Indarkeria matxista

'Soilik baietz da baietz' legeak ezarritako murrizketak babestu ditu Gorenak

Espainiako Fiskaltzak zigorren apaltzearen aurka jarritako helegite ia denak atzera bota ditu,

Sexu erasoen kontrako protesta bat, Donostian, iazko udan. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2023ko ekainaren 7a
14:45
Entzun

Soilik baietz da baietzlegeari helduta, indarkeria matxistagatik ezarritako hainbat zigor murrizteko helegiteak jarri dituzte hainbat probintzia auzitegitan, eta irizpideak askotarikoak izan dira horiek ebazteko orduan. Murrizketen aurkako doktrina ezartze aldera, Espainiako Fiskaltzak helegiteak jarriak zituen zigorrak apaldu dituzten ebazpenen aurka, eta horiei buruz deliberatu du saio monografiko batean Espainiako Auzitegi Gorenak. Fiskaltzaren helegite ia denak atzera bota ditu. Horiek horrela, legeak ezarritako murrizketak babestu egin ditu.

Gorenak, ebazpen honekin, Berdintasun Ministerioaren eta fiskaltzaren iritziaren kontra egin du. Guztira 29 helegite aztertu dituzte. Horietatik bederatzi fiskaltzak aurkeztuak ziren; beste 22 indarkeria matxistarengatik zigortutakoek ezarritako helegiteak ziren.

Gorenak defendatu duen irizpidearen arabera, lege berriak ezarritako zigor txikiena lehengoa baino txikiagoa bada, murriztu egin behar da. Fiskaltzaren argudioa izan da ezarritako zigorrak orain onartuta dauden zigor tarteen barruan badaude ez direla ukitu behar. Zirkularrak ere zabalduak zituen irizpide horren inguruan, baina, orain Gorenak atzera botata, bide laburra dute.

Kritikak

Espainiako Gobernuak kritika gogorrak jaso ditu oposizioaren partetik, legeak murrizketa horiek ekarri dituela eta. Koalizio gobernu barruan ere tentsioa eragin dute gaiarekin lotutako albisteek. Irene Montero Berdintasun ministroaren kontrakoak izan dira aurkako mezu asko. Aldiz, ministerioko arduradunek argudiatu izan dute legearen aplikazio oker baten emaitza izan direla zigorren murrizketa asko.

Ebazpenaren harira, tamala erakutsi du gaur Monterok, Twitter sare sozialaren bidez: «Albiste txarra da». Berdintasun Ministerioko iturriek, berriz, gogoratu dute legeak biktimen arta ona bermatzeko alde positibo asko dituela, eta horietan indarra jartzera egin behar dela. Lege honek ekarri duen aldaketetako bat da, besteak beste, onespena nabarmendu duela, eta onespenik gabe izandako sexu harremanak sexu erasotzat hartzen dituela.

Fiskaltzak, berriz, zera esan du: egunotan jakingo da Gorenaren ebazpenen gaineko xehetasunen berri, eta orduan hitz egingo du.

Gorenak aurrez epaiak emanak zituen irmoak ez ziren zigorren inguruan. Epai irmoen gaineko ebazpena falta zen, ordea, eta horixe da orain eman dutena. Fiskaltzak, auzia bideratzen laguntze aldera, 1995ean Zigor Kodean ezarritako xedapen iragankorra aplikatzeko eskaria egina zuen; hori ere aztertu du orain Gorenak, baina ez du onartu.

Gaur zabaldu dituzten datuen arabera, 2.301 zigor berrikusi dira lege berria ezarri zenetik. 1.079 apaldu dira, eta 108 zigortuk kartzelatik irtetea lortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.