Albistea entzun

Reala

Txuri-urdinek distira egitearen gakoak

Realak matematikoki eskuratu du datorren sasoian Txapeldunen Ligan aritzeko eskubidea. Txuri-urdinek multzo sendoa osatu dute, eta zenbait marka historiko ezarri dituzte

Rodrigo Jimenez / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2023ko maiatzak 29 13:34

Nahia zena errealitate bilakatu da. Realak lortu du helburua. Donostiako taldea Txapeldunen Ligan ariko da datorren denboraldian, azken aldiz aritu eta hamar urte geroago. Hasi eta buka, sasoi ona osatu dute txuri-urdinek. Gogoangarria da Imanol Alguacilen taldeak egin duena; zenbait lorpen historiko erdietsi ditu jada, eta hobetu egin dezake azken jardunaldian. Ordea, ligatik harago doa Zubietakoen jardun distiratsua.

Puntu kopuruetan, zilarra

Puntu kopurua da Realak osatu duen sasoi onaren adierazle nagusia. Espainiako Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, 68 puntu eskuratu ditu, eta klubaren historiako markarik onenetan bigarrena da hori. 2002-2003ko denboraldian soilik eskuratu zituen gehiago; orduko hartan, Reala txapeldunorde izan zen. Azken partidan garaipena eskuratuz gero, 71 puntu lortuko ditu Imanol Alguacilek gidatutako multzoak, 2002-2003ko denboraldian baino bost puntu gutxiago (76).

Garaipen errekorra

Gaur egungo taldea Realaren historiaren parte da jada. Donostiako klubak inoiz baino garaipen gehiago eskuratu ditu: 29. Iragan asteartean gainditu zuen 1987-1988ko denboraldiko lorpena ontzea. Ligan asko pilatu dituen arren, hiru txapelketa jokatzeak ahalbidetu dio errekor propioa ezartzea. Hogei garaipen eskuratu ditu Espainiako Ligan, bost Europa ligan, eta lau Espainiako Kopan. Oraindik beste bi batu ditzake zakura.

Bolada onak kateatuta

Jarraitutasuna izan da Realaren beste indargune bat. Multzoak jakin du aldi onei segida ematen, eta horrek finkatu du Txapeldunen Ligako postuetan. Izan ere, bi aldiz lortu du bost garaipen jarraian kateatzea. Lehendabizi, seigarren jardunalditik hamargarrenera, eta, ondoren, hamalaugarrenetik hemezortzigarrenera. Gainera, azken aldi horren aurreko eta osteko partidak berdindu egin zituen, eta horri esker zazpi partida lotu zituen galdu gabe.

Etxetik kanpora, tinko

Anoetatik urrun lortutako garaipen sorta da aurtengo Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu izanaren beste gakoetako bat. Izan ere, txuri-urdinek inoizko markarik onena ezarri dute arlo horretan ere. Hamar garaipen eskuratu dituzte etxetik kanpora, hemezortzi neurketa jokatuta. Sekula baino gehiago da hori. Orain artean bederatzi alditan ezarria zuen langa.

Garaipen entzutetsuak

Donostiarrek munta handiko partidak irabazi dituzte aurten. Orain hurrena, Bartzelona azpiratu zuten bere estadioan (1-2), 1991tik halakorik egin gabe egon eta gero. Ez hori bakarrik: Manchester Unitedi ere irabazi egin zion Old Trafforden (0-1), Europa ligako partidan, eta Real Madril eroso azpiratu zuen Anoetan. Zuriei dagokienez, Realak aldeko du gol aldea; hutsean berdindu zuen Santiago Bernabeun, eta irabazi Anoetan (2-0). Hortaz, gaur-gaurkoz, txuri-urdinek aukera dute zuriak sailkapenean gainditu eta hirugarren postuan amaitzeko. Sasoiko beste garaipen esanguratsua Athleticen aurkakoa izan zen, joan zen urtarrilean (3-1).

Hutsaren balioa

Erasoko jokalarien eta defentsakoen elkarlana izan da Realaren ezaugarri behinenetako bat. Batez ere atzeko lerroan erakutsitako sendotasunak puntu asko lortzeko modua eman dio Realari. Alex Remirok hamabost aldiz utzi du bere atea hutsean, Espainiko Ligari dagokionez. Hala, Realak ez du galdu hamabost partida horietan. Gainera, txuri-urdinei ez dute golik sartu Europa ligako bost partidetan, eta kopako hirutan. Guztira, 23 alditan.

Europara, laugarrenez jarraian

Reala ondo ari da ligan azken urteetan, eta bada datu bat hori berresten duena. Azken lau aldietan Europarako sailkatu da. Europa liga izan du sari hiru aldiz, eta urrats bat gehiago egin du aurten, Txapeldunen Ligarako sailkatuta. Gisa horretara, klubaren historiako marka bat berdindu du oraingoan, lau aldiz sailkatuta. Aurrez, 1978tik 1982ra lortu zuen hori.

Izen propioak
Taldea izan da, oroz gain, Realaren aurtengo arrakastaren eragile nagusia. Multzoak distira egin du oro har, eta haien artean badira zenbait jokalari ikusgarri aritu direnak. Remiroz gain, erdiko bi atzelariak garrantzitsuak izan dira taldearen sendotasunean: Igor Zubeldia —2029. urtera arte berritu du kontratua— eta Robin Le Normand izugarri ondo aritu dira. Aise aritu dira, halaber, Martin Zubimendi, Mikel Merino, David Silva, Alexander Sorloth eta Take Kubo jokalariak ere, besteak beste. Japoniarrak zaleen grina piztu du Realean egin duen estreinako sasoian.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / @FOKU

«Kritikak? Nor garen eta helburua zein den garbi izan behar da»

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak kolpe mingarria jaso zuen Europan, eta, Fernandezek aitortu duenez, azken partidak tentsioz jokatu dituzte. Nafarrek oraindik ez dute etxean irabazi, eta Atletico Madril hartuko dute gaur (21:30, DAZN).
Francis Lafargue. ©GuiIlaume Fauveau

Francis Lafargue hil da

Jon Ordoñez Garmendia

Euskal txirrindularitzan ikur bat izan da azken hamarkadetan. Hainbat talde nazioarteko probetara eraman zituen, eta Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia idatzi zuen, Ximun Larre kazetariarekin batera. 68 urte zituen.

Carlos Fernandez eta Turrientes gola ospatzen ©Biel Aliño / Efe

Realak sasoiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo

Ainara Arratibel Gascon

Lehen zati amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, ez dute partida ona jokatu. Baina hiru puntuak eskuratu dituzte, 32. minutuan Carlos Fernandezek sartutako gol bati esker.

Iñaki Williams, leher eginda Getaferen aurkako partidan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eten txiki bat dinamika onean

Pettan Uralde

Berdindu egin du Athleticek Getaferen aurka. Oihan Sancetek lehen zati amaieran jaso duen txartel gorriak eragina izan du partidan. Hamalau punturekin, goiko postuetan jarraitzen dute zuri-gorriek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.