Kirol eskalada

Mikel Linazisoro, «oso pozik» Espainiako Kopako garaipenarekin

Eskalatzaile bergararrak irabazi du blokeko Espainiako Kopa, hiru probak lehiatu ondoren. Hamalau urtez azpikoetan Eñaut Uson izan da txapeldun, eta 18 urtez azpikoetan bigarren geratu da Intza Elizalde. Linazisoro zailtasuneko Munduko Kopari begira jarri da orain.

Mikel Linazisoro finaleko blokeetako batean. JAVI PEC / FEDME
ramon olasagasti
2023ko ekainaren 7a
10:44
Entzun

Aurreko asteburuan jokatu da Madrilen Espainiako Kopako blokeko hirugarren eta azken proba, eta, beste behin, emaitzak ezin hobeak izan dira euskal eskalatzaileentzat. Mikel Linazisoro bergararrak (Gipuzkoa) Kopako azken garaipena lortu du maila nagusian, Madrilen bigarren izan ondoren, eta Eñaut Uson tolosarrak (Gipuzkoa) ere gauza bera egin du 14 urtez azpikoetan. Kopa osatu duten hiru probatik bi irabazi ditu Usonek, Madrilgo azkena barne.

Gizonezkoen maila nagusian, beste euskal eskalatzaile bat ere igo da podiumera: Andoni Esparta bilbotarra hirugarren izan da azkenean Kopan. Eta emakumezkoen maila nagusian, Ainhize Belar gaztea zazpigarren izan da. Emakumezkoen maila nagusi horretan, Aida Torres kataluniarra nagusitu da Kopako sailkapen nagusian. Oviedoko lehen proban eta Madrilgo azkenekoan Valladolideko Iziar Martinez nagusitu zen, baina, Cuencan lehiatu ez zenez, Torresentzat izan da azken garaipena.

Mikel Linazisorok medikuntzako bosgarren mailako azterketen txanpa bete-betean egin zion aurre Espainiako Kopako hirugarren probari, eta horretan ere emaitza bikaina eskuratu zuen. «Aurten, nire helburu nagusia da zailtasuneko Munduko Kopan lehiatzea, baina denboraldiaren hasieran beti egiten dugu blokea, eta, beraz, Espainiako Kopako probetan ere lehiatu naiz. Oviedon, lehen proban, ondo sentitu nintzen, nahiz eta azkenean laugarren egin. Bigarrenean, Cuencan, garaipena lortu nuen, eta sailkapen nagusian lider jarri nintzen, eta, azkenengo honetan, Madrilen, bigarren izan naiz, eta, azkenean, Kopa eskuratu dut. Oso pozik nago emaitzarekin».

Maila nagusian, finalean, lau bloke oso gogor prestatu zituzten antolatzaileek, mugimendu eta koordinazio oso gogorreko problemak, irakurtzeko zailak. Horren erakusle, blokeetako bi ezin izan zituen inork gainditu. Beste bloke oso tekniko bat hiru eskalatzailek gainditu zuten bistaz, eta laugarrena bik baino ez zuten egin. Finaleko jardun hori kontuan hartuta, Lluc Macia kataluniarra nagusitu zen Madrilgo proban, Linazisoro izan zen bigarren, eta Guillem Lluc Milles, hau ere kataluniarra, hirugarren. «Pena izan zen: gainditu gabe geratu ziren bi bloke horietan ni iritsi nintzen goren, azkeneko pausoan jausi nintzen bietan, top-aren azpiko presan. Bloke fisikoak ziren biak; ni horietan moldatzen naiz hobekien, baina bietan azkeneko heldulekuan jausi nintzen, eta horregatik ezin izan nuen irabazi. Hala ere, ondo dago noizean behin horrelako bloke gogorrak jartzea eta geure burua asko estutzera behartzea».

Linazisorok, txikitatik, blokeko probak baino gogokoago ditu zailtasunekoak. Behin Espainiako Kopa bukatuta, zailtasuneko Munduko Kopako lehiaketei helduko die orain. Datorren asteburuan, ekainaren 14tik 18ra, jokatuko da aurrenekoa, Innsbrucken (Austria). Iaz, finalerdietara iritsi zen probetako batean, eta aurten ere helburu hori bera du. «Finalerdiren batean sartzea eta zeozer txukuna egitea gustatuko litzaidake. Finalera iristea oso-oso zaila da. Zortzi bakarrik sartzen dira, munduko onenak daude hor, eta denak profesionalak dira, eskaladarako eta eskaladatik bizi dira, eta oso zaila da haien parera iristea. Finalerdietara lauzpabost aldiz pasatu naiz, eta aurten ere emaitza ona litzateke probaren batean hamabost aurrenekoen artean sailkatzea. Finalen batean sartzea? Amestea libre da, baina oso zaila da».

Hasteko, Europan egiten diren probetan lehiatuko da eskalatzaile bergararra. Innsbruck (Austria), Villars (Suitza), Chamonix eta Briançon (Frantzia) eta Koper (Eslovenia) hirietan izango dira proba horiek. Irailean, Wujiang hirian (Txina) izango da azkena, baina Linazisorok ez du uste hara joango denik. Munduko Kopako probetan ez ezik, Munduko Txapelketan ere lehiatuko da aurten Linazisoro. Bi urtean behin egiten da Munduko Txapelketa, eta aurten Bernan (Suitza) izango da, abuztuaren hasieran.

Eñaut Uson, Madrilgo proban. EMF

Euskal Herriko zailtasuneko txapelketa ere jokatuko da aurten aspaldiko partez, ekainaren 24an, Derioko Biwak Climbing rokodromoan. Linazisorok ez daki oraindik bertan egon ahal izango duen. «Munduko Kopako proben artean harrapatzen nauenez, oraindik ez dugu plangintza zehatza egin. Gustatuko litzaidake, hala ere, berriro ere Euskal Herriko Txapelketan lehiatzea eta jendearekin elkartzea».

Eñaut Uson, 14 urtez azpikoetan

Blokeko Espainiako Kopara itzulita, azpimarratzekoa izan da Eñaut Uson tolosarraren garaipena 14 urtez azpikoetan. Lehen proban, Oviedon, bigarren izan zen, Cuencan garaipena eskuratu zuen, eta Madrilgo azkenekoan, presioa ondo kudeatuz, ez zien aukerarik eman aurkariei, eta finaleko lau blokeetan lau top lortu zituen.

Intza Elizaldek 18 urtez azpikoetan egin zuena ere azpimarratzekoa da. Madrilen sailkapen fase bikaina egin ondoren, finalean zertxobait gehiago sufritu zuen, eta bosgarren amaitu zuen azkenean. Oviedon lehen proban lortutako garaipenari esker, hala ere, Espainiako Kopako azken sailkapenean bigarren izan da eskalatzaile tolosarra. 18 urtez azpikoen maila berean, seigarren izan da Elur Arteaga, eta zazpigarren Ainhoa Uskola.

Espainiako Kopako sailkapen guztiak, FEDMEren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.