Zientzia

Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipenik Onenaren lehiaketan

Neural Correlate Society neurologo eta artista taldeak aurtengo lilurapenik onenak zeintzuk diren ebatzi du, eta Harry Potterren geltoki magikoaren inguruko begitazioak irabazi du lehenengo saria.

Kaskezurra agerian, esperimentuetako batean. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2023ko ekainaren 1a
16:32
Entzun

Denbora da poligrafo bakarra, beste dena... begitazio. Zentzumenek engainatzen dute, bai; hori berri txarra da, agian, txarra bezain zaharra. Urteko ilusiorik onenaren bila, lehiaketa bat antolatzen du AEBetako neurologo elkarte batek, eta irabazleen berri eman dute. Harry Potterren geltoki magikoaren inguruko begitazioak irabazi du lehenengo saria.

Neural Correlate Society elkarteak pertzepzioaren eta kognizioaren inguruko ikerketa zabaltzea du helburu, euren definizioaren arabera. Neurologoak, oftalmologoak eta artistak elkartzen dira horretan, eta zentzumenen engainuen mekanismoak agerian uzteko lan egiten dute. Horrez gain, zientzia dibulgazioa egiten dute. Izan ere, pertzepzioaren engainuen bidez, hainbat gaitzen kalteak hobeto uler eta senda daitezke. Ohartarazi dutenez, «pertzepzio guztia da irudikeria, hein handi batean».

Lehiaketa asmatu zuten bi ildo horiek elkartzeko. Edonork aurkez dezake berak sorturiko lilurabidea. Jasotako bideoetatik hamar finalista aukeratzen dituzte, eta, gero, Interneten bidez eginiko bozketa baten bidez ebazten dituzte hiru saridunak.

Hauek dira aurtengo hiru irabazleak, eta beste zazpi finalistak:

1. Harry Potterren geltokia

Platform 9 34s izenburua jarri dio Matt Pritchard sortzaileak bere irudipenari. Izan ere, Harry Potter eleberrietan eta zortzi filmetan protagonistek magoen eskolara joateko erabiltzen duten geltokiko ate magikoa imitatzen du, baina mundu errealean.

Horretarako, Pritchardek zulo bat egin du paperezko paretan, Legoz eginiko autoa pasatzeko modukoa. Falta diren adreiluak, berriz, zoruan margotu ditu, teknikoki perspektiba anamorfikoa deitzen den teknikarekin. Horretan, puntu jakin batetik begiratu behar da irudia, lilurapena sortzeko.

2. Kubo dorrea?

3D inprimagailu batekin sorturiko kuboekin dorre bat eraikitzen dute bideoan, berdintsua dirudien beste baten ondoan. Baina, berdina al da benetan?

John Salmon ikertzaileak, eta lilurapenaren sortzaileak, adierazi duenez, eskuineko dorrea desegiten denean jabetzen da ikuslea errealitateaz.

3. 'Cornelia'

Wendy van Boxtel artista herbehereetarrak eraman du hirugarren saria, Cornelia deituriko erretratuarekin.

«Setatu egin nintzen barrutik kanporako eskultura bat sortzearekin, non aurpegia eta ilea poliki batuz joaten diren, jendea liluratzeko irudi bat sortzeko». Azaldu duenez, hainbat material, kolore eta sakontasunekin probatu zuen, efektua lortu arte. Zientziarako interesgarria izan daitekeen ondorio bat atera du, gainera: «Pentsatuko duzu honek edonor engainatzen duela, baina EZ». Eskizofrenia duen jendeak lilurapena ezin dutela ikusi baieztatu du, «begiek ikusten dutenaren eta garunak pentsatzen duenaren arteko etena daukatelako».

4. Azkartzen ari al da musika?

The Accelerando Illusion, jarri dio izena James Crockerrek entzumenari eragiten dio lilurapen honi. Izan ere, musikaren tenpoa etengabe azkartzen ari da, baina berdin jarraitzen duela ematen du.

Sortzaileak esan duenez, norbaitek ez badu sinesten tenpoa azkartzen ari denik, «saia dadila txaloekin jarraitzen». Azaldu duenez, minutuko 115 kolpeko abiada du piezak hasieran , eta 100 kintiloi kolpeko tenpoarekin amaitzen da (hau da, ehun 30 zeroz jarraitua).

5. Norabide bakarrean

Kokichi Sugihara egileak Norabide bakarreko hegalaldia deitu dio irudipen honi.

Ispiluaren aurrean besoak aurrerantz luzatzen badituzu, irudian agertzen denak besoak luzatzen ditu zeuregana, eskuen puntak elkartu arte. Sugiharak lilurapen honetarako sorturiko objektuak, ordea, isladen norabide berean daude. Gainera, ikuspuntua aldatuta ere, berdin jarraitzen dute.

6. Poggendorff hirukiak

Bideoaren egileek erakutsi nahi izan dute garunak arazoak dituela elkar zati batez estaltzen duten objektuak zuzen prozesatzeko.

Kasu honetan, lerrokaturik ez dauden objektuak lerro batean daudela ematen du, besteak beste. «Eguneroko bizitzan gutxitan gertatuko zaigu lilurapen hau, baina horren atzean dauden mekanismo neuronal berberek hartzen dute parte gauza bat antzematen dugunean haren zati bat ikusten ez denean». Azaldu dutenez, kasualitatez aurkitu zuten lilurapena, etxean ordenagailuan haurrekin figurak marrazten ikasten ari zirela.

7. Paper klipen lilurapena

Diagonalean daudenak lerro zuzenak dira, baina paper klipak bezala bihurtuta daudela ematen du, sare baten gainean jartzen direnean.

Gavin Buckingham sortzaileak erakutsi duenez, oso indartsua da irudipena, engainatzen jarraitzen duelako irudiari buelta emanez gero ere. «Ez dago argi nola funtzionatzen duen, baina, beharbada, erakuts diezaguke gizakien ikusmen sistemak nola bereizten dituen osagai ezberdinak, lerroak, esaterako, irudi konplikatuetan».

8. Kaskezurra agerian

Beldurra emateko modukoa da lilurapen hau. XRAYHEAD izenburua jarri diote, hau da, burua X izpien bidez. Ikertzaileak subjektuaren burua ukitzen duenean, haren barruko kaskezurra agerian geratzen dela ematen du.

Kento Imai, Haruka Kayano, eta Kenri Kodaka ikertzaileek sortu dute. Azaldu dutenez, erdi-ispilu bat erabili dute, hau da, erdi garden den kristal bat. Horren atzean kaskezur bat sartu dute, barrutik argituta dagoena. Ikertzaileak eskua subjektuaren burura hurbiltzen duenean, argitzen joaten da kaskezurra. Datu interesgarri bat lortu dute: parte hartzaile gehienek (101etik 77k) esan diete hezurra oso nabarmen eta fisikoki sentitu dutela euren buruaren barruan.

9. Garrasi biziduna

Edvard Munch margolariaren Garrasia irudi klasikoa erabili dute irudipena hau egiteko. Egileek erakutsi dutenez, atzean mugitzen den puntu sare bat jarriz gero, burua dardarka ari dela ematen du.

«Efektu honek erakusten du berez loturarik ez duten mugimendu zantzuek nola eragiten dioten objektuaren mugimenduaren pertzepzioari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.