PILOTA

Unai Laso sei hilabete inguru egongo da jokatu gabe

Baikoko aurrelariari gaur egin diote ebakuntza, hautsita baitzeukan eskuin aldakako labrum hezurra. Lesioaren ondorioz, ez du jokatuko udan, ez Lau eta Erdiko Txapelketa, ez binakakoaren lehen partidak. 

Unai Laso, partida batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 12a
17:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Itxurra txarra zuen lesioak, eta gaur baieztatu da zorigaitzeko albistea: Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997) denbora luzez egongo da jokatu gabe. Baikoko aurrelariak aspalditik zuen min eskuin aldakan, eta horrek ez dio utzi bete-betean aritzen. Horregatik erabaki du ebakuntza egitea.

Gaur egin diote, Gasteizen. Mikel Sanchez buru duen lantaldeak operatu du. Ez da arazorik izan, eta ondo atera da. Hori izan da albiste on bakarra, ebakuntza amaitutakoan Iñigo Simon Baiko enpresako mediku buruak jakinarazi baitu Lasok sei hilabete inguru beharko dituela berriro jokatu ahal izateko. Ez da izan ezusteko albistea, Iosu Eskiroz Baikoko atzelariak lesio bera izan baitzuen duela bi urte, eta ia urte erdiz egon baitzen jokatu gabe.

Sei hilabete denbora asko da, eta zer esanik ez kirolean. Hala, Lasok ez du jokatuko udan, ez Lau eta Erdiko Txapelketa, ezta binakakoaren lehen partidak ere. Lasoren lesioa kolpe latza da pilotariarentzat, Baikorentzat eta pilotarentzat. Izan ere, duela bi urte profesionaletara itzuli zenetik punta-puntan zebilen: txapeldun izan da buruz buru, eta txapeldunorde lau eta erdian eta binakakoan; azken horretan bi aldiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.