INDARKERIA MATXISTA

«Gizonen inplikazioa» lortu nahi du Nafarroako Gobernuak sexu erasoen aurkako kanpaina berriaren bidez

Aimar Oroz futbolaria, Kutxi Romero abeslaria eta Unai Laso pilotaria dira kanpainako protagonistak

jarraia229046.jpg
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 6a
17:30
Entzun

Nafarroako Gobernuak sexu erasoen aurkako kanpaina aurkeztu du gaur, auzoetako eta herrietako jaien denboraldia hasi berritan. Hiru protagonista nagusi ditu Nafarroa jaia da. Erasotzaileak stop izenburuko kanpainak: Aimar Oroz futbol jokalaria, Kutxi Romero abeslaria eta Unai Laso pilotaria. «Emakumeen eta gizonen arteko errespetuzko eta berdintasunezko jai eredua» aldarrikatu dute hirurek kanpainako iragarkietan.

INAI Berdintasunaren Nafarroako Institutuak ondu du kanpaina. Hango zuzendari kudeatzaile Eva Isturizek «oso positibotzat» jo du kirolaren eta kulturaren hiru erreferente berdintasunaren alde publikoki agertu izana: «Garrantzi handia du kanpainan parte hartu izana, ospe handia baitute Nafarroako gizartean, kulturan eta kirolean, eta gazte askok jarraitzen eta miresten baitituzte». Isturizen ustez, Orozek, Romerok eta Lasok erakutsitako konpromisoa «eredu eta erreferente» izanen da gizon askorentzat, «eta kontzientziak mugitzen lagunduko du».

Berdintasun institutuko zuzendariak azaldu duenez, kanpaina «erasotzaileei zuzenduriko deia» da, «jakinarazteko jarrera matxistek ez dutela lekurik gure festetan». Izan ere, Isturizen irudiko, oso garrantzitsua da «gizonek pauso bat ematea aurrera, eta edozein konplizitate apurtzea emakumeei eraso egiten dietenekin». Horregatik, kanpainako gizonak ez dira inoren salbatzaile gisara agertzen, «gaitz horren inguruan kontzientzia hartu duten herritar gisara baizik». Indarkeria matxistaren aurkako borrokan, gizonezkoek «subjektu aktibo» izan behar dute, INAIko buruak adierazi duenez, «berdintasunean oinarritutako gizarte eredu bat lortzeko bidean».

Afixak, bideo bat eta sare sozialetan zabalduko dituzten materialak prestatu ditu Nafarroako Gobernuak kanpaina honetarako, euskaraz eta gaztelaniaz, eta udalen eta gainerako toki entitateen esku utzi ditu, udal bakoitzak mezuarekin bat egin eta zabal dezan.

Gizartean errotuta dagoen «bortxaketaren kultura» ere aipagai izan du Isturizek, sexu indarkeriaren justifikazioa eta normalizazioa azaltzeko. «Emakumeak parrandan ateratzen direnean jasaten duten sexu indarkeria ez da alkoholaren edo beste droga batzuen kontsumoaren ondorio, ez eta gaueko giro lotsagabearen edo gizon batzuen eromenaren ondorio ere. Sistema patriarkalean gizonek duten rolaren ondorio da». Isturizek gaineratu du emakumeek eskubidea dutela jaiez gozatzeko, «jarrera inbaditzaileak, beren gorputzari buruzko iruzkinak eta ukituak jasan behar izan gabe». Era berean, gogorarazi du ezen, kanpaina eraso sexisten prebentzioan oinarritzen bada ere, jaietan ere beharrezkoa dela «etxeko lanen eta zaintza lanen banaketa bidezkoa» eskatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.