Hezkuntza Legea

Lausotasunak ilundutako asmoak

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz? Galdera horri erantzuten saiatu dira Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan egindako Martin Ugalde Foroa. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko ekainaren 9a
13:41
Entzun

Euskara eta euskal kultura ditu ardatz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak, baina hori lortzeko eta gorpuzteko bidean lausotasuna da nagusi. Ondorio horretara iritsi dira Martin Ugalde foroan Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Asier Etxenike Hezkuntza Plazara taldeko kidea, eta Iratxe Retolaza Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Irati Urdalleta BERRIAko kazetariak gidatu du eztabaida.

Ados agertu dira hiru hizlariak. Euskara zentroan jartzeko asmoak jasotzen ditu lege proposamenak, baina ez du zehazten nola; eta hor hasten dira arazoak. Hainbat ertzen inguruan egin dute gogoeta. Eskisabelen arabera, legeak hizkuntza gutxituaren aipamena egiten du; helburu gisa jarri du hezkuntza sistemak euskara ardatz izango duela, euskararen inguruan artikulatuko dela, eta irteera profil bat ezartzen du ikasleei euskararen jabetze osatu bat eskaintzeko. Baina, ondoren, zalantzak: «Zer esan nahi du euskara ardatz izateak eta euskararen inguruan artikulatuta egoteak? Zein da irteera profil horretara iristeko bidea? Orain da garaia hori definitu eta legera ekartzeko, baldin eta asmo horiek egiazkoak badira». Hots, helburuak gorpuzteko bideen falta sumatu du.

Hari horri eutsi dio Etxenikek ere. Elementu batzuk begi onez ikusten ditu; tartean, sistema osoari zuzendutako lege bat izatea. Hizkuntza proiektuak ere aipatu ditu, eta balioa eman dio hori bultzatzeko Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortzeari. Ordea, baditu hainbat kezka: haren ustez, beharrezkoa da era artikulatuan jasotzea euskara hizkuntza propioa dela, baita minorizazio egoera aitortzea ere. Azaldu duenez, baina, zioetan soilik ageri da. Nahasmena eragiten duten puntu batzuk ere badaudela uste du, «zehaztu eta argitu» beharrekoak.

Retozalak ere hortik jo du, eta azaldu legearen aurreko testuinguruan agertzen diren zenbait ikuspegi «desagertu» egiten direla gerora. Era beran, uste du testuak interpretazio «oso baikorra» egiten duela hezkuntzak egin duen euskalduntze prozesuaren inguruan: «Baikorregia». «Oso garrantzitsua da orain arte egin duguna ikuspegi autokritiko batetik aztertzea, ikusteko nondik nora egingo dugun». Trantsizio garairik aurreikusten ez dela ere azaldu du; kezka eragiten dio horrek.

Retolazaren ustez, gainera, legeak kultura zientifikoaren aldeko filosofia jakin bat du, eta euskal kulturari ez dio behar beste ahots edo espazio ematen. «Ikuspegi horren ondorioz, kultur hezkuntza, sormena, eta ideiari, pentsamenduari eta humanitateari dagozkien beste hainbat eremu bazterrean geratu dira». Ezinbestekotzat jo du euskalduntze prozesuan horiek ere txertatzea. Eskisabelek, berriz, haien proposamena zein den azaldu du: euskarak irakats eta ikas hizkuntza normalizatua izan behar du.

Abiapuntu horri segika, hizkuntza proiektuen baliozkotzearen eta ebaluazioaren garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, ikastetxe bakoitzak egin beharko du bere hizkuntza proiektua. Eskisabelen iritziz, kanpo begirada batek baloratu beharko luke helburuak lortzeko egokia ote den, eta kanpo ebaluazioaren beharra ere defendatu du: «Berdintasun eta justizia terminoetan ulertu behar dugu, ez fiskalizazio edo zigortze asmo batekin. Baliozkotzea eta ebaluazioa inportanteak dira». Ados dago Etxenike: «Ez da ikaslea edo ikastetxea ebaluatzeko, sistema bera ebaluatzeko baizik». Hots, berme bat nahi dute, helburuak beteko direla ziurtatzen duena. Halaber, irakasleekin ere lanketa bat egin beharko litzatekeela esan du Retolazak. Zehaztasuna babestu dute, interpretazio okerrak eragozteko.

Euskalduntzearen inguruan, berriz, ñabardura bat egin du Retolazak: «Niretzat, euskalduntzea ez da bakarrik euskara modu funtzional batean jakitea. Izan behar du mundu sinboliko, kultural bati loturiko gaitasun horiek guztiak bereganatzea. Ez dut uste legeak hori bermatzen duenik». Ezagutza eta kontzientzia soziolinguistikoan trebatzeak garrantzi berezia du, haren hitzetan.

Herri mugimenduen beharra

Datua eman, eta galdera bota du kazetariak: gaur egun, EAEko DBH2ko ikasleen %53k hasierako maila dute euskaraz. Behin-betiko legeak zer jaso beharko luke egoera honi buelta eman ahal izateko? Herri mugimenduak nabarmendu ditu Etxenikek. Haren ustez, legea inportantea da, baina, «inpultso sozialik gabe», legerik onenarekin ere ez da nahikoa.

Asmoak lurrera ekartzeko bideen beharra azpimarratu du, berriz, Eskisabelek. Retolazaren ustez, berriz, «filosofia aldaketa oso bat» beharko luke. Erantzuna arrazoitu du: «Besteak beste, euskalduntzeko bide horretan oso garrantzitsua da pentsamendua garatu eta eraikitzea, eta ez daude horretarako tresnak. Euskalduntzeko urrats horietan kultur hizkuntza erdigunean jartzeak beste leku bat emango liguke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.