Arrazakeria

Bizkaiko SOS Arrazakeriak jasotako salaketa gehienak poliziak eraginak izan ziren

34 salaketa jaso zituzten 2022an; eta, datu horiekin, urteroko txostena landu berri dute. Adierazi dutenez, salaketa gehienak arrazakeria instituzionalari dagozkie.

Bilboko San Frantzisko auzoan polizien arrazakeria eta gehiegikeria salatzeko eginiko protest bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 7a
20:28
Entzun

Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoak 34 salaketa jaso zituen iaz, eraso eta tratu arrazistengatik. Urtero bezala, salaketa guztiak bildu, eta txosten bat sortu dute orain. Gaur aurkeztu dute Diskriminazioaren ahotsak txostena, Bilboko Zirika herri gunean. Azterlanaren arabera, herritarrek jarritako salaketa gehienak arrazakeria instituzionalari dagozkie, arrazakeria polizialari, zehatzago. «Salaketa ugari jaso genituen iaz, baina formalak 34 izan ziren; hau da, 34 horien informazio zehatza jaso genuen», zehaztu du Karen Brunel Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeko kideak.

Aurreko urtean baino salaketa gutxiago jaso dituzte 2022an, baina horrek ez du esan nahi eraso arrazistak gutxitu direnik. «Salaketa formal gutxiago jasotzearen arrazoia da erakundeek ez dutela azaltzen delitu gorrotoengatik salaketa nola jarri; gainera, maila judizialak ez ditu arrazoi arrazistak aitortzen, eraso bat gertatzen den momentuan». Hori dela eta, herritarrek ez dute «motibaziorik» aurkezteko. «Errepresaliak egongo ote diren beldur dira eta horregatik ez dute salatzen; gainera, badakite maila emozionalean eta ekonomikoan gogorra izango dela».

Beste arrazoi bat ere badago salaketak erakundeetan ez aurkezteko: «Kasu gehienetan, instituzioak eurak dira eraso arrazistak egiten dituztenak». 34 salaketatik hamabi gertatu ziren eremu instituzionalean iaz. Salaketa guztien %35, alegia. Hain justu, iazko martxoren 21ean, Arraza Diskriminazioaren Aurkako Egunean, arrazakeria instituzionala salatu zuten Bilbon. Txostenean gogoratu duenez, ez da kasu bakan bat. Arrazakeria instituzionala da lelopean egin zuten manifestazioa. Eta salatu zuten arrazakeria mota horrek pertsona arrazializatu eta migratuen bizitza ikusezin bihurtzen duela, gorrotoa, ahultasuna eta desberdintasun soziala sustatzen duten legeekin: «Atzerritarren Legea bezalako legeek eskubideak urratzen dituzte, etxebizitza bat eskuratzeko eta lanerako eskubidea oztopatzen dute, eta ikusezintasuna bermatzen dute».

Arrazakeria instituzionalaren barruan, erasoen %83 poliziek egin zituzten: Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. «Agente diskriminatzaile arrazista nagusiak izaten jarraitzen dute». Izan ere, Bizkaiko SOS Arrazakeriak urteak daramatza arrazakeria poliziala salatzen. «Ezaugarri etnikoaren araberako identifikazioak, justifikatu gabeko isunak eta boterearen gehiegikeria dira arrazakeria poliziaren adibide». Arrazakeria instituzionalaren gainerako salaketak udaletan gertatzen dira gehienbat.

«Auzokideen arrazakeriaren eta pertsona partikularren arrazakeriaren datuek gora egin dute, eta horrek kezkatu egiten gaitu», aitortu du Brunelek. Izan ere, salaketen %21 auzokideen eremuan gertatu dira, eta %20 partikularrek eragin dituzte. Gainerako salaketak laneko arrazakeriari, segurtasun pribatuaren arrazakeriari eta komertzioetan gertatutako arrazakeriari dagokie: %12, %9 eta %3, hurrenez hurren.

Salatzaileen %43k jatorri marokoarra dute. Eta ia herenak 29 eta 39 urte bitarteko pertsonak dira. Bestalde, egoera administratibo erregularrean daude erdiak baino gehiago. Egoera administratibo irregularrean daudenak %32 dira, eta Espainiako herritartasuna dutenak, berriz, %15. «Arrazakeria kategoria guztietan ematen da». Era berean, bost salatzaileetatik soilik bat da emakumea. Txostenaren arabera, kopuru horren zergatia andreek egiten dituzten lanak dira: «Emakumeek zaintzan edo etxeko lanetan egiten dute lan, ezkutuko ekonomian, eta Atzerritarren Legearen aurrean zaurgarriak dira».

Hezkuntzaren garrantzia

Datuez gain, 2022an egindako jarduera garrantzitsuenak jaso dituzte lanean. «Bulegora etorri direnen narratibak jaso ditugu». Baita iritzi artikulu bat ere. Bertan, Elena Bezanilla Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideak «pribilegio zuriei» eta «ahultasun zuriari» buruzko hausnarketa egin du.

Bestalde, txostenak ohartarazi du ezinbestekoa dela hezkuntzan «ikuspegi antirrazista» txertatzea. «Hezkuntza zentroetan jatorri diferenteetako gero eta pertsona gehiago daude; gizartea gero eta pluralagoa da». Hala ere, ikuspegi antirrazista hori txertatzea falta da; eta eskola barruan gertatzen diren gertaera arrazistak identifikatzea ere bai. Gaur egun, SOS Arrazakeria antirrazismoarekin lotutako gida didaktiko bat sortzen ari da, irakasleek euren ikasleekin erabil dezaten. Hala ere, taldeak adierazi du hezkuntza ez dela soilik eskolen kontua: «Hezkuntza ez da soilik ikastetxeei dagokien gaia: gizartearen beste eremu guztietara ere iritsi behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.