Mamesen, Elxen aurka, eta katalanek, Montilivin, Betisen aurka (1-2).

Athleticek muturreko handia hartu zuen ostegunean, Sadarren galduta. Baina txiki-txiki geratu da gaurkoarekin alderatuta. Kale egin du berriro kale egin ezin zuenean. Aukera aproposa zuen irabazteko: etxean, eta aspaldi maila galdu zuen aurkariaren kontra. Bada, horrela ere ez.

Denboraldi honetan gertatutakoaren isla izan da partida: Athletic nagusi izan da, baina ezinean aritu da erasoan, gola sartu ezinda. Erasoan eskas, eta atzean, beste horrenbeste. Elxek bikain aprobetxatu du kontraeraso bat partidako gol bakarra sartzeko. Lucas Boyek sartu du, luzapenean. Aurretik, Raul Garciak gertu izan du gola, baina Edgar Badiak sekulako geldiketa egin du. Drama bat izan da San Mames partida amaieran. Txistukada ere izan da.

Zuri-gorriek oraindik badute aukera sailkatzeko, baina mirari kutsua du: Real Madrili irabazi behar diote Santiago Bernabeun, eta Osasunak Sadarren Gironari ez irabaztea ere behar dute. Real Madrilek badu zerbait jokoan: bigarren izan nahi du, Atletico Madrilen aurretik. Gertuko aurkari nagusiari irabaztea eta dirua dago jokoan: zenbat eta gorago sailkatu, orduan eta diru gehiago jasoko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.