Futbola

Konferentzia liga eta txupinazoa sari Osasunak

Iruñeko Udalak jakinarazi du Osasunak jaurtiko duela aurtengo sanferminetako txupinazoa. Realak ere festa egin zuen Illarramendiren agurrean. Athletic Europatik kanpo gelditu da azkenean.

jarraia228972.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 5a
11:30
Entzun

Sari bikoitza jaso du Osasunak. Atzo Konferentzia ligarako sailkatu ostean, Iruñeko Udalak jakinarazi du Osasunak jaurtiko duela aurtengo sanferminetako txupinazoa. Sadarren festa handia egin zen atzo, gorritxoak Europan arituko baitira hamasei urteren ostean, eta txupinazoarekin jarriko dio ginga sasoiari. Hala ere, ez da lehen aldia izango. 2000. urtean ere Osasunak eman zien hasiera San Fermin festei, Lehen Mailara igo zirela ospatzeko. Orduko kapitain Cesar Palaciosek piztu zuen suziria. Gorritxoek egindako denboraldia ospatzeko modua izango da uztailaren 7koa. Izan ere, Osasunak lehen aldiz hartuko du parte datorren sasoian lau lehiaketetan: Espainiako Ligan, Espainiako Kopan, Konferentzia ligan, eta Espainiako Superkopan.

Osasuna izan zen igandeko protagonista nagusia. Gorritxoek merezimendu osoz lortu zuten, ligako azken jardunaldian, Europan jokatzeko aukera, Gironari 2-1 irabazita. Sasoi bikaina egin du Jagoba Arrasateren taldeak, eta klubak izan duen eboluzioa nabarmena da. 2018-2019an Berriatuko entrenatzailearen eskutik Lehen Mailara igo zenetik 11. postua izan du okerrena Osasunak. Aurtengoa, baina, aurrerapausoa izan da. Espainiako Kopako finala jokatzea eta Europarako sailkatzea ez da urtero gertatzen; ezta gutxiago ere. 102 urtean lau aldiz sailkatu dira gorritxoak Europan jokatzeko; azkena, duela hamasei urte. Zaleen laguntza eskertu ostean, harrotasuna erakutsi zuen Arrasatek prentsaurrekoan. Gorritxoak ilusioz gainezka badaude ere, hankak lurrean izan nahi ditu prestatzaileak: «Ilusio handia dugu gure armarria Europan zehar defendatzeko, baina atariko bat jokatu beharko dugu. Liga, Kopa eta Superkopa ere baditugu. Estimulu asko dauzkagu aurrean».

Sasoi osoaren isla izan zen atzoko partida. 22.128 zale bildu ziren Sadarreko harmailetan, eta haien aupadarekin lortu zuen Osasunak Europa helmuga duen hegazkina aireratzea. Ante Budimir izan zen arratsaldeko protagonista. Kroaziarrari kosta egin zitzaion sasoi hasieran ate aurrean asmatzea, baina denboraldi amaiera paregabea egin du. Azken hamar neurketetan sei gol sartu ditu, eta atzoko biek Konferentzia ligarako sailkapena eman diote taldeari.

Erregulartasuna izan da Osasuna zazpigarren postuan sailkatzeko sekretua. Etxeko partidetan hobetzea zen sasoi hasierako helburuetako bat, azken urteetan gorritxoak ez baitira nahi bezala aritu Sadarren. Aurtengoa, baina, oso bestelakoa izan da. «Uste dut argi dagoela etxean hobera egin dugula. Helburuak etxean lortzen dira, eta urrats bat egin dugu. Pozik nago zaleek taldearekin gozatzeko aukera izan dutelako», adierazi du Arrasatek.

Athletic, Europatik kanpo beste behin

Osasunak baino hamar gol gehiago sartu ditu Athleticek sasoi osoan, eta estatistika ikusita ulertzea kosta egiten den arren, gorritxoen atzetik amaitu dute sailkapenean. Bana berdindu zuten Ernesto Valverderenek atzo, Bernabeun. Dena dela, Osasunaren garaipenak Europatik kanpo utzi zituen beste behin. Zuri-gorriek 2018an jokatu zuten azken aldiz Europan. Entrenatzaileak adierazi duenez, bere taldeak «frustrazio» sentsazioa du Europa Ligarako ez sailkatzeagatik, «akats larriak» egin ostean.

Athleticen arazoa, baina, ez da izan ligako azken partida, baizik San Mamesen galdu duen puntu sorta. Katedralean kontrario beldurgarria izan da beti Athletic, baina aurten zortzi garaipen soilik eskuratu ditu. Beste modu batera esanda, jokoan zeuden 57 puntuetatik, 27; erdiak baino gutxiago. Beste 11 partidetako emaitzak oso mingarriak izan dira. Bakarrean lortu du golen bat sartzea (Athletic 2-3 Girona). Beste hamar partidetan ez du golik sartu. Ia aurkari zuzen guztiek lortu dute San Mamesen punturen bat ateratzea; bigarren mailara jaitsi diren bi taldek ere, Elxek eta Espanyolek, irabazi egin zuten San Mamesen. «Egon behar dugun lekuan gaude. Liga 38 jardunaldi dira, eta bakoitza dagokion tokian dago. Gorago egon gintezkeen? Zalantzarik gabe, baina akatsak ditugu», nabarmendu du Valverdek.

Illarramendiren agurra, festa giroan

Athletic ez bezala, Reala sendo aritu da etxean. Txuri-urdinek hiru partida soilik galdu dituzte etxean, eta 11 irabazi. Osasuna bezala, erregular aritu dira sasoi osoan, eta merezitako saria da Txapeldunen Liga. Asier Illarramendik ez du lorpenaz zelaian gozatuko, baina zaleen aurrean gozatu ederra hartu zuen atzo Sevillari 2-1 irabazita. Bertatik agurtu zituen zaleak, mikrofonoa hartuta. Agur esatea «zaila» dela onartu zuen kapitainak, «urte asko» egin baititu Realean: «Urte bikaina izan da guztiontzat. Batez ere niretzat, kamiseta honekin eta kolore hauekin egin dudan azken urtea baita. Penaz noa, baina
egindakoarekin eta bizitakoarekin pozik».

Etxeko lanak eginda iritsi zen Imanol Alguacilen taldea ligako azken jardunaldira. Festa handia espero zen harmailetan eta zelaian, eta halaxe izan zen. Asier Illarramendiren agur hunkigarriaz gain, beste hainbat une gogoangarri ere izan ziren arratsean. Datorren urteko elastikoaren estreinaldia, besokoaren jabe aldaketa, Illarramendiren 4 zenbakia Martin Zubimendik jasotzea, Bartzelonari mezu argi bat helaraziz...

Produktuak onak direnean, platera bikaina irteten da. Txuri-urdinen saria, baina, ez da Michelin izar bat izan; izarren liga baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.