Mendiko lasterketak

Azkorbebeitia eta Iñarra garaile EH Mendi Erronkan

Biek ala biek Leitzako ultraren (67 km /7.200 m+) errekorrak ondu dituzte. Irati Trail proban, berriz, Ainara Alcuaz eta Beñat Katarain izan dira azkarrenak. Andorrako Travessa d’Encamp ultran (84 km) Goar Lopetegi eta Jone Urkizu nagusitu dira.

EH Mendi Erronka probako emakumezkoen podiuma. EMF
ramon olasagasti
2023ko ekainaren 8a
12:31
Entzun

Mendiko lasterketen denboraldia pil-pilean da. Aurreko asteburuan, hainbat probaren artean, ultra distantziako Euskal Herriko Kopako lasterketa nagusietako bat jokatu zen: EH Mendi Erronka, Leitzan (Nafarroa). Eta egun berean, ekainaren 3an, lineako Euskal Herriko Kopako beste proba bat ere izan zen: Irati Trail lasterketa, Zaraitzu ibarrean (Nafarroa).

Leitzan, 560 bat lasterkari elkartu ziren herriko plazan, Euskal Herria Mendi Erronkaren IX. aldiari aurre egiteko. Erronka, bete-betekoa: 67 kilometroko distantzia eta 7.200 metroko desnibela. Bakarka lehiatu ziren gehienak, eta erreleboka beste batzuk. Binakako horretan, lehenbiziko lasterkariak Leitzatik Putzuzarreraino egin behar zuen (32,8 km eta 4.700 m+), eta bigarrenak, Putzuzarretik Leitzarainoko zatia (34,2 km eta 2.194 m+).

Emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra nagusitu zen (7.54.59). Sara Peña oriotarra sailkatu zen bigarren (8.28.24), eta Uxoa Irigoien getariarra hirugarren (9.20.47). Lasterketa irabazteaz gain, 2016tik Oihana Kortazar korrikalari elgetarrak zeukan errekorra hautsi zuen Azkorbebeitiak, hiru segundoan. Era berean, lasterketaren barnean jokatu zen Irumugarrietako kilometro bertikalean ere Azkorbebeitiak egin zuen denborarik onena.

Gizonezkoetan, Ander Iñarra izan zen garaile. Lezoarrak sei ordu, 34 minutu eta 23 segundo behar izan zituen erronka osatzeko. Hala, Iñarrak ere probako errekorra hautsi zuen, Daniel Agirrek 2015etik zuen marka (6.42:59) 8 minutu pasatxoan hobetuta. Iñaki Olano altzotarra izan zen bigarren (6.38: 37) eta Aritza Craamer leitzarra hirugarren (6.59: 14). Kilometro bertikalean ere Iñarra bera nagusitu zen, 54:54ko denborarekin.

EH Mendi Erronkaren helburua ez da kirol hutsera mugatzen. Hasiera-hasieratik, zabalagoa izan da Leitzako lasterketaren asmoa: «Euskal mendizaletasuna, mendi lasterketak, lurraldetasuna, euskal selekzioaren ofizialtasuna, Plazaola natur bidea eta euskara sustatzea», hain zuzen ere. Alde horretatik, aurten Errigora omendu dute, «Euskal Herriaren izena eta izana zabaltzeko, sendotzeko eta errotzeko» egiten duen ekarpenagatik. Antolatzaileen hitzetan, «Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen egitasmo herritarra da Errigora, eta bete-betean egiten du bat EHMEren izaerarekin eta balioekin».

Goar Lopetegi Andorrako Travessa d'Encamp proban. Antton Guaresti

Enkarterri Extrem, Domusa Teknik 40MLK eta EH Mendi Erronka lasterketen ondoren, Sara Peña eta Iban Agirrezabala dira ultra distantziako Euskal Herriko Kopako liderrak. Peñak tarte zabala ateratzen die hurrengoei, eta Agirrezabalak, berriz, bi puntuko tarte estua du Goar Lopetegi ibartarrarekiko (Gipuzkoa).

Hain zuzen, Goar Lopetegik garaipen handia lortu du asteburu honetan bertan Andorrako Travessa d’Encamp lasterketa entzutetsuan, 84 kilometroko distantzian (11.12:54). Horregatik ez zuen Leitzan parte hartu. Lopetegik honela adierazi du poza sare sozialetan: «Hitzez ezin da esplikatu asteburu honetakoa! Taldekideen animoak jaso, etxekoak beti bezala hor, ezin nahiko eskertu zuen babesa! Taupada urdin polita sortu dugu asteburuan, talde giro aparta izan dugu, eta horrek asko balio du; hemendik aurrera gehiago ere izango dira, ziur!». Andorrako proba eta distantzia berean (84 km), Jone Urkizu Mendiolak ere garaipen handia lortu du emakumezkoetan (15.03:53).

Leitzako EH Mendi Erronkara itzuliz, errelebokako proban, Laiane Arrospide eta Iñigo Larrarte izan ziren azkarrenak.

EH Mendi Erronka probako sailkapenak lasterketaren webgunean daude.

Ultren egutegiko laugarren eta azken topaketa uztailean jokatuko da: Beasaingo G2H. Hor jakingo da nork janzten duen ultra distantziako EH Kopako txapela.

Alcuaz eta Katarain, Irati Trailen

Larunbatean bertan jokatu zen X. Irati Trail proba, Irati-Zaraitzu kirol taldeak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatuta. Lineako Euskal Herriko Kopako bosgarren proba zen Iratikoa. Neurriak, hauexek: 31 kilometro eta 2.100 metroko goranzko desnibela. Lasterketaren 450 dortsalak aspaldi zeuden banatuta, eta gehienak bertaratu ziren Abodiko Iraupen Eskiko Zentroko irteerara. Irabazleak Ainara Alcuaz burlatarra (Nafarroa) eta Beñat Katarain zegamarra (Gipuzkoa) izan ziren.

Emakumezkoetan, hasieran Sara Sanante kataluniarrak hartu zuen lasterketaren burua, baina Alcuazek, Iratiko bidezidorrak ondo ezagutzen dituenez, bere erritmoari eutsi zion itsutu gabe, eta azkenean nagusitasun osoz lortu zuen garaipena. Nafarraren denbora: 3:43:55.

Gizonezkoetan, Juan Barrio eta Xabier Zarranzek ezarri zuten erritmoa lasterketaren zatirik handienean, baina, Ibarrondoko kontrolerako (21,6 km), Katarain aurreratu egin zitzaien. Orhiko igoeran eta jaitsieran alde hori zabalduz joan zen lasterkari zegamarra, eta azkenean bera nagusitu zen (3:02:09). Zarranz izan zen bigarren, eta Victor Bernedo hirugarren.

Oihane Unzalu eta Beñat Katarain, Euskal Herriko Kopako bi liderrak. EMF

Irati Trail lasterketako sailkapen guztiak hemen.

Lineako egutegian Euskal Herriko Kopako bosgarren proba jokatu ondoren, Oihane Unzalu abadiñarra eta Beñat Katarain bera dira liderrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.