Albistea entzun

Alaves 2-0 Eibar

Alaves izango da kanporaketa erabakigarrian

Arabarrek 2-0 hartu dute mendean Eibar, eta Levanteren aurka lehiatuko dira nor baino nor gehiago Lehen Mailara igotzeko. Igandean jokatuko da joaneko partida Mendizorrotzan. Luis Garcia Plazaren taldea eroso aritu da, eta Garitanorena, berriz, nahi baina ezinean.

Alaveseko eta Eibarreko jokalariak nor baino nor gehiago
Alaveseko eta Eibarreko jokalariak nor baino nor gehiago Jaizki Fontaneda / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2023ko ekainak 8 10:21

Alavesen poza eta Eibarren samina. Horixe utzi du arabarren eta gipuzkoarren arteko Lehen Mailara igotzeko aurreneko kanporaketak. Luis Garcia Plazaren taldeak amesten jarraituko du Lehen Mailara igotzeko, Garitanorena 2-0 menderatu ostean. Abdek eta Villalibrek sartu dituzte golak. Aparteko estutasunik gabe kudeatu du hasi eta berehala lortutako aldea Alavesek, eta Eibar, baloia izan arren, kamuts aritu da sormenean eta Siveraren ate aurrean. Baina Alavesek apenas izango duen tarterik lortutakoaz gozatzeko. Izan ere, igandetik aurrera pauso erabakigarria eman beharko du Lehen Mailara bueltatzeko, Levanteren kontra. Berriro ere Gasteizen jokatuko du (21:00). Kanporaketaren itzulerakoa hilaren 17an izango da, Herrialde Katalanetako taldearen zelaian.

Hasi bezain laster jarri zaio alde partida Alavesi. Izan ere, lehen minutura iritsi aurretik, gola sartu du Abdek buruz arabarrentzat, Riojak jarritako erdiraketa neurtu bat baliatuz. Kolpea Eibarrentzat, eta nahi zuen norgehiagoka egiteko aukera Alavesentzat. Urrats bat egin du atzera Alavesek, kontraerasoa baliatzeko asmoz. Eibarrek baloi jabetzea izan du. Baina, denboraldi honetako partida askotan gertatu bezala, kamuts aritu da. Kostatu egin zaio erasoa sakontasuna bilatzea, eta, horrenbestez, zuloak topatzea. Ondorioz, abagunerik garbiena 25. minutuan sortu du, area kanpoko jaurtiketa batekin. Baina Rahmaniren ezkerkada gutxigatik joan da kanpora.

Alaves ondo egon da jarrita berdegunean, eta ondo eutsi dio Garitanoren taldeari. Gainera, minutuak aurrera joan ahala, partidak hasieran izan duen erritmoa galdu du. Horrek Alavesi egiten zion mesede, emaitza alde baitzuen. Gipuzkoarrek, ordea, gertu izan dute berdinketa atsedenaldia iristear zela. Kasu horretan ere, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin izan da. Oraingo honetan, Tejerok jo du baloia. Baina Siverak geldiketa ona egin du.

Bigarren zatia, bide beretik

Eibarrek arriskatu beharra zuen, bi gol behar baitzituen kanporaketa iraultzeko. Hala, Aketxe eta Bautista zelairatu ditu Garitanok, Javi Muñozen eta Rahmaniren ordez. Baina gauzak ez dira askorik aldatu. Bigarren zati horretan Alaves hobeto atera da berriro ere. Eibarrek, berriz, ez zuen lortzen partidari beste abiadura bat jartzea.

Arabarrak eroso zeuden. Gainera, erasoan izan dituzte pare bat aukera bigarrena sartzeko. Syllak izan du aukerarik argiena. Buruz buru geratu da Zidane atezainarekin. Baina hark ondo erantzun du. 60. minutua zen. Are argiagoa izan da Abdek 73. minutuan izan duena. Villalibrek oso ondo erakarri du Eibarreko bi erdiko atzelarien arreta, eta pase sakon ederra eman dio. Baina kanpora bidali du baloia.

Garitanoren taldea pase luzeen bidez ahalegindu da min ematen azken txanpan, baina horrekin ere ez du arrisku handirik sortu. Alderantziz, Alavesek sartu du gola. Kasu honetan, Abde izan da pase sakona eman diona Villalibreri, eta Athleticek utzitako jokalariak ez du huts egin. Hala amaitu da partida. Futbolaren krudela bizi izan du beste behin Eibarrek. Izan ere, hamazazpi jardunaldi igoera postuetan eman eta gero, azken bederatzi partidetan garaipenik lortu gabe egoteak kanporaketak jokatzera kondenatu zuen. Eta bertan Alavesek itxi dio bidea. Arabarrek, berriz, talde sendoa direla erakutsi dute, nahiz eta distirarik ez egin gaurko partidan. Eta hori erakusten saiatuko dira beste behin Levanteren aurkako kanporaketan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Carlos Fernandez eta Turrientes gola ospatzen ©Biel Aliño / Efe

Realak sasoiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo

Ainara Arratibel Gascon

Lehen zati amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, ez dute partida ona jokatu. Baina hiru puntuak eskuratu dituzte, 32. minutuan Carlos Fernandezek sartutako gol bati esker.

Iñaki Williams, leher eginda Getaferen aurkako partidan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eten txiki bat dinamika onean

Pettan Uralde

Berdindu egin du Athleticek Getaferen aurka. Oihan Sancetek lehen zati amaieran jaso duen txartel gorriak eragina izan du partidan. Hamalau punturekin, goiko postuetan jarraitzen dute zuri-gorriek

 ©IDOIA ZABALETA / @FOKU

«Kritikak? Nor garen eta helburua zein den garbi izan behar da»

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak kolpe mingarria jaso zuen Europan, eta, Fernandezek aitortu duenez, azken partidak tentsioz jokatu dituzte. Nafarrek oraindik ez dute etxean irabazi, eta Atletico Madril hartuko dute gaur (21:30, DAZN).
Goiuri Zabaleta, sakatzen. Maite Ruiz de Larramendi, Naroa Agirre eta Iera Agirre ageri dira atzean. ©EDUARDO AGIRRE

Plazak hartu dituzte berriro

Julen Etxeberria

Ados Pilota klubak antolatutako Plazaz Plaza txapelketak hirugarren aldia du aurten, eta etzi jokatuko dute finala, Azkoitian. Zabaleta eta Mujika Iturriagaren eta Ruiz de Larramendiren aurka ariko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.