Euskadi Irratiko zuzendaritzak «alde bakarrez» erabaki hauek hartu dituela salatu dute langileen ordezkariek: «Uztailaren 3tik irailaren 3ra, Euskadi Irratiak ez du gaueko albiste emankizunik egingo, 01:00etik 04:00etara; astegunetan, 14:00etako eta 19:00etako albistegien iraupena laburtu egingo dute, baita asteburuko albistegiena ere; eta eguerdiko kultur albistegia errepikatu egingo dute arratsaldean».
Miramongo Euskadi Irratiko langile batzordeak eta erredakzio kontseiluak gaitzetsi egin dute zuzendaritzak programazioan murrizketak egitea erabaki izana, eta txartzat jo dituzte horretarako erabilitako irizpideak ere. Zuzendaritzak lantaldearen kontratazio mugei eta erredakzioko barne antolaketari egotzi die programazio murrizketa hori.
Horiek hala, langile batzordeak eta erredakzio kontseiluak zera adierazi dute: «Euskadi Irratiaren trinkotzean eta euskararen normalizazioan ezinbesteko urratsa izan zen duela lau hamarkada euskal gizartean 24 orduko euskarazko informazio zerbitzua eskaintzea. Bestalde, irrati publiko jeneralista eta euskalduna garen heinean, nahitaez behar dugu orduz orduko informazio zerbitzua, baita gauean ere, eta zuzendaritzaren erabakiak helburu horretan atzera egitea dakar».
Langileen ordezkariek, era barean, azaldu dute albiste emankizun laburrak oinarrizkoak direla erredakzioaren barne funtzionamenduan, eta zuzendaritzaren neurriak «etena» dakarrela bai informazioaren katean eta bai lan produkzioan. «Erabaki horiek beste urrats bat dira azkeneko urteetan irratiak jasan dituen murrizketen eta zeregin aldaketen bidean. Eta deigarria da eskaintzaren prekarizazioak bat etortzea inoiz lortutako entzule emaitzarik onenekin». Horregatik guztiagatik, kezka azaldu dute langileen ordezkariek: «Berrogei urteko eskarmentuak erakutsi digu behin galtzen duguna ez dela sekula berreskuratzen».