La Moreako H&Mko langileak, urte erdi greba mugagabean
2009tik ez diete soldata igo langileei, eta, ELAren arabera, ordutik %25 apaldu zaie erosteko ahalmena.

Urtarrilaren 9an, greba mugagabeari ekin zioten Cordovillako (Nafarroa) La Morea merkataritza guneko H&M dendako langileek. Protestaren bidez, salatu nahi dute 2009tik izoztuta dauzkatela soldatak, eta ELAk, denda horretan ordezkaritza duen sindikatu bakarrak, jakinarazi du orduz gero %25 murriztu zaiela erosteko ahalmena, inflazioaren eraginez.
Egoera hori arbuiatzeko, Iruñeko udaletxearen parean elkarretaratze bat egin zuten langileek. Sindikatuaren arabera, hitzarmena berritzeko negoziazioa blokeatua du enpesaren zuzendaritzak. ELAk dio azken hilabeteetan ituna berritzeko eskaintza bakarra egin duela zuzendaritzak, eta ez zela nahikoa.
Enpresak egoera iraultzeko eskaintza egokirik egiten ez duela iritzita, ELAk adierazi du langileek greban eta mobilizatzen jarraituko dutela.
Soldatak igotzea eskatzeaz gain, igandeetan eta jaiegunetan denda irekitzearen aurkako neurriak ere eskatzen dituzte, baita online salmentaren ondorioz lanposturik ez kentzeko bermea ere. Horrez gain, lanpostuak kontsolidatzeko eta lanaldi partzialak gutxitzeko neurriak ere galdegin dituzte, lantegiko arazo nagusitzat jotzen baitute hori. Izan ere, langileek hilean 500 euro irabazten dituzte batez beste, baina, aldi berean, ELAk gogorarazi du Suediako taldeak 20 milioi banatu zituela iaz dibidenduetan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.