Albistea entzun

Berria Txapelketa

Erreka eta Buruzgain finalerdietara

Ezusteen asteburua izan da Berria Txapelketan. Izan ere, faborito zirenek huts egin dute.

Andoni Canellada / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon Eskudero -

2023ko ekainak 6 16:13

Pilota profesionalean ez ezik, afizionatuen munduan ere izan dira ustekabeak asteburuan. Besteak beste, LAPKE egungo txapelduna lehiatik kanpo geratu da, Doneztebeko Errekaren aurka galduta. Ultzamako Buruzgain ere lau onenen artean izango da, arazorik gabe gainditu baitu Gasteizko Txukun Lakua. Horiek horrela, Erreka eta Buruzgain elkarren kontra ariko dira finalerdietan.

ANDOAINEN

Arrillaga-Mendizabal 16-22 Garai-Oses

Larunbat goizean iritsi zen asteburuko lehen ezustea, Andoaingo Arrate pilotalekuan. Hain zuzen, aurreko bi ekitaldiak irabazita, Mendizabal andoaindarra faborito gisa kantxaratu zen, Arrillaga lagun zuela. Bikote sendoa osatzen zuten, baina sendoagoa eta hobeagoa izan zen Garaik eta Osesek osatu zutena. Bi garaileek lan aparta egin zuten aurreko zein atzeko koadroetan, eta merezita nagusitu ziren: 22 eta 16. Partida hasieratik aurrea hartu, eta aldea bikain kudeatzen asmatu zuten. Atzean kargatu zuten batez ere jokoa, eta, aurrean, Garaik tanto ederrak eskaini zituen. Ondorioz, hilaren 24ko finalean izango dira Garai eta Oses.

HERNANIN

LAPKE 1-2 ERREKA

Iazko balentria egiterik izango ez duen pilota elkartea Lazkaoko LAPKE da. Maila izugarriko kanporaketa espero zen gipuzkoarren eta Doneztebeko Errekaren artean, Hernaniko pilotalekuan, eta pilotazaleek izan zuten zer ikusia eta gozatua. Lazkaoko pilotari baten lesioa izan zen albisterik txarrena, baina Erreka merezita sailkatu zen finalerdietarako. Jaialdiko lehen partidan, aldea nabarmena izan zen, eta LAPKEko Izagirrek eta Iturbek 22-3 irabazi zieten Errekako Eskudero eta Barbarini. Beste erritmo bat ezarri zuten kantxan garaileek, eta Izagirre izan zen laukotean onena.

Gazteen arteko partidan, maila horretako bi aurrelari onenak aritu ziren nor baino nor gehiago, Zubizarreta eta Apezetxea, eta gauza zinez interesgarriak egin zituzten. LAPKE ordezkatuz, Zubizarretak Goibururekin jokatu zuen, eta Errekaren izenean, Apezetxeak Agestarekin. Nafarrak derrigortuta zeuden puntua eskuratzera, eta indartsu kantxaratu ziren. Agesta nagusi zen piloteoan, eta, horri esker, alde polita izan zuten une oro: 8-4 eta 13-9. Bada, tanto horretan min hartu zuen Zubizarretak ezker sorbaldan, hormaren kontra kolpea hartuta. Tanto batzuez jarraitu zuen lanean, baina azkenean erretiratzea erabaki zuen, 16-10 zihoazela, eta nafarrentzat izan zen bigarren puntua. Horiek horrela, nagusien esku zegoen guztia, eta goi mailako lau pilotarik jokatu zuten lehia erabakigarria: LAPKEko Senar eta Garmendiak eta Errekako Arteagak eta Cuairanek. Berdintasuna eta gogortasuna izan zen nagusi neurketaren lehen zati luzean, eta hamaseina heldu ziren azken txanpara. Nabarmentzekoa izan zen nafarren joa eta gipuzkoarren sendotasuna. Bada, azken txanpan Arteagak atera zituen babak eltzetik, errematean azti ibili baitzen, eta, horri esker, Errekak 22-17 irabazi zuten partida.

HERNANIN

BURUZGAIN 2-1 TXUKUN LAKUA

Nafarroako beste pilota elkarte batek ere finalerdietarako sailkatzea lortu zuen igande arratsaldez, Hernaniko pilotalekuan. Izan ere, Ultzamako Buruzgainek ez zuen huts egin Gasteizko Txukun Lakuaren aurka. Lehiaketa zinez ona jokatu dute arabarrek, baina ezin izan ziren lau onenen artean sartu. Besteak beste, kadeteen arteko partidan erraz nagusitu ziren ultzamarrak. Aldaz eta Martikorenak 22-9 menderatu zituzten Ruiz eta Moto. Maila hobeko bikotea direla nabarmen erakutsi zuten nafarrek. Orekatu eta gogorragoa izan zen gazteen arteko norgehiagoka, baina, han ere, Buruzgainek gaina hartu zion Txukun Lakuari. Zehazki, Barberenak eta Garañok 22-16 menderatu zituzten Ruiz eta Palacios.

Horiek horrela, nagusien partidan soilik hiru tanto behar zituzten nafarrek aurrera egiteko, eta lortu zuten helburua. Kostata, hori bai. Faborito ziren Txukun Lakuako pilotariak, eta Iribarren eta Markaidak 22-9 menderatu zituzten Mikelarena eta Garaño. Asteburu honetan beste bi final-laurdenak jokatuko dira: Oberena-Azkoitia eta Ilunpe-Tolosa.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Anbizioaren langa, goian

Haritz Gallastegi

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Biak bolada onean daude joko eta emaitza aldetik. Sarrerak agortu dira, eta giro bikaina egongo da

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Naturala izan behar du huts egiteak; denek egiten dugu»

Ainara Arratibel Gascon

Realak Betisen kontra jokatuko bihar Zubietan (12:00, ETB1). Arnaizek nabarmendu du zaleentzat erakargarria den joko bat egin nahi dutela, eta lehiakor izan. «Joko zuzenak presentzia handiagoa izango du».
Olatz Arregi, Atletico San Sebastian klubaren instalazioetan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Esfortzuarekin konprometituta

Pettan Uralde

Olatz Arregi piraguistak zilarrezko domina irabazi berri du Munduko Txapelketan. Hurrengo erronka Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko sailkapen probetan jarri du. Lekua lortzea du helburu.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etxean talde sendoa izatea da gure erronketako bat»

Ainara Arratibel Gascon

Athleticek sasoiko lehen hiru puntuak berreskuratu nahi ditu Levante Las Planasen zelaian. San Adrianek nabarmendu du «borroka handiko» partida izango dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...