EH Bildu

Casanovak «itun artifizialez» ohartarazi du

EH Bilduri bidea ixteko asmoz EAJk, PSE-EEk eta PPk bat egiteko aukerari buruz, esan du «batuketa batzuk kenketa» bilaka daitezkeela.

Iker Casanova. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 30a
16:59
Entzun

EH Bilduren Bizkaiko emaitzak baloratzeko egindako agerraldian, koalizioa agintetik kanporatzeko asmoz «gehiengo artifizialak» sortzeko tentazioaz ohartarazi du Iker Casanova ahaldungai nagusiak: «Batuketa batzuk kenketa bilaka daitezke». Zenbait erakundetan, EAJk eta PSE-EEk PPren botoak ere behar dituzte EH Bilduri bidea ixteko, eta Casanovak uste du herritarrek ez luketela ulertuko alderdi horiek «eskuin muturraren babesa» eskuratu nahi izatea, «hauteskunde batzuen atarian, non faxismoa eta eskuin muturra geldiarazteko bataila politiko handi bat artikulatzen ari den».

Casanova pozik agertu da EH Bilduk lortutako emaitzekin, eta Bizkaikoei erreparatu die bereziki: «Geure buruari inoizko emaitzarik onenak lortzea jarri genion helburu, eta helburu hori bete dugu, edozein parametro aintzat hartzen delarik ere». 133.000 boto jaso dituzte, botoen %25 inguru, eta, Bizkaiko Batzar Nagusietan, hamar hautetsi zituzten lehen, eta hamabost dituzte orain. Bizkaiko 40 herritan EH Bildu da nagusi.

Bereziki, bi datu nabarmendu ditu Casanovak: alde batetik, EH Bilduk alkatetza zuen herrietan, hala nola Durangon, Galdakaon eta Arrigorriagan, emaitza «bikainak» lortu izana: «Herri horietan proposatzen genuena ez zen aldaketa baten promesa; herri horietan bazegoen lau urteko kudeaketa bat, herritarrek ezagutzen zutena, eta herritarrek saritu egin dute». Beste alde batetik, Bilboko metropolian lortutako emaitzak ere nabarmendu ditu Casanovak: Bilbon botoen %20 lortu izana, Santurtzin %27ra iritsi izana, Sestaon zinegotzi kopurua bikoiztea eta Alonsotegin, Plentzian eta Sopelan garaile izatea, besteak beste.

«Alternatiba sinesgarria»

Emaitza horiek ikusita, EH Bildu «alternatiba sinesgarri eta zilegizko» gisa azaldu dela esan du Casanovak: «Mapa politiko berri horretan EH Bildu gehiengo berriak artikulatzeko gauza da: kasu batzuetan, oraintxe bertan, eta beste batzuetan, luzera begira».

«Politika progresistak garatzeko itunak» proposatu ditu Casanovak, baina ohartarazi du «aritmetika hutsean oinarritutako itunen» inguruan. Adibidez, EAJk eta PSE-EEk berriro hitzarmena sinatzeko aukeraz, galdetu du zein izango litzatekeen itun horretan proposatutako bidea etxebizitza politiken inguruan, kontuan hartuta kanpainan desadostasun handiak izan dituztela arlo horretan. «Herritarrak beste aliantza batzuk ari dira eskatzen, politikak jendearen mesedetan garatzeko. Horren arabera epaituko dituzte. Litekeena da oraingo okerrak etorkizunean ordaindu behar izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.