Albistea entzun

Txirrindularitza

Txomin Perurena txirrindulari ohia hil da, 79 urterekin

 

Euskal selekzioaren alde

Beñat Mujika Telleria -

2023ko ekainak 8

Txomin Perurena txirrindulari ohia hil da, 79 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Hamasei urteko ibilbide luzea egin zuen bizikleta gainean (1963tik 1979ra), eta hainbat lorpen eskuratu zituen, besteak beste KAS, Fagor eta Orbea taldeekin. 158 garaipen lortu zituen guztira, baina esanguratsuenak Espainiako Vueltan, Euskal Herriko Itzulian eta Italiako Giroan lortu zituen. Hamabi eskuratu zituen Vueltan, 11 Itzulian, eta bi Giroan. Espainiako Vuelta irabaztetik gertu izan zen 1975ean, eta laugarren, bosgarren eta seigarren ere izan zen 1977an, 1974an eta 1972an, hurrenez hurren. 1974an mendiko sailkapena irabazi zuen Frantziako Tourrean, oraindik maillot pinportaduna existitzen ez zenean.

158 garaipen horiek balio handia daukate, ez baitzituen edonolako aurkariak izan. Txirrindularitzaren izar handienetako baten garaia zen; Eddy Merckxena. Belgikarraren nagusitasuna ikustekoa zen, baina Perurenak begietara begiratzen zion KAS talde historikoko taldekideen laguntzaz. Garaipenen marka ere ez da nolanahikoa. Perurenaren marka sei ziklistak soilik hobetu dute historian: Eddy Merckxek (283), Rik van Looy eta Mark Cavendishek (162), Mario Cipollinik (161), Roger de Vlaeminckek (161) eta Sean Kellyk (159).

Lehen pausoak afizonatuetan eman zituen, eta Fagor taldearekin igaro zen profesionaletara, Pedro Matxainekin. Txirrindulari moduan hainbat diziplinatan nagusitzeko gai zen Perurena. Esprintean irabazi ohi zituen etapa gehienak, baina mendate luze zein motzetan ere oso trebea zen. Espainiako Vueltan hamabi etapa irabazteaz gain, errekor bat ere badauka. Espainiako Vuelta irabazi gabe liderraren maillota egun gehienetan jantzi duen txirrindularia da. Oiartzuarrak 31 egunez jantzi zuen orduko maillot horia, baina ez zuen lortu Vuelta irabazterik. Hiru itzuli handitan parte hartu bazuen ere, 1975eko Vuelta izan zuen itzuli handietako bat irabazteko aukera. Baina Agustin Tamamesek eskuetatik kendu zion azken etapan. Donostian amaitu zen erlojupekoan, hamalau segundoren aldearengatik galdu zuen Vuelta.

Bizikletatik jaitsita ere, txirrindularitzari lotuta

Erretiroa hartu zuenean, txirrindularitza munduan jarraitu zuen urte mordo batez. Orbean, Caja Ruralen eta Euskadi Fundazioan (Euskaltel Euskadi izan aurretik) zuzendari lanak egin zituen. Bi Espainiako Vuelta irabazi zituen zuzendari postuan: Lehenengoa, Marino Lejarretarekin, Tekan, 1982an; bigarrena, Pedro Delgadorekin, Orbean, 1985ean. Horrez gain, euskarazko komunikabideetan aritu zen lanean. Besteak beste, Euskadi Irratian aritu zen esatari lanetan. Bestalde, Iragan uztailean omenaldia egin zioten Ordiziako Klasikoaren 99. aldian. Lasterketarekin zeukan lotura eta haren ibilbidea omendu nahi izan zituen Txapelgorri elkarteak. Urtero hartzen zuen parte Ordizian, eta hiru aldiz altxa zituen besoak helmugan; lehenengoz, 1971n.

Txirrindularitza munduaren erreakzioak berehala iritsi dira. Euskal Herriko Itzuliak txio baten bidez nabarmendu du «Euskadiko txirrindularitzaren alde asko egin» zuela. Movistarrek ere azpimarratu nahi izan du Perurenak egindako lana. «Gurearen moduko egiturak hain kirol maitatu batera iristeko lan egin zutenetako bat» izan zela aitortu du Eusebio Unzueren taldeak. Txirrindulariek eta txirrindulari izandakoek ere Twitterren oroitu nahi izan dute; besteak beste, Joseba Belokik eta Pello Ruiz Cabestanyk.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Kontxa irabaztea baino modu hoberik ez dago arrauna uzteko»

Mikel O. Iribar

Zaratarik atera gabe joan da arraunetik Eli Pescador, Hibaikan hamahiru urte eta Arraun Lagunak-en hiru urte egin ondoren. «Gorputzak esan dit nahikoa dela». Penatuta dago, baina Donostiako taldean egindako bidea «oparia» izan dela aitortu du.

 ©IHINTZA ELUSTONDO / UROLA KOSTAKO HITZA

Laugarrena nahi du

Julen Etxeberria

Hirugarrenez jarraian irabazi du banakako pentatloiaren txapela, eta, hala, Joxe Mari Olasagastiren eta Xabier Zalduaren pare jarri da. Bezperan, horrek baino ilusio handiagoa pizten zion bikotekideari eta seme jaioberriari txapela eskaintzeak, baina, orain, laugarrena janzteko grina du.
Anboton amaitzen den mendi gaina. ©GORKA LOPEZ

Anbotoko mendi burua, Atxartetik

Gorka Lopez

Alluitzeko gailurretik Anbotoko goialderaino heltzen den mendi lepotik barrena, ibilbide bizia egin dezakegu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...