Buruz buruko finala

Finala, mikroskopioan

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak aukeratu dituzte binakako finalerako. Hautaketaren ondoren, Jaurlaritzaren dopin kontrola pasatu dute.

Altuna III.a eta Elordi sorbaldatik elkar helduta pilota aukeraketaren ondoren. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko ekainaren 1a
13:52
Entzun

Xehetasun txikien finala izango da igandekoa, Jokin Altunak eta Aitor Elordik bat egin dute pilota aukeraketaren ondoren egindako analisian, eta esan dute kontrolpean gehien dituenak irabaziko duela. Finala mikroskopioan jarri, eta biek ala biek nabarmendu dute hasierak berebiziko garrantzia izango duela, eta Bilboko pilotalekuak ezaugarri bereziak dituela. Pilotak aukeratzeko garaian, ondo azaldu dute zer pilota mota zeuden, eta sakea egitean zer-nolako eragina izan dezaketen. Pilota aukeraketako anekdota, dena den, Eusko Jaurlaritzak jarri du, teknikari bat bidali baitu dopinaren aurkako kontrola egitera.

Pilotak ez dira arazo izango, biak gustura gelditu baitira. Altunak 105,6 gramoko bat eta 104,8 gramoko beste bat hautatu ditu; Elordik, berriz, 105,5 eta 104,7 gramokoak. Ezaugarriei dagokienez, antzekoak direla esan dute, jokatzeko modukoak. Elordik, baina, zehaztu du pilota horixkak eta zuriak zeudela sortan, bosna hain zuzen. Eta zein da haien arteko aldea? Mallabitarrak azaldu du: «Horixka horiek aproposak dira erasoan aritzeko; lurrean asko ibiltzen dira. Min handia egin daiteke. Zuriak, berriz, gehiago irteten dira, eta motelxeagoak dira».

Elordik horixka horiekin egin ditu partida hasiera bikainak txapelketan. Altunak hori goratu du, eta eragozten saiatuko dela aurreratu: «0-6 galtzen hasteko prest nago. Elordik abiadura handia ematen dio pilotari, eta, pilotek oraindik grazia dutenean, oso arriskutsua da». Gainera, onartu du ez dela fio aurkariarekin, eta antzeman diola partidak oso ondo prestatzen dituela: «Nik Lasori bi tanto egin nizkion jarraian zabalera sakatuz, eta berak gauza bera egin zion. Besteei ondo ateratzen zaizkien gauzak barneratzen ditu, eta oso ondo prestatzen ditu partidak teknikoki».

Sakea nahasten
Biak aurrelariak dira, eta biek asko nahastu dute sakea txapelketan . Batzuetan luze, besteetan motz, zabalean, paretara… Biek esan dute aldagai garrantzitsua dela, tanto ilaren oinarrian sakea egoten delako, eta finalean tanto ilarak egongo direla iragarri dute. «Sakea hartzen duenean, sufritzea egokituko zait», onartu du Elordik, «baina ligaxkako partidan ikusi nuen nik hartzen dudanean mina egiteko gai naizela».

Ligaxkako partida Eibarren jokatu zen, eta igandekoa Bilbon izango da. Pilotaleku ezberdinak dira, eta, are, bi lehiakideek onartu dute alde handia dagoela batetik bestera. Altunak nabarmendu du Eibarren min handiagoa egin daitekeela erasoan, eta Bilbon partidak luzatu egiten direla: «Eibarren, lurra azkarragoa da. Bilbon, berriz, pilota higatuz doa, eta gauzak ondo egin behar dira». Elordik beste ezaugarri bat nabarmendu du: «Pilotalekuak ez du sarerik goian; pilota asko loratzeko aukera ematen du. Horrek mesede egiten dit».

Kirio dantza ez dute sumatu oraindik. Bereziki deigarria da Elordik erakutsi duen patxada, aitortu baitu oraingoz ez duela lo egiteko arazorik. Altunak nabarmendu du aurkaria gozatzen ikusi duela, eta hori dela gakoetako bat. Era berean, aurkariaren aldeko aldarri polita egin du: «Elordik luzaroan eutsiko dio goian. 25 eta 26 urterekin, Bigarren Mailako txapelketetan, Lehen Mailako pilotarien maila ematen ikusi dut. Aukera oso gutxi jaso ditu, eta jaso duen aurrenekoan atea bota du». Elordik ere loreak bota dizkio lagunari. Azaldu du ulertzen duela hura faborito argi izatea, baina ez diola eragiten: «Altuna delako da faboritoa. Normala da hori, baina ni ez naiz hura baino gutxiago sentitzen».

Giro ona eta musika
Finalerako giro ona bermatuta dago. 215 sarrera gelditzen dira saltzeko, erdiak inguru kantxako harmailako atzealdean. Azken finaletan saltzeke gelditu izan dira, eta 120 euroan egoteak ez du lagunduko. Enpresek badute zeregina hor. Finalean musika egongo da tanto artean, Altunak onartu badu ere ez zaiola askorik gustatzen. Jendetza espero da Amezketatik eta Mallabitik. Mallabian hiru autobus antolatu dituzte jada. Altunak loreak bota dizkie: «Nire eta Elordiren zaleen arteko harremana bikaina da. Haren zaleek nire tantoak txalotuko dituzte, eta nireek harenak. Ziur goizean giro bikaina egongo dela Bilbon».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak mediku bat bidali du dopin kontrola egitera. Ez da ohikoa pilota aukeraketatan agertzea, eta horren ondoren pasa dute kontrola Altunak eta Elordik. Esaterako, binakako finalaren ingurumarian ez zuten kontrolik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.