Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. CARLOS DE COS AZKONA
ramon olasagasti
2023ko ekainaren 1a
13:30
Entzun

Izan liteke lehortearen atzaparkada agerikoa; izan liteke urtegiaren hondoan fosildutako zuhaitz adar idor baten metafora; izan liteke... Hori du CVCEPHOTO nazioarteko argazki lehiaketa entzutetsuaren aurtengo lan irabazleak, iradokitzailea dela oso. Carlos de Cos Azkona argazkilari soraluzetarrak (Gipuzkoa) Esako urtegian, Aragoiko lurretan, atera zuen Cracks edo Arrakalak argazkia, 2022ko irailean. Urtegiaren maila %15 ingurukoa zen orduan, eta behera egiten jarraitzen zuen; ondorioz, urtegiaren barruko zati handi baten bizikletan ibili zitekeen. Carlos de Cosek horixe egin zuen: bizikleta hartu eta urtegiko lur idorretan ibili. Hala, Aragoi ibaiaren albotik abiatzen ziren 2 pitzadura handi begiztatu zituen, eta berehala jabetu zen irudiaren indarraz. Hala azaldu du argazkiaren prozesua: «Dronearekin pitzadura aztertu nuen. Hasieran hainbat plano orokor egin nituen, eta ondoren xehetasunetara joan nintzen. pitzaduraren amaieraren indarra gustatu zitzaidalako. Behin markoa aurkituta, obturagailua tenporizadore moduan jarri nuen dronean eta ondoren bizikletarekin eszena barnean sartu nintzen, bizikletaren eta txirrindulariaren itzal garbi bat aurkitzen saiatzeko. Pitzadurak txirrindulariaren itzalaren atzetik irudikatu nahi izan nituen. Eta hauxe da emaitza».

Irudiari buruz informazio teknikoa ere eman du Carlos de Cosek, argazki irabazlearen aurkezpenean. DJI Mini 3 Pro kamera batekin aterea da argazkia. Objektiboa: irekiera f/1.7; abiadura: 1/4000s; ISO: 100 eta distantzia fokala: 24mm. Argazkilari soraluzetarrak 1.000 euro jasoko ditu lehen sari horri esker.

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak bederatzigarren urtez jarraian antolatu du CVCEPHOTO mendi jardueren nazioarteko argazki lehiaketa, eta, aurreko aldietan bezala, mendiko argazkilari onenak bildu ditu, zaleak zein profesionalak. Mundu osotik milatik gora argazki jaso dituzte 9. aldi honetan, 50 herrialdetako argazkilariek eginak, eta horien artean hautatu dituzte epaimahaiko kideek 20 irudi irabazleak. Euskal Herriko argazkilariez gain, Espainiako, Australiako, Suitzako, Argentinako, Poloniako, Italiako, AEBetako, Esloveniako eta Alemaniako egileen argazkiak izan dira sarituak 9. aldi honetan.

Bigarren saria (700 €) Krystle Wright argazkilari australiarrarentzat izan da, Seventh Serpent argazkiarekin. Utah hego-ekialdeko Long Canyon inguruan izen bereko bidetik eskalatzen ari den eskalatzaile bat erakusten du irudiak. Simon Carter argazkilari australiarrarentzat izan da hirugarren saria (300 €) Don't wet yourself argazkiarekin. Australiako Mendi Urdinetako Katoomba ur-jauzien aurrean hartutako irudia da, eta eskalatzaile bat ageri da argazkiari izena ematen dion bidean gora.

Yhabril Moro argazkilari bilbotarraren irudi hau izango da aurten Bilboko Mendi Film jaialdiaren kartela. Yhabril Moro

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Kartelaren Saria

Azken urteotan BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartela ere CVCEPHOTO lehiaketa honetatik ateratzen da, bien arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Aurten, Yhabril Moro bilbotarraren X-Man argazki ikusgarria izan da hautatua. Sari horri esker, 700 euro eskuratuko ditu Morok.

Ordesako Sorrosal ur-jauzi ezagunean hartutako argazkia da, Broton (Aragoi, Espainia). Hala azaldu du Yhabril Morok une hura: «Udazken egun ilun eta heze bat zen, eta ingurumari hartan paseatzen nenbilela, berehala arreta piztu zidan konposizio hark: ur-jauziaren zuritasuna asko nabarmentzen zen hondo horren gainean eta X formako harri testura haien lehen planoan. Markoa betetzeko korrikalari bat besterik ez nuen behar, zuriz jantzita, bere pausoa eta X keinua emateko. Nire lagun Chanori deitu nion horretarako. Ordu batzuk behar izan zituen iristeko, eta halaxe osatu genuen buruan neukan irudi hori».

Sari honetaz gain, Yhabril-ek Ohorezko Aipamena ere irabazi du CVCEPHOTOren aldi honetan The Phantom argazkiarekin. Aurreko neguko lehen elurtearen ostean Astungo Malacara tontorretik behera abiadura bizian jaisten den freerider bat erakusten du irudi horrek.

CVCEPHOTO 2023 sari banaketa urriaren 21ean egingo da, Donostiako Aquariumean. Saritutako 20 argazkiak Donostiako Boulevardean formatu handian erakutsiko dira urriaren 20tik azaroaren 13ra, eta formatu txikian Club Vasco de Camping elkartearen egoitzan irailaren 15etik azaroaren 24ra arte. Bilbon, Mendi Filmen 16. aldian, abenduan gozatu ahal izango da erakusketa.

Bien bitartean, aldi honetako zein aurreko aldiko argazki sarituen galeria sarean ikus daiteke www.cvcephoto.com webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.