EH Bildu «aldaketa lasai eta sakona bideratzeko» prest azaldu da

Aldaketa hori «nahi dutenekin» batera egiteko eskaintza egin du

Arnaldo Otegi, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 29a
12:40
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du koalizioa «aldaketa sakon eta lasaia» bideratzeko prest dagoela, eta uste du horretarako «gutxieneko programak» eta «aliantza zabalak» behar direla. Aldaketa hori «nahi dutenekin» batera egiteko eskaintza egin du.

Otegiren ustez, EH Bildu da hauteskundeetako garailea: «Hego Euskal Herriko lehen indar politikoa gara». Gogorarazi du 366.000 boto eta 1.400 zinegotzi lortu dituztela, inork baino gehiago Hego Euskal Herrian. gainera, nabarmendu du hori ez dela «koiunturala», aspalditik datorren joera «sendo eta sakon» bat baizik.

Emaitzak emaitza, arazoek «iraun» egiten dutela azaldu du Otegik, eta horri erantzun ahal izateko «aldaketa» behar dela: «Gu prest gaude aldaketa horren buru izateko, beste batzuekin batera. Norekin? Nahi duten guztiekin». Iragarri du kontaktuak hasi dituztela alderdi guztiekin, eta «Espainiako eskuina» baino ez dute baztertu dinamika horretatik: «Gureak boto antifaxista izaten jarraitzen du». Aldaketa hori «lasaitasunez baina arazoen erroetara joz» egin behar da, Otegiren esanetan.

Beste hausnarketa batzuk ere egin ditu Otegik bere agerraldian. Kanpainan izandako polemika garratzak gogoan, esan du ez duela funtzionatu «Espainiako politikaren alderik txarrena Euskal Herrira ekartzeak». Azkenik, eta datuei erreparatuta, Euskal Herriko emaitzen eta Espainiakoen arteko aldea nabarmendu du: «Euskal Herriko soziologiak ez du zerikusirik Espainiakoarekin, ez hauteskundeetan, ez instituzioetan, ezta kulturaren arloan ere. Espainian gehiengoa osatzen dutenek oso ordezkaritza txikia dute hemen, eta horrek agerian uzten du nazio ezberdinak garela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.