Hezkuntza

Gaur eta bihar hasiko dira selektibitate azterketak Hego Euskal Herrian

Nafarroan 3.822 ikaslek eginen dituzte probak. Lautik batek bakarrik hautatu du D eredua.

Unibertsitatera sartzeko proba gaur, Nafarroan. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko ekainaren 6a
09:46
Entzun

Urduritasuna, ordezko boligrafo andana eta apunte bildumak. Horiek izanen dira nagusi Hego Euskal Herriko unibertsitateetan egunotan. Izan ere, gaur eta bihar artean hasiko dira selektibitate probak. Gaur, Nafarroan, eta bihar, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroari dagokionez, 3.822 ikaslek eginen dituzte azterketak. Urtero bezala, emakumeak dira gehienak: hamarretik sei. Azterketa gehienak gaztelaniaz eginen dituzte: lau ikasletik batek bakarrik hautatu du D eredua.

Batxilergo eredu guztiendako derrigorrezkoak diren ikasgaien azterketak eginen dituzte gaur: gaztelera eta historia goizean, eta hautatutako atzerriko hizkuntza bat arratsaldean. Euskara, fisika, artearen historia eta biologia bezalako ikasgaien txanda bihar eta etzi iritsiko da. Hautazko ikasgaien azterketak nota igotzeko erabiltzen dira, eta ez dira nahitaezkoak. Hala ere, azken urteetan gora egin du atal horretan izena ematen duten ikasleen kopuruak: 2019an ikasleen %7k egin zuten, eta aurten, %12k.

Azterketen behin-behineko emaitzak ekainaren 14an jakinaraziko dituzte –eguerdia baino lehen–, eta kalifikazio txartela hilaren 21ean eskuratzen ahalko da –eguerditik aurrera–. Ezohiko deialdia hilabete bukaeran izanen da: ekainaren 28tik 30era. Azterketa horien behin-behineko emaitzak uztailaren 4an jakinaraziko dituzte, eta kalifikazio txartela, uztailaren 18an.

Aurtengo eredua orain arte erabili izan dena da. Ez dago argi zer gertatuko den datorren urtetik aurrera. Izan ere, Espainiako Hezkuntza Ministerioak planteatu du selektibitate eredu berri bat egitea, azkeneko Hezkuntza Legearekin bat datorrena. Helburua da gaitasunen ebaluazio bat egitea. Datorren urtean martxan jartzea aurreikusten da, baina Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta bertze zenbait unibertsitatek adierazi dute ez dela «bideragarria».

Bihar, gehiago

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek, berriz, bihar hasiko dituzte azterketak, eta ostiralean amaituko. Azterketak bertze ordena batekin eginen dituzte. Bihar euskara, historia, kimika, latina, ekonomia eta geologia eginen dituzte. Etzi gaztelania, matematika, biologia eta geografia, bertzeak bertze. Azkeneko egunean, berriz, atzerriko hizkuntzen txanda izanen da.

Proba horien emaitzak hilaren 15ean argitaratuko dituzte. Ezohiko deialdia uztailaren 5etik 7ra bitartean izanen da, eta horien emaitzak uztailaren 12an jakinaraziko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.