Teknologia

Adimen artifizialak gizateria desagertzea eragin dezakeela diote sektoreko enpresariek

Argitaratu duten gutunaren arabera, adimen artifizialak lehentasuna izan beharko luke gizadiarentzako arrisku potentzialen artean, hala nola «pandemiek edo gerra nuklearrek bezainbeste». Sinatzaileen artean da Open AIko Sam Altman.

Sam Altman Emmanuel Macronekin, Parisen, pasa den astean. OpenAIko burua da gutunaren sinatzaileetako bat. YOAN VALAT / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 31
13:54
Entzun

Adimen artifiziala pandemiak edota gerra nuklearrak bezain arriskutsua da gizateriarentzat. Mezu hori zabaldu dute arlo horretako 300 aditu eta enpresarik baino gehiagok, atzo plazaratu zuten gutun batean. Zehazki, azaldu dute litekeena dela algoritmo batzuek gizakientzat oinarrizkoak diren jardueren jabe egiteko gaitasuna garatzea, eta, horrela, energiaren hornikuntzaren edo baliabide militarren kontrola lortzea.

Gutunaren sinatzaileen artean da Sam Altman, OpenAI enpresaren zuzendari exekutiboa; enpresa horrek merkaturatu zuen GPT-4 txatbota, zeinak azken hilabeteetan erdigunean kokatu baitu adimen artifizialaren gaia. Gutuna sinatu dute Demis Hassabisek eta Dario Amodeik ere, Google DeepMindeko eta Anthropiceko zuzendari exekutiboek, hurrenez hurren; baita Geoffrey Hintonek ere, askorentzat adimen artifizialaren «aitabitxi» denak. Hintonek berak, joan den hilean, kezka adierazi zuen «adimen artifizialak gizakien gaitasun intelektuala gainditu» dezakeelako.

Haien arabera, adimen artifizialak lehentasuna izan beharko luke gizateriarentzako arrisku potentzialen aurkako borrokan, «pandemiek edo gerra nuklearrek bezainbeste». Oinarrizko jardueren jabe egiteaz gain, adimen artifizialak milioika lanposturen galera ekarriko duela abisatu dute.

Lobbyen jarduna

Maiatzean bertan, Altman, Hassabis eta Amodei Joe Biden AEB Amerikako Estatu Batuetako presidentearekin eta Kalama Harris presidenteordearekin elkartu ziren, adimen artifizialaren arautzeaz jarduteko. Altman Emmanuel Macron eta Pedro Sanchez Frantziako eta Espainiako presidenteekin ere elkartu zen joan den astean.

Atzokoa, beraz, ez da sektoreko lobbyek egin duten lehen adierazpen apokaliptikoa. Kontuan izan behar da publikoki teknologia horren arriskuak salatzen dituzten bitartean,milaka milioi euro inbertitzen dituztela adimen artifizialaren garapenean. Martxoan ere, mila enpresari eta ikertzailek baino gehiagok —tartean Elon Musk, Teslaren sortzailea— eskatu zuten sei hilabetez adimen artifizialaren garapena eteteko.

Ikusi gehiago: FIKZIOTIK ERREALITATERA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.