Albistea entzun

Lan osasuna

31 gradutik gorako tenperaturarekin lan jarduna geldiaraz daitekeela uste du LABek

Lantokietan beroari aurre egiteko gida bat eratu du, eta sentsazio termikoaren arabera atsedenak arautzeko eskatuko diete enpresariei.

Bi igeltsero Bilbon lanean, 36 graduko tenperaturarekin.
Bi igeltsero Bilbon lanean, 36 graduko tenperaturarekin. Luis Jauegialtzo / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2023ko ekainak 8 08:43

Hogeita hamar gradu inguruko tenperaturara iritsi eta %70etik gorako hezetasuna badago lan jardunean etenak egitea proposatuko du LABek. Sindikatu abertzaleak protokolo bat idatzi du lantokietan beroaren arazoari aurre egiteko, eta hura indarrean jartzeko kanpaina abiatuko du. Tenperatura eta hezetasun baldintzak kontuan hartuta, zenbait pauso emango dituzte, eta, beharrezkoa bada, jarduna etengo dute alde bakarrez, lan prebentzioko legearen 21. artikuluan oinarrituta. «Helburua argia da: enpresariak ikus dezala arriskuak murriztea merkeagoa dela ekintza sindikala baino», zehaztu du Inko Iriarte LAB sindikatuko lan osasuneko arduradunak.

Azken urteetako beroaldien ondorioz, eztabaida piztu da ea egokia den ala ez halakoetan lan egitea, eta, ikusita afiliatuak eta ordezkariak arduratuta zeudela arazo horrekin, gaiari heldu dio LABek. Iriartek azaldu duenez, modu zientifikoan jorratu dute auzia: «Ez dugu txosten tekniko bat egin nahi izan, baizik gida bat; alegia, lan-osasun baldintza duinak ezartzeko tresna bat». Horretarako, ordezkariak trebatuko dituzte sentsazio termikoaren aldagaiak detektatu eta neurtu ditzaten.

Eta zer baldintzatan etengo dute jarduna beroaren eraginez? Bada, adibidez, itzalik gabeko kanpoko lanetan, 31 graduko tenperatura eta %90eko hezetasun erlatiboa badaude, lantokiko LABeko ordezkariak jarduna etetea eskatuko du. Edota 33 gradu eta %80eko hezetasuna daudenean, eta 34 gradu eta %70eko hezetasuna daudenean. Taula bat eratu dute baldintzen arabera hartu beharreko neurriekin. Esaterako, tenperatura hotzagoekin orduko bost, hamar edo hamabost minutuko etenak egitea proposatuko du.

Hezetasunaren garrantzia
Eta barruko lanetan? Itzaletan badira, 34 gradu eta %90eko hezetasuna daudenean proposatuko du LABek jarduna etetea, edota 37 gradu eta %70eko hezetasuna daudenean. Iriartek azaldu du ardura berezia sumatu dutela barrualdean lan egiten duten langileen artean: «Euskal Herriaren hegoaldean bero handiagoa egiten du, baina Kantauri aldean hezetasuna handiagoa da, eta pabiloietan-eta lan egiten duten afiliatuek kezka helarazi digute».

Arazoaren oinarrian, duela 27 urte onartu zen eta aplikatzen ez den araudi bat dago. Tenperatura beroak jasaten dituzten lanpostuetako enpresei bero protokoloak diseinatzea aholkatu zitzaien, eta gehienek ez zituzten egin. Hori hala izanda, LABek ekimena hartzea erabaki du. Jarduna alde bakarrez eten aurretik, baina, hiru pauso emango ditu: lehenbizi, enpresari formalki eskatuko dio arrisku hori prebenitzeko. Hala egiten ez badu, Osalani edo NOPLOri jakinaraziko dio neurketarik ez dela egiten, eta, ondoren, arriskuaren berri emango dio lan ikuskaritzari. Eta ondoren aplikatuko lituzke alde bakarreko neurriak, «prozesu osoak ematen duen berme juridikoarekin».

Sindikatuak ezinbestekotzat jo du ekimena hartzea, Osalani asko kostatzen baitzaio neurriak aplikatzea. Iriarte: «2021ean Osalanek bost kasutan bakarrik aktibatu zuen lan arriskuen prebentzioko legearen 21. artikulua». Artikulu horrek argi esaten du langile batek bere osasunarentzako kaltegarria izan daitekeen egoera bat ikusten badu uko egin diezaiokeela lanari. Aurrera begira, berriz, beroari buruzko gida sektore mailako negoziazioetan txertatzeko asmoa dutela aurreratu du Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

AEBetako petrolio putzu bat ©LARRY W. SMITH (Efe)

IEAk ez du beharrezko ikusten erregai fosiletan inbertitzea

Jokin Sagarzazu

Energiaren Nazioarteko Agentziak uste du petrolioaren kontsumoak 2030ean joko duela goia. Nazioarteko lankidetza handitzeko eskatu du, klima helburuak betetzeko.

<b>Mitxel Lakuntza, atzo.</b> ELAko buruak aldarrikatu du grebak direla akordio onak lortzeko modurik onena. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk

Imanol Magro Eizmendi

Sindikatuko ikerlarien ustez, Hego Euskal Herriko inflazioa %4,1ekoa izango da aurten. Euskal bankuen mozkinak %50etik gora igo dira

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orrokorra, atzo. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari

Iraia Vieira

Salatu du egungo zerga ereduak langileen zama handitzen duela, eta zerbitzu publikoak ahuldu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.