Bizkaiko eraikuntza

Sakabanatua baina arrakastatsua izan da Bizkaiko eraikuntzako lehen protesta eguna

CCOOren arabera, lantaldearen %80k hartu du parte bost orduko etenaldian. ELAk egun osoko grebara deitu du. Mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, KPIaren araberako soldata bermatu arte.

Elkarretaratzea Ascobi patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, ELAk deituta. MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 9a
13:46
Entzun

Sakabanatuta, baina borrokan ari da Bizkaiko eraikuntzaren sektorea. Gaur izan dute lehen greba eguna, eta lanuzteak antolatu dituzten sindikatuek esan dute parte hartzea «ona» izan dela oro har, nahiz eta bakoitzak bere bidetik antolatu dituen. Bizkaiko eraikuntza sektoreak 30 urtean egin duen lehen greba eguna izan da gaurkoa. Itunak 30.000 langileri baino gehiagori eta 1.100 enpresa ingururi eragiten die.

CCOO da sektorean ordezkaritzarik handiena duen sindikatua (%49), eta bost orduko etenaldia antolatu zuen gaurko: 06:00etatik 11:00etara. Manifestazioa hasi dute 08:00etan, EITBk San Mames ondoan duen egoitzatik abiatuta, eta Ascobi patronalaren egoitza nagusian amaitu dute. Sindikatuaren arabera, lantaldearen %80k hartu du parte lanuztean.

Sektoreko langileen haserrea «agerikoa da», eta horixe frogatu dute goizeko etenaldiak eta protestek. Hala adierazi du sindikatuko Habitateko idazkari nagusi Txema Herrerok. Eta esan du haserre hori «patronalaren ekintzarik ezak» elikatzen duela.

Jendetsua izan da CCOOk antolatutako lanuztea, baina ELA ere «pozik dago». Erantzun ona izan du haiek gaurko deitutako grebak. Sektoreko ordezkaritzaren %32,7 du, eta lanuzteen deialdi guztietan harekin bat egin du LABek. Izan ere, sindikatu abertzalearen ustez, UGT eta CCOO dira «egungo egoeraren erantzule nagusiak», eta egun osoko grebak dira «errealitateari erantzuteko modurik eraginkorrenak».

KPIa itunaren erdigunean

Gaur-gaurkoz, duela bi urte CCOOk eta UGTk sinatu zuten hitzarmena dago indarrean Bizkaiko eraikuntzaren sektorean. Soldatak KPIaren arabera igotzea onartu zuten orduan, 2021erako eta 2022rako. Itun hori oinarri hartuta, %3,7ko igoera eskaini du aurtengo patronalak, eta %2koa hurrengo urterako. Baina sindikatuen ustez, hori «ez da nahikoa».

Desadostasunak desadostasun, negoziazio mahaian parte hartzen duten sindikatu guztiek baldintza bera betetzeko eskatzen diote Ascobiri, zera: Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko langileen soldatak KPIaren arabera igotzea. Herreroren arabera, «ulertezina eta onartezina» da urtero etekin handiak dituen sektore bateko langileek soldata duinak ez izatea. «Langilerik gabe, ez dago eraikuntzarik», ohartarazi du. Harekin bat egin du CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garciak: «Ascobi patronalak irabazi handiak ditu, eta emaitza horiek eragina izan behar dute langileen soldatan, haiek elikatzen baitute sektorea».

Bide beretik jo du ELAk. Berretsi du ez duela onartuko soldatak KPIaren azpitik igotzea, eta ezinbestekotzat jo du mobilizazioekin eta lanuzteekin jarraitzea «hitzarmen duin bat» lortu arte.

Elkarri mokoka

Sindikatu bakoitzak bere aldetik antolatu ditu gaurko lanuzteak, eta hala antolatu dituzte datozenak ere. CCOOk hilaren 16rako antolatu du beste lanuzte bat. Bost orduko etenaldia egingo dute berriro: 06:00etatik 11:00etara. ELAk eta LABek, berriz, 16rako, 19rako eta 20rako antolatu dituzte egun osoko beste hiru greba.

Hiru sindikatuek helburu bera dute: Bizkaiko eraikuntzako langileei KPIaren araberako soldata igoera bermatzea patronalarekin sinatzen duten hitzarmenean. Guztiek ekin diete gaur mobilizazioei, baina bost ordukoa antolatu du batek, eta egun osokoa besteek.

Horiek hala, gaur zabaldutako prentsa oharrean, ELAk «ulergaitzak diren deialdien bidez, sindikatuak desmobilizatzen saiatzea» egotzi dio CCOOri. Are, egungo egoeraren erantzuletzat jo du, hots; ez zituelako bermatu egungo eskakizunak 2021ean UGTrekin batera sinatu zuen itunean.

Berehala erantzun die iruzkin horiei CCOOk. Azken 24 urtean sektoreko itunik ez sinatzea leporatu die Herrerok, eta iradoki du horrek «agerian» uzten duela ELAren postura sindikala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.